Aukeratu dituzte 111 Akademia Saria eskuratzeko hautagai diren bost lanak

Ataria 2021eko martxoaren 17a

Luis Garderen 'Aireportuko musika', Pello Lizarralderen 'Argiantza', Uxue Alberdiren 'Dendaostekoak', Idoia Garzesen 'Mendiko gaitza' eta Joxean Agirreren 'Nobela errealista bat' dira bost obra hautatuak. Martxoaren 26a baino lehen bidali beharko dute akademiakideek horietako baten aldeko botoa. 

 

2020. urteko 111 Akademiaren Saria erabaki ahal izateko 111 Akademiak amaitu du bere lehenengo bozketa txanda, urtarrilaren erdian martxan jarri eta otsailaren 26ra arte zabalik eduki duena. Lehenengo bozketa txanda horretan botorik gehien jaso duten obrak ondokoak izan dira: Luis Garderen Aireportuko musika, Pello Lizarralderen Argiantza, Uxue Alberdiren Dendaostekoak, Idoia Garzesen Mendiko gaitza eta Joxean Agirreren Nobela errealista bat.

Beraz, 2020. urtean euskal literaturak utzitako uzta zabaletik bost horiek izan dira urteko libururik gogokoena hautatzeko bidean lehenengo bozketa txanda gainditu eta bigarrenera igaro direnak. Martxoaren 26a baino lehen bidali beharko dute akademiakideek horietako baten aldeko botoa. Bigarren buelta horretan libururen batek jasotako botoen %40a bereganatuko balu, 111 Akademiak huraxe izendatuko luke 2020ko saridun. Kopuru horretara iristen den lanik ez balego, berriz, bi bozkatuenak finalera pasako lirateke.

Lehenengo bozketa txandan 92 akademiakidek eman dute botoa. Urtero bezala, bigarren eta, halakorik balego, hirugarren txandetan kopuru horrek gora egitea espero dute akademiako arduradunek, bozketek aurrera egin ahala handitzen joaten baita irakurketan eta ondoriozko bozketan parte hartzen duten akademiakideen kopurua.

Akademiak, apirilaren azkenean emango du ezagutzera liburu gogokoenaren izena. Sari emate ekitaldia Beterri-Aiztondoko herri batean egin ohi du 111 Akademia Sariak, baina iaz, esate baterako, bertan behera geratu zen ekitaldia osasun egoera zela-eta.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!