Peña II.a lehen bi postuen lehian sartu da

Tolosaldeko Ataria 2021ko mar. 22a, 14:55
Jon Ander Peña, artxiboko irudi batean. EITB

Albisurekin batera Elezkano II.a eta Zabaleta liderrei irabazi diote, goiko postuetako sailkapena estutuz.

Azken txanpan sartzen ari da Binakako Pilota Txapelketaren ligaxka, eta goiko zein beheko partean sailkapena estutzen ari da. Hamabigarren jardunaldian Peña II.ak eta Albisuk 15-22 irabazi diote lider doan Elezkano II-Zabaleta bikoteari, eta zortzigarren garaipena eskuratu dute. Aurkariak oraindik lehen postuan doaz bederatzi garaipenekin, baina gaur gauean jokatzekoa den partidak zeresan handia izango du goiko postuetarako. Altuna III.ak eta Mariezkurrena II.k Urrutikoetxea eta Imazen aurka dute partida, eta amezketarrak eta bere bikoteak irabaziz gero, bederatzigarren garaipena lortuko lukete, sailkapena estutuz. Kontuan izan behar da lehen bi sailkatuak zuzenean pasatzen direla finalerdietara.

Eskualdeko pilotarien beste bi bikoteak beheko postuetan daude, baina asteburu honetan ordena aldatu dute. Jaka eta Martijak 22-19 irabazi diote Olaizola II-Rezustari eta laugarren partida irabazi dute, zazpigarren postuan jarriz, seigarren postuan dauden Urrutikoetxea eta Imazen garaipen kopuru berarekin. Artolak eta Arangurenek galdu egin dute asteburuan, 22-11 Ezkurdia eta Ladis Galartzaren aurka, eta horrenbestez azken postuan daude orain, hiru garaipenekin. Sailkapeneko azken biak lehiaketatik kanpo geratuko dira ligaxka bukatzean. 

Sailkapenerako erabakigarria izan daiteke datorren asteburua, Altuna III.a eta Peña II.a euren aurka ariko baitira, eta Jaka eta Artola ere elkarren kontra ariko dira. 

Promozio mailan, Elizegik ez du jokatu asteburuan eta bere ordez Erasunek jokatu du. Zizurkildarrak Arteaga II.a izan du aurrelari, eta 22-18 galdu dute Dario eta Erostarberen aurka. Hori horrela, Arteaga II.ak eta Elizegik partida bakarra irabazi dute hamabi jardunaldietan eta azkeneko postuan daude.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!