Ogasunak gipuzkoarrei eman zien aurrez aurreko arreta %42,9 jaitsi zen iaz

Tolosaldeko Ataria 2021ko mar. 11a, 13:37
Ogasuneko foru diputatua, Jokin Perona, eta Ogasuneko zuzendaria, Irune Yarza, lurraldeko bulegoen eta Tolosako bulegoko arduradunarekin solasean

Pandemiaren eraginez nabarmen jaitsi da aurrez aurreko arreta, eta telefono eta internet bidezkoak handitu dira. Tolosako bulegoan, 11.146 pertsona izan ziren pasa den urtean, 2019an baino %38 gutxiago.

Gipuzkoako Foru Ogasunak pasa den urteko balantzea egin du, eta nabarmendu duenez, pandemiaren eraginez %42,9 jaitsi zen aurrez aurreko arreta bulegoetan. Zehazki, 100.947 pertsona artatu zituzten bulegoetan iaz. Tolosako bulegoaren kasuan, 11.146 pertsona izan ziren, aurreko urtean baino %38,1 gutxiago.

Jokin Perona Ogasun eta Finantza diputatua Ogasunak Tolosan duen bulegoan izan da, eta esan duenez, "10etik 9,01eko notarekin baloratu dute herritarrek bulegoetan jasotako zerbitzua, gehien baloratzen duten zerbitzuetakoa da, beraz". Aurrez aurreko zerbitzua nabarmen jaitsi zen arren, zerbitzuak duen "kalitate maila altuari eustea" lortu zela adierazi du.

"Pandemiari aurre egiteko hartutako murrizketen ondorioz" aurrez aurreko arreta gutxitu zen, eta telefono eta internet bidezko arreta handitu ziren. Hala, pasa den urtean 441.917 telefono dei jaso ziren guztira, 2019an baino % 34 gehiago, eta horrek zerbitzu hori indartzera behartu zuen, batez ere bulegoak itxita egon ziren egunetan. Internet bidezko arretari dagokionez, Ogasunaren webguneak 1.044.931 bisitari izan zituen iaz, % 30,8ko igoera aurreko ekitaldiarekin alderatuta.

2020ko Errenta kanpaina

Apirilean hasiko da 2020ko Errentaren kanpaina, eta Peronak gogoratu du Gipuzkoan dauden Errenta Mekanizatuko bulegoak apirila eta ekaina bitartean, hau da, kanpainak irauten duen bitartean, irekita egongo direla. Tolosaldearen kasuan, Tolosako bulegoan izango da aurten ere horretarako aukera. Iaz, 51.457 errenta-aitorpen aurkeztu ziren Gipuzkoako bulegoetan.

Ogasun diputatuak Tolosako bulegora eginiko bisitan esan du, Gipuzkoako Foru Ogasuna teknologia berrien aldeko "apustu garrantzitsua" egiten ari dela azken urteetan, baina horiekin moldatzeko zailtasunak izan ditzaketen kolektiboak ahaztu gabe. "Herritarren arretarako gure zerbitzua etengabe aldatzen eta hobetzen ari da, pauso irmoz ari gara aurrera egiten, baina inor atzean utzi gabe".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!