%48ko okupazioa aurreikusten dute zubirako

Tolosaldeko Ataria 2021ko mar. 17a, 18:30
Iturria: Gipuzkoako Foru Aldundia

Nekaturrek emandako datuen arabera, eskualdeko landa ostatuetan pozik daude jasotzen ari diren eskaerekin; Aste Santurako eskualdeko ostatuen %80a beteta dago.

Pandemiaren eraginez ezarritako itxialdi eta mugak direla eta, turismoari lotutako sektoreak galera handiak izan ditu. Orain arte ezin izan da herrietatik atera, baina Labiren azken erabakiaren arabera, EAE mailan mugitu ahal da eta horrek landa ostatuetako erreserbak ekarri ditu. Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako landetxeak biltzen dituen Nekatur elkarteko Idoia Ezkurdia kudeatzaileak esan duenez, Labiren neurriaren berri izan bezain pronto erreserbak «sartzen hastea» ekarri du. «2020a oso urte zaila izan da, eta baita 2021eko lehen hilabeteak ere. Urritik gaude mugekin eta bezeroak galtzea ekarri zuen. Martxotik gatoz gainera, oso luzea izan da», esan du.

Tolosaldean 14 bat kide ditu Nekaturrek eta horietan erreserba asko jaso dituzte azken egunetan. Martxoaren 19ko zubirako %48ko okupazioa aurreikusten dute eta Aste Santurako, apirilaren 1etik 5era, jada dauden plazen %80 beteta dagoela esan du Ezkurdiak. «Erreserba eskaerak etengabeak izaten ari dira eta azken momentuan mugimendu asko aurreikusten dugu», gaineratu du. 

Nekaturreko kideak esan du pozik daudela eskuartean dituzten datuekin, nahiz eta ez den normaltasun batean izango lituzketen eskaera kopuru bera. «COVID-19aren testuinguru honetan gure ostatu motak eskaera dezente ari da jasotzen, muga hauen aurrean jendeak arnastu nahi du, lasaitasuna, natura... eta gure ostatuetan lortu daiteke hori». 

Aste Santua
Aste Santua dute jomugan, dena den. Okupazioa oso altua da jada eta oso datu ona dela esan du Ezkurdiak: «Dugun azken erreferentzia 2019koa da eta orduan Tolosaldeko landa ostatuetan %83ko okupazioa izan genuen, beraz oso pozik gaude». Tolosaldea oso ondo kokatuta dagoela dio Ezkurdiak eta horretaz gain, baliabide natural garrantzitsuak dituela dio; «Tolosa hor dago, baina mendia dago, herri txiki asko, baliabide ugari... Donostiatik gertu dago gainera, eta eskaera asko hortik iristen dira».

Euskadi mailan antzeko datuak daudela dio eta Aste Santurako okupazioa %84koa dela esan du. «Kontuan izan behar da hala ere, Gipuzkoan %82a dela. Beraz Tolosaldeko datua oso ona da».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!