Josu Artolak lehen postua lortu du Espainiako Kopan

Imanol Garcia Landa 2021ko mar. 18a, 10:55
Josu Artola, Arnedon egindako probaren une batean. MAIALEN IRURETAGOIENA

Hard enduron lortu du garaipena pilotu amezketarrak, senior mailan, Arnedon egindako proban.

Hard enduroko Espainiako Kopako bigarren proba jokatu da asteburuan Arnedon, Errioxan, eta Josu Artolak senior mailan irabazi du proba nagusia. Proba horretan ere lehiatu da Alberto Aranburu tolosarra, baina ezin izan zuen amaitu matxura bat izan zuelako. Trofeo mailan, Jon Ander Rodriguez alegiarra laugarren izan da master 35 mailan, eta Andoni Elustondo tolosarrak 11. postuan amaitu du senior mailan.

Artolak bere proba hirugarren bukatu zuen, baina lehen bi sailkatuak profesionalak mailakoak dira. Larunbatean izan zuten sailkapen proba, eta ez zitzaion ondo joan Artolari: «Azeleragailuarekin arazoak izan nituen eta justu-justu sailkatu nintzen lehen multzoan ateratzeko». Igandean izan zuten proba, eta irteeran pilotu asko erori ziren, tartean Artola bera. «Baina gero oso eroso sentitu nintzen lasterketan eta pilotu asko gainditu nituen. Lasterketaren erditik aurrera erorikoa izan nuen, eta ihes hodia izorratu zen, baina lortu nuen nire postuari eustea, eta oso gustura geratu nintzen bi profesionalen atzetik bukatuta».

Aranburuk asteburu gorabeheratsua izan zuen. Larunbateko sailkapen proban «oso gustura» amaitu zuen: «Lehen multzoan sartu ahal izan nintzen asko estutu gabe. Igandeko proban, hasieran izan zen istripuak ez ninduen eragin eta lehenengo itzulian lehen postuan jarri nintzen. Gero beste mailan dauden pilotuek pasa egin ninduten, eta laugarren edo bosgarren nindoan, oso sentsazio onekin. Baina leku batean erori egin zitzaidan motoa, enbrageko bonba puskatu zitzaidan, eta ezin izan nuen karreran segi». Egoera horrek «asko izorratu» zuela gaineratu du Aranburuk, baina, bestalde, probetan horrelakoak ere gertatzen direla dio.

Rodriguezek lehen proban lortutako postu bera errepikatu du oraingoan ere. «Ibilbidea oso motela zen, trial motakoa, oztopo askorekin. Larunbateko sailkapenean laugarren egin nuen eta gustura geratu nintzen, pentsatuz igandean hobetu nezakeela, baina ez zen horrela izan». Proban bertan oztopo batzuetan pilaketak gertatu ziren: «Atzean geratu nintzen eta nire mailan laugarren egin nuen, baina sailkapen orokorrean 41. postuan geratu nintzen». Rodriguez motokrosean ere aritzen da, eta orain gutxi Nafarroako Txapelketako proba batean hirugarren egin zuen master mailan.

Elustondori ez zitzaion nahi bezalako proba atera. «Ez nuen esperotako maila eman», azaldu du tolosarrak. «Bai larunbatean zein igandean gaizki ibili nintzen eskuko hatzetatik eta besoetatik, eta horrek eragina izan zuen lasterketan». Bi orduko lasterka izan zen eta sufritu egin zuen: «Ez nuen ez gozatu eta ezta nire maila eman ere».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!