Aiztondo Klasikoa aurtengoan egingo da

Tolosaldeko Ataria 2021ko mar. 11a, 19:58
Orain bi urteko Aiztondo Klasikoaren une bat.

Igande honetan izango da proba, eta Asteasun hasi eta Zizurkilen bukatuko da.

Aiztondo Klasikoa, bere XVII. edizioa, igande honetan egingo da. Asteasutik atera eta Zizurkilen izango du helmuga, Elbarrenan, futbol zelaiaren parean. Iazkoa egitea ez zen posible izan, oso gutxigatik. Hain justu, konfinamendua hasi zen asteburu horretan bertan zen egitekoa, baina azkenean bertan behera geratu zen. «Aurtengoa, behintzat, ez bada azken momentuko ezer gertatzen, eta ez dugu espero, igande honetan egingo da», zehaztu du Joxe Ramon Aiertza antolakuntzako kideak. «Iaz, martxoaren 15ean genuen, igandez, eta ostiral goizean lasterketarekin aurrera egiteko asmoa genuen, ez zegoen inongo agindurik gelditzeko. Gero, arratsalde partean eta larunbatean esan zitzaigun bertan behera gelditu behar zela».

Iazkoa kolpe handia izan zen. «Aurten gogo handiagoz hartu dugu prestaketa», esan du Aiertzak. «Gure helburua da hemen bailaran lasterketa garrantzitsu bat izatea, eta aurreko urtean ezin izan genuen. Data ere aldatzea pentsatu genuen, eta urri aldera jartzea, baina eskatzen zitzaizkigun baldintzak ez betetzeko arrisku handia ikusten genuen, eta azkenean ez genuen orduan antolatu. Aurten gogo askoz gehiagorekin hasi gara eta ea lasterketa on bat ateratzen den eta dena ondo joaten den».

Ibilbideak 146 kilometro izango ditu, eta 10:00ak aldera aterako da. Asteasutik Villabona zeharkatu eta Tolosa aldera egingo dute txirrindulariek. Txarama aldetik Altzo igoko dute, eta ondoren Alegiatik Ordiziara joango dira. Gero, Zaldibia aldera egingo dute eta Larraitz igo ondoren, Amezketara jaitsi eta gero berriro Altzora igoko dira. Hortik Aiztondo bailara aldera joango dira eta zuzenean Alkizara igoko dira. Gero, Aiztondo bailarako zirkuituari lau itzuli emango dizkiote. Eta aurtengo berritasuna azken kilometroetan igoko duten aldapa motz baina pikoa izango da: hilerriko bidetik Zizurkilgo herrigunera igoko dira, %20ko pendizera inguratzen diren tarteekin.

Aiztondo Klasikoa afizionatu mailako Espainiako Kopako egutegian dago, eta gainera aurten lehen proba izango da, aurretik egitekoak ziren bi probak atzeratu egin baitira. Estatuko talde eta txirrindulari onenak izango dira bertan, eta Unai Iribar txirrindulari ibartarrak, Laboral Kutxa taldekoak, bere aukerak izan ditzake lehen postuetan helmugaratzeko. Publikoari dagokionez, irteera eta helmuga guneak itxita egongo dira zaleentzat. Ibilbidean zehar jende pilaketak ez sortzeko, distantzia mantentzeko eta musukoa jantzita izateko eskatu du antolakuntzak.

Aiztondo Klasikoa zuzenean ikusteko aukera dago lotura honetan

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!