Tolosaldeko ospitale publikoa

Eskualdeko ospitalerako prozesu parte hartzaile bat exijitu du Topa-k

Josu Artutxa Dorronsoro 2021ko mar. 17a, 07:59

Herritar orok prozesuan parte hartzea beharrezkoa dela uste dute: "eskualdeko osasun arloko sektore guztietako ordezkariek izan behar dute ahotsa ekimen honetan".

Tolosaldeari "EAEko gainerako eskualdeek jasotzen duten osasun-arretaren antzeko kalitatea bermatuko duen kudeaketa publikoko eskualdeko ospitalea falta" zaiola eskatzen jarraitzen dute Tolosalde Osasun Publikoaren Alde (TOPA) plataformako kideek. Hala ere, bide ilunaren amaieran, argi izpi txiki bat ikusten dute. "10 urtez baino gehiagoz, eskualdean osasun-arreta publiko eskasa jasotzen ari ginela ukatu ondoren, dirudienez, orain badugu adostasun bat, indar politiko guztien artean".

Agintariek hori iragarri ondoren, apurka, komunikabideetan albisteak agertzen hasi direla adierazi dute: "Batetik, plan funtzional bat egin behar dela; bestetik, 25 alkatek, lanerako mahai bateratu bat osatu nahi dutela, ordezkari politiko, sozial eta sindikalekin; horrez gain, ospitale berria non eraiki ote daitekeen aztertzen ari direla; eta azkenik, alderdi bakar batzuek bilera diskretu batzuk izan dituztela osasun sailburuarekin".

Albisteak alde batera utzita, oraindik ere Tolosaldearentzat "hain garrantzitsua" den gaiari nola heldu erabakitzeko «desadostasunak» daudela esan dute. 30 urtetan, adituek landutako "bi konponbide magiko" jasan behar izan dituztela esan dute: Asuncion klinikaren kontzertua eta plan asistentziala jasotzen zuen anbulatorioko espezialitateak desagertzea. "Konponbide horiek ez dute lortu Tolosalderako kalitatezko osasun publikoa, EAEko gainerako eskualdeen pare jarriko gintuena. Halaber, ez dugu ahazten konponbide haiek ez zirela ez eztabaidatu, ezta eskualdeko indar politiko, sozial eta sindikaletako ordezkariekin adostu ere. Eta noski, ez zen gardentasunez jokatu, ez justifikaziorik eman orduan hartu ziren erabakiei buruz".

Gardentasuna, sendagai onena

Mugimendu sozial modura, herritar orok mobilizazioetan parte hartzea "behar-beharrezkoa" dela uste dute TOPAtik. "Horregatik, eskualdean ospitale publikoa eratzearen prozesua erabat parte-hartzailea izan behar duela exijitzen dugu. Erabateko kontsentsua duen ekimen batek soilik funtzionatuko du, eta osasun arloko sektore guztietako ordezkariek izan behar dute ahotsa ekimen horretan. Joera politiko guztietako ordezkariek bat egiteko eta eskuz esku lan egiteko gune bat izan behar du, hartzen diren erabakiak gardentasun osoz agertuko dituena".

Azkenik, TOPAtik uste dutenez, partaidetzaren eta gardentasunaren bidez soilik eman dakioke "behin betiko konponbidea eskualdeko osasun-arazo neketsu eta penagarri honi".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!