'Ombuaren itzala' aurkezteko saioak egingo dira datorren astean

Ataria 2021eko martxoaren 12a

Martxoaren 16an Amasa-Villabonan eta martxoaren 17an Zizurkilen eta Tolosan egingo dira aurkezpen saioak.

Eguzki Art Zinema ekoiztetxeak urteak daramatza Ombuaren itzala filma gauzatzeko ahaleginetan. "Hainbat oztopo eta zailtasunen artean aurrera doa proiektua, ahanzturatik aldenduz, Pello Mari Otañoren bizitzak eta obrak geure memoria kolektiboan merezi duen eran txertatutik iraun dezan", esan du Patxi Bisquert ekoizle eta aktore zizurkildarrak.

Auzolanean gauzatu nahi dute filma, "herrigintzan sortzen eta loratzen baitira proiektu bizigarrienak, erakunde eta plataforma handien babesik gabe". Otaño hil zela 111 urte betetzen dira datorren urtean eta ordurako filma amaituta egotea da ekoizlearen desira: "Denon artean lortu dezakegu".

Proiektua aurkezteko ekimenak antolatu ditu Patxi Bisquert gure eskualdean, Larramendi Bazkuna, Hernandorena kultur elkartea eta Galtzaundi euskara taldearen laguntzaz. Lau herrietako udalen babespean egingo dira aurkezpenak:

  • Martxoak 15, astelehena

18:00. Andoaingo Basteroko aretoan.

  • Martxoak 16, asteartea

18:00. Amasa-Villabonako Gurea aretoko gelan.

  • Martxoak 17, asteazkena

18:00. Zizurkilgo Iriarte kultur etxean.

20:00. Tolosako kultur etxean.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!