Atarikideek onura  izango dute aurtengo errenta aitorpenean

Ataria 2021eko martxoaren 16a

Eskualde mailako euskarazko hedabideak lehentasunezko  jardueretan sartu ditu aldundiak, ondorioz Atarikideek %30eko hobaria izango dute; ogasunak jakinarazpena igorriko die harpidedunei.

Gipuzkoako Foru Aldundiak interes orokorreko xedeen esparruan lehentasunezkotzat jotzen diren jardueren zerrenda bat egiten du ekitaldi bakoitzeko, entitate onuradunak zein diren eta jarduera horiei zer beharkizun eta baldintza bete behar dituzten zehaztuta. 2020ko urriaren 6ko 11/2020 Foru Dekretuan zehaztu zituzten 2020rako lehentasunezko jarduerak. Euskararen esparruko lehentasunezko jardueretan aurten lehen aldiz herri eta eskualde mailako euskarazko hedabideak zehaztu zituzten. Horiek horrela, Tolosaldeko Ataria-k lehentasunezko jarduera izendatzeko pausoak eman zituen eta horiek onartuak izan ziren. Ondorioz, Tolosaldeko Ataria lehentasunezko mezenasgo jardueretan sartu da. 

Mezenasgoa
Entitate onuradunak, kasu honetan Ataria-k, 2020ko urtean zehar zenbait jarduera eta programa egin dituela adierazi du,  2020. urterako mezenasgoko lehentasunezko jarduerak aitortuz eta ezarritako betebeharrak betez. Horrela onartu dute diputatu nagusiaren foru dekretu bidez. 

Atarikide guztiek, hau da Tolosaldeko Ataria-ren harpidedunek, 2020. ekitaldian egindako ekarpenaren araberako onura fiskal bat jasoko dute aurtengo errenta aitorpenean. 3/2004 foru arauan araututako lehentasunezko jarduerek %30ko kenkaria dutela zehazten dute. 

Hau da, Atarikide harpide batek 82 euroko kuota ordaindu badu horren %30a bueltatuko dio ogasunak aurtengo errentan. Atarikide Digitalen kasuan ere berdin, 50 euroren %30. Onura hori onartua izan dela dioen gutun bat jasoko dute Atarikideek etxean, jakinarazpena besterik ez da, ogasunak adierazi du zuzenean gurutzatu dituela datuak eta beraz Atarikideek ez dute inongo izapiderik egin beharko. 

Lehen urtea denez baliteke daturen bat oker egotea, horrela bada Tolosaldeko Ataria-ri jakinaraztea eskertuko luke, datuak zuzendu ahal izateko.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!