Dementzia dutenen gaitasunak sustatzen

Tolosaldeko Ataria 2021ko mar. 12a, 11:59

'Dementzia Bizitzen' programa «komunitario eta integratzailea» aurkeztu du Buru Bihotzez elkarteak, dementzia duten pertsonei laguntzeko; arlo fisikoa, sentsoriala eta psikologikoa landuko dituzte bertan.

Dementzia dutenen eta haien ingurukoen bizi kalitatea hobetzeko programa bat prestatu dute Igone Etxeberria Psikologia Fakultateko irakasle eta ikertzaileak eta Asier Arrizabalaga fisioterapeutak: Dementzia Bizitzen. Zahartzaroa Geriatria eta Gerontologia Euskal Elkarteko koordinatzaileak dira biak, eta proiektu pilotua Tolosan abiatu nahi dute, Tolosaldeko eta inguruetako jendearen parte hartzearekin, uda ostean. Joan den astean aurkeztu zuten programa, Tolosaldean dementziaren inguruan lanean ari den Buru Bihotzez elkartearen laguntzarekin.

Proiektu "komunitario eta integratzaile bat" prestatu dute, euren etxeetan bizi diren eta dementzia duten pertsonei begirakoa. Boluntarioek, ikasleek, profesionalek eta dementzia duten pertsonen familiek ere har dezakete parte esku hartzean. Hiru hilabeteko iraupena izango du programak, eta astero ordu eta erdiko hiru saio egitea aurreikusi dute.

Helburu jakin bat du programak, Arrizabalagak azaldu duenez: "Hau ez da soilik dementzia duten pertsonen bizi kalitatea hobetzeko; inguruan duten sarearen bizi kalitatea hobetzea ere bada helburua, hau da, senitartekoena. Izan ere, zuzeneko esku hartzea dementzia duten pertsonekin egiten bada ere, haien bizitza kalitatea hobetuz, ingurukoen bizitza ere hobetu egiten da zeharka".

Hori lortzeko, dementzia duten pertsonek dituzten gaitasunak sustatu nahi dituztela argitu du Etxeberriak: "Psikologook, askotan, gaixotasunean zentratu ohi gara, baina guk horiek dituzten gaitasunetan jarri nahi dugu indarra, eta esku hartze hau gaitasunen inguruan eraiki dugu".

Mugitu, sentitu, gogoratu

Hiru ataletan landu nahi dute proiektua: Mugitzen, Sentitzen eta Gogoratzen; horiekin, arlo fisikoa, sentsoriala eta psikologikoa landu nahi dituzte. Dementzia aurrera doan heinean, gaitasun funtzionalean murrizketak gertatu ohi direla dio Arrizabalagak. “Mugitzeko gaitasunak behera egitean, bizi kalitateak ere behera egin ohi du, eta, aldi berean, gaitasun kognitiboa ere norabide berean abiatzen da”, azaldu du. Fisikoki ondo mantenduz gero, kognitiboki daukaten gastatze hori atzeratu egin dezaketela diote biek.

Horretarako, Mugitzen atalean, dementzia duen pertsona bakoitzari egokitutako ariketak prestatuko dituzte. Ariketa horiek hiru eremutan lantzeko aukera aztertu dute: barruan egingo diren saioetan, aire zabalean egingo direnetan, eta uretan. Barruko saioetan, oraindik oinez ibiltzeko gai diren pertsonekin erorikoak prebenitzeko egingo dute lan; izan ere, Arrizabalagak azaldu duenez, dementzia duten pertsonek hiru aldiz arrisku handiagoa dute erortzeko 75 urtetik gorako beste adinekoekin alderatuta. Aulki gurpildunean daudenek, berriz, artikulazioak mugitu ahal izateko makina batzuen bidez izango dute ariketak egiteko aukera. Aire zabalean ibilaldiak egiteko asmoa ere badute, betiere fisioterapeuta baten laguntzaz, eta, uretako saioei dagokienez ere, mugimendua landuko dute, "hainbat faktore dela medio, uretan mugimendua errazagoa baita".

Sentitzen atalean, terapia ezberdinak egitea aurreikusi dute, estimulazio sentsoriala garatzeko. Adibidez, musika terapia eta animalia bidezko terapiak egingo dituztela esan du Etxeberriak. "Frogatuta dago, esaterako, musikak eragin positiboa duela dementzia duten pertsonengan, kognitiboki, baina, bereziki, haien portaera eta jokaeretan. Izan ere, aldartearen nahasteak ohikoak dira pertsona horiengan; apatiko, triste, haserre edo urduri ikusi ohi ditugu maiz, eta hori kudeatzen lagunduko dugu atal honetan".

Azkenik, Gogoratzen atala prestatu dute. Orain arte landu izan diren programa klasikoetatik ihes egin nahi dutela esan du Etxeberriak. "Papera eta arkatza hartuta egin izan dira betiko ariketak, baina harago joan nahi dugu orain: guk prestatuko dizkiogu ariketak pertsona bakoitzari, bere beharren arabera". Horretarako, bakoitzaren bizitzari egingo diote jaramon, eta zer afizio dituen, zer lanbide izan duen, bizitza estiloa zein izan duen eta beste hainbat informazio eskuratuko dituzte. Hau da, azaldu dute bizitzan zehar pertsona horrek egin dituen ekintzekin lotutako ariketak prestatuko dituztela; izan daiteke joskintza, eskulanak, sukaldaritza, etxeko lanak… "Eta esku hartzean ekintza horiek pertsona kognitiboki bizkortzeko erabiliko ditugu, eta, era berean, oroimena, hizkuntza, arreta eta bestelako funtzioak indartuko ditugu".

Proiektu pilotua amaitzen denean, balorazio bat egingo dute, eta asmoa da inguruko herrietan ere martxan jarri ahal izatea. Horretarako, parte hartzaileak behar dituzte: batetik, dementzia duten pertsonak, eta, bestetik, proiektuan parte hartzera animatuko diren boluntario eta ikasleak. Buru Bihotzez elkartearekin jarri beharko da harremanetan, 688-76 09 27 telefono zenbakian.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!