Lauburu eta Laskorain, bigarren fasera begira

Ataria 2021eko martxoaren 11

Lauburu Ibarra taldeko jokalariak gol bat ospatzen. GARAZI ARREGI

Lauburu Ibarrak lehen postuan bukatu du lehen fasea. Laskoraini partida bat falta zaio fase hori bukatzeko.

Areto futboleko denboraldia, 2. B mailan, bere erdigunera iristear da. Lehen fasea bukatu dute Lauburu Ibarra taldekoek, lehen postua zuen Otxartaberi irabazteaz gain, sailkapeneko aurreneko lekua kenduz. 34 puntu ditu talde moreak. Laskorain taldeari, bere aldetik, lehen fasea bukatzeko partida bat falta zaio jokatzeko, bere momentuan atzeratu egin zena. Kukuyaga taldearen aurka jokatuko du, larunbat honetan, Usabalen. Une honetan 11 puntu ditu Laskorainek eta 6. postuan dago, eta Kukuyagak puntu kopuru bera du eta 7. postuan dago. Partida erabakigarria izango da, beraz, tolosarren etorkizunerako, bigarren faserako aurkari zuzena izango baitu Kukuyaga taldea.

Lehen fasean lortutako puntuek bigarren faserako balio dute. Martxoak 27 eta 28ko asteburuan hasiko da bigarren fasea. Lauburu eta Laskorain taldeko azpimultzoko lehen lau taldeak eta beste azpimultzoko lehen lau taldeak jokatuko dute bigarren fasea, ligako lehen postuak erabakitzeko. Lauburu izango da, noski, horien artean. Beste azpimultzoko lau taldeen aurka jokatu behako ditu partidak, etxean zein kanpoan. Behin liga amaitzerakoan, lehen bi sailkatuek igoera fasea jokatuko dute, eta lehenengo lauek hurrengo denboraldian Errege Kopa jokatuko dute.

Laskorainek, bere aldetik, beste multzoan lehiatuko du bigarren fasea, hau da, mailaz ez jaisteko borrokatuko direnena. Bere azpimultzotik lau talde izango dira, eta beste azpimultzotik bost talde. Hain justu, bost talde horien aurka jokatu beharko du Laskorainek, bai etxean zein kanpoan. Bederatzi talde horietatik azken bost sailkatuak jaitsiko dira mailaz. Laskorain azken partidetan puntuak pilatzen ari da, bost neurketetatik hiru irabaztea lortu baitu, eta gogoz borrokatuko da maila mantendu ahal izateko.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!