Beste futbol klubak ere hasi dira lehiatzen

Imanol Garcia Landa 2021ko mar. 18a, 18:49

Billabona futbol klubeko gizoneZkoen lehen maila erregionaleko taldea. KARLIS

Gipuzkoako Futbol Federazioak antolatzen dituen liga txapelketak ez dira jokatzen ari denboraldi honetan. Lehiaketarik ez dute jokatu aurreko asteburura arte.

Orain kadete mailakoetatik hasi eta aurrerakoek aukera izan dute, federaziotik antolatu diren ezohiko txapelketetan parte hartzeko. Erabaki horrekin, Villabonako Billabona futbol klubeko eta Zizurkilgo Danena futbol klubeko hainbat taldek partidak jokatu ahal izan dituzte. Tolosa CF-ko talde nagusiak euren ligak jokatzen ari dira, baina orain beste hainbat talde ere lehian hasi dira.

Txapelketa ofizialak badira ere, eta maila bakoitzak bere txapelduna izango du, ez dute liga txapelketa ordezkatuko. Hori horrela, aurten maila horietan ez da jaitsiera ezta igoerarik izango.

Billabonak maila horietan gizonezkoen taldeak ditu bakarrik, eta ondorengo taldeak sartu dira lehian: ohorezko mailako eta lehen mailako kadeteak, ohorezko mailako eta lehen mailako jubenilak, eta senior mailan, gorengo mailakoak eta lehen maila erregionalekoak. Hain justu, azken talde hau, lehen maila erregionalekoa denboraldi honetan jarri da martxan. Klubeko zuzendaritzako kidea den Mikel Aranburuk azaldu duenez, «jubenil mailako jokalariek zaila izaten dute talde nagusira igotzea, nahiko egonkortua dagoelako talde hori, eta ikusi genuen aukera zegoela senior mailan bigarren talde bat sortzeko».

Pozik daude Billabonan taldeak partidak jokatzen hasi direlako. Kezka ere bazuten, ea jokalariak animatuko ziren parte hartzera. Aranburuk azaldu duenez, «hasteko moduan izan gara eta oso pozik gaude jokalariek maila guztietan nola erantzun duten ikusita. Ea orain jarraitutasuna eman ahal diogun».

Danena taldean, gizonezkoetan talde hauek jarri dira martxan: kadeteetan, Euskal Ligakoa, ohorezko mailakoa eta lehen mailakoa; jubeniletan ohorezko mailakoak eta lehen mailakoak, eta nagusietan gorengo milakoak. Emakumezkoetan lehen mailako kadeteak hasi dira. Euskal Ligakoa kadeteetan jokatzen den maila altuena da, Gipuzkoatik kanpoko taldeak ere aurkari dituztela, baina orain arte ez dute jokatu ahal izan.

Jokalariak pozik daudela dio Josu Sarasola Danenako lehendakariak: «Gauza bat entrenatzea da, eta beste bat lehiaketa. Martxoan gaude, eta batzuk denboraldia abuztuan hasi zuten. Gainera, entrenamenduetan ere etenaldiak izan dira. Beraz, behintzat kamiseta jarri eta zelaira jokatzera ateratzea pozgarria izan da».

Tolosa CF klubari dagokionez, hiru talde ari dira liga txapelketa jokatzen: emakumezkoen 1. Maila Nazionalekoak, eta gizonezkoen Hirugarren Mailakoa eta jubenilen Nazional Mailakoa. Asteburuan ezohiko txapelketa hasi dutenak, emakumezkoetan ondorengoak dira: kadeteetan ohorezko eta lehen mailakoak, eta nagusietan ohorezko erregional mailakoa. Gizonezkoetan, berriz, ondorengoak hasi dira: kadeteetan, Euskal Ligakoa, ohorezko mailakoa eta lehen mailakoa; jubeniletan ohorezko mailakoa eta lehen mailakoa; eta nagusietan, gorengo mailakoa.

Klubari lana dezente gehitu zaio, besteak beste, protokoloak antolatzeko. Zentzu horretan, Usabal kiroldegiari eta Tolosako Udalari eskatu diote kanpoko taldeek Usabalen dutxatzeko aukera izatea, lehen jardunaldian ez zaielako utzi. «Guk kanpoan jokatu dugunean asteburu honetan aukera hori eman digute», esan du Onintza Aranaldek, futbol saileko zuzendaritzako kideak. Baiezkoa jaso dute, eta aukera hori izango dute asteburu honetatik aurrera kanpoko taldekoek. Berriro lehiatzeko aukera jokalariek pozik hartu dutela azaldu du Aranaldek: «Hainbeste entrenatu eta entrenatu ondoren, azkenean egindako lana erakusteko aukera dute zelaian».

Talde nagusiei dagokionez, gizonezkoen gorengo mailan hiru klubetako taldeak multzo berean daude. Lehen jardunaldian Tolosak 2-0 irabazi dio Danenari, eta Billabonak galdu egin du 4-3 Beasainen aurka. Emakumezkoen ohorezko erregional mailan, Tolosak galdu egin du 2-0 Zumaiakoren aurka.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!