«Begiratu hutsarekin elkar ulertzen dugu oholtza gainean»

Jon Miranda Labaien 2021ko mar. 18a, 19:59

Kepa Junkerarekin ‘Sorginak’ taldean ibilitako beste bost kiderekin batera Neomak taldea sortu dute; Berrituta datoz, gogo handiz hartu dute berriro agertokia, elkarrekin duten konplizitatea musika bidez adierazteko asmoz

Txikitatik ezagutzen dute elkar Maria Lasak (Zizurkil, 1997) eta Garazi Otaegik (Asteasu, 1998). Lehena trikitiarekin eta bigarrena panderoarekin txapelketetan ibili ziren aurrena, gero Sorginak taldean eta orain, berriz, Neomak-en.

Noiz eta nola sortu zen Neomak taldea?

Garazi Otaegi: Arrasaten urrian emanaldi bat eskaini genuen, pieza batzuk jotzeko eskatu zigutelako. Gero Altsasun, Nafarroako Trikitixa Elkarteak antolatutako jaialdirako beste hiru kantu prestatu genituen eta entseguetan ari ginela piztu zitzaigun harra. Ikusten genuen elkarrekin zerbait berria egiteko gogoa bagenuela, eta martxo hasieran Eskoriatzan eskaini genuen kontzertuan Neomak bezala aurkeztu genuen geure burua.

Maria Lasa: Gogoa sortu zaigu musika proiektu honekin aurrera egiteko; ilusio handia dugu.

Zuekin batera, beste bost taldekidek osatzen dute Neomak. Zeintzuk dira?

M.A.: Arrasateko hiru lagun daude taldean, Irati Gutierrez, Amets Ormaetxea eta Leire Etxezarreta. Alaitz Eskudero debarrak eta Eneritz Aulestia zarauztarrak osatzen dute taldea. Denak gara Kepa Junkerarekin Sorginak izenpean ibilitakoak eta orduan sortutako laguntasunak bultzatuta sortu da Neomak.

Duela bi urte pasatxo halabeharrez eten zen Sorginak taldea. Ordutik mantendu duzue harremana elkarrekin?

G.O.: Bai, noski. Lagunak gara. Sorginaken ibili ginen garaiak asko eman zigun, musikalki eta baita pertsonalki ere. Bazkaltzeko, afariak egiteko edo kafe bat hartzeko geratu izan gara.

Eta zuek ere etena egin al duzue musika munduan?

M.A.: Ni, adibidez, trikiti eta pandero klaseak ematen aritu naiz denbora honetan. Badakit Eneritz Julen Alonsorekin ibili dela, Ametsek eta Iratik elkarrekin egin dituzte gauzak musika munduan eta baita Leirek ere, gitarrarekin. Alaitz, erromeri talde batean ibili da bi urte hauetan.

G.O.: Ni pertsonalki nahiko geldirik egon naiz. Uste dut beharra nuela musikaren mundu hau albo batera uzteko, denbora batean behintzat.

Nola piztu da berriro ere oholtza gainean elkarrekin aritzeko txinparta?

M.A.: Uste dut gure artean konexio handia dugula. Elkarrekin oso ondo moldatzen gara, begiratu hutsarekin elkar ulertzen dugu oholtza gainean. Sentsazio ederra da hori eta zergatik ez berreskuratu?

G.O.: Konfiantzaz hitz egiten diogu elkarri eta gauza garrantzitsua da hori talde bezala funtzionatzeko.

Zazpi lagunek osatzen duzue taldea. Nola moldatzen zarete entsegutarako?

M.A.: Emanaldiak hitzartuta eduki ditugunean, entseguetara mugitzeko baimena izan dugu. Deban, Arrasaten edota hemen Zizurkilgo Herrigunean bildu izan gara.

G.O.: Egia da, lehenaz gainera, pandemiagatik gauzak zaildu zaizkigula, mugikortasuna mugatu zaigunean alde batetik bestera mugitzeko zailtasunak izan ditugu. Ahal denean eta ahal den tokian biltzen ibili gara. Bestela, Whatsapp talde bat badugu eta norberak pertsonalki dauzkan ideiak bertan botatzen ditu, bai melodiak eta baita letrak ere. Proposamenak egiteko baliatzen dugu taldea.

Denen artean sortzen dituzue pieza berriak?

M.A.: Bai. Norberetik abiatuta komunean jartzen ditugu ideiak. Garazik, esate baterako, pieza berri horietako bati hitzak jarri dizkio.

G.O.: Bai. Konfinatuta egon ginen garaian, fandango baten erritmoaren gainean bertso batzuk idatzi nituen. Oso metaforikoak dira eta emakumea, amatasuna, estereotipoak eta horrelako gaiak ditu hizpide.Taldeko gainerakoei gustatu egin zitzaizkien eta bertso horien gainean pieza berri bat sortu dugu.

Nola definituko zenukete  egiten duzuen musika?

G.O.: Trikitia eta perkusioarekin osatutako errepertorio bat eskaintzen dugu, folk tradizioa oinarri duena baina buelta pare bat eman eta gure terrenora ekarrita. Oinarri tradizionaletik abiatuta beste eragin batzuk nahasten ditugu gure musikan.

Trikitia eta panderoa dira instrumentu bakarrak?

G.O.: Bai. Perkusio instrumentu ezberdinak erabiltzen ditugu, ez bakarrik panderoak. Taldeko hiru kidek jotzen dute trikitia baina gure errepertorioan badira soinu txikirik gabeko piezak eta horietan denak aritzen gara perkusiozko instrumentuekin.

M.A.: Eta gero ahotsa. Zazpiok kantaten dugu.

Zuek biak ume-umetan hasi zineten trikiti txapelketetan.

M.A.: Bai, gu biak elkarrekin aritzen ginen txapelketa horietan, baina taldeko gainerako kideak ere tokatu izan zitzaizkigun, askotan lehiakide bezala. Oinarri hori hor dago, baina denbora tarte honetan asko ikasi dugu eta gutako bakoitzak egokitu du bere estiloa beste eragin horiekin guztiekin. Garapen bat bezala ikusten dut.

G.O.: Bakoitzaren gustuak zeresan handia du, baina jakin dugu norberaren berezkotasun hori kolektiboan jartzen taldearen mesedetan.

Neomak. Zer esan nahi du izenak?

M.A.: Grezieraz ilargi berriak esan nahi du hitz horrek. Nahikoa komeria izan genituen izena aukeratzeko baina hitzaren soinuagatik egokia iruditu zitzaigun. Doinuagatik eta esanahiagatik ere bai; lagun zaharrak garela esaten dugu, eraberrituta gatoz, proiektu berri batekin eta beste heldutasun batekin. Lagun zaharrak eta ilargi berriak gara.

Aurrera begira, baduzue emanaldirik hitzartuta?

M.A.: Esan beharra dago maiatza eta ekaina ingururako baditugula asmoak, baina ezin dugu gehiegi aurreratu, oraingoz behintzat.

G.O.: Dena den, gu prest gaude emanaldiak eskaintzeko eta gurekin harremanetan jarri nahi duenak Instagramen topatuko gaitu. Hor dago gure helbide elektronikoa eta idatziz gero gustura asko erantzungo dugu.

Zein testuingurutan eskaintzeko modukoa iruditzen zaizue zuen emanaldia?

M.A.: Uste dut areto mota ezberdinetara moldatzeko modukoa dela. Gurea ez da erromeri talde bat eta zentzu horretan eserita egoteko gaur egun antolatzen diren kontzertu horietara ere molda gaitezke.

G.O.: Guk prestutasuna eta gogoa dugu jotzeko. Taldekideon artean banatzen ditugu gainera lan guztiak, komunikazioa, kontratazioa, azpiegiturak lortzea, eszenografia... Geure neurrira moldatu dugu emankizuna.

Etorkizunean diskorik grabatzeko asmorik baduzue?

M.A.: Batek daki. Oraindik goizegi da ezer esateko. Urrian berriro elkarrekin jotzeko elkartu eta otsailerako taldea osatzea erabaki genuen. Lehenengo pausoak baino ez ditugu eman. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!