Errigora aurten, inoiz baino eskurago

Tolosaldeko Ataria 2021ko mar. 12a, 10:59

Martxoaren 24ra arteko epea dago Nafarroa hegoaldeko uztaren produktuak eskatzeko; eskualdean 12 banaketa puntu jarri dituzte.

Errigoraren Nafar hegoaldeko uzta eskutik eskura kanpaina martxan da, eta martxoaren 24ra bitarte, Nafarroa hegoaldeko eta erdialdeko oliba-olio birjina estra eta kontserba, arroz eta pasta-sortak euskaraz etiketatuta eta ekoizlearen jatorrizko prezioan eskatu ahal izango dira.

«Euskal Herria oinarri eta auzolana lanabes» dituen ekimena da Errigora. Nafarroa hegoaldea du ardatz eta euskara ofiziala ez den zonaldean eragin nahi du, «eremu horretakoak propio diren elikagaiei Euskal Herrian bidea emanaz, euskaratik, euskararako eta euskaraz». Kanpaina urtean behin egiten dute eta, hori dela eta, eskaera handiak egitea da ideia: «urtean behin, urte guztirako». Horregatik, olioa 5 litroko bidoietan eskaintzen da eta arroza, pasta eta barazki-kontserbak 12 unitateka.

Banaketa apirilaren bigarren hamabostaldian egingo dute eta, produktu guztiak, salbuespenak salbuespen, aldi berean jasoko dira. errigora.eus webgunean, eskaera egitean, produktuak jasotzeko puntua aukeratu behar da, eta bertan zehaztutako egun eta ordutegian pasa behar da eskariak jasotzera.

AURTEN GERTUAGO

Nabarmentzekoa da, aurten inoiz baino eskurago izango direla Errigorako produktuak. Izan ere, Tolosaldeko 12 herrietan jarriko dituzte banaketa puntuak, produktuak ia etxe ondoan jasotzeko aukera izango delarik.

Iker Ajuriagerra Errigora ekimeneko kideak azaldu duenez, kanpainak «hasiera polita» izan du; «Asko leialak izaten dira, eta urtez urte errepikatzen dute; ikusi beharko da aurtengoan bizi dugun egoerak eraginik ote duen». Bestalde, ekimena posible egiteko boluntarioen laguntza azpimarratu du: «Auzolanean antolatzen dugu. Herriz herri informazioa zabaltzen, eskaerak bideratzen eta produktuak biltegiratu eta banatzen ari direnen lan boluntarioari esker, produktuak ekoizlearen jatorrizko prezioan jaso ahal dira».

Zortzigarren urtez jarri dute aurten martxan Errigora kanpaina, eta Nafarroa hegoaldean euskara nahiz euskaldun izaera sustatzeko oso baliagarria izan dela azaldu du Ajuriagerrak, eta herritar oro animatu du parte hartu eta eskaerak egitera: «Produktuen kalitatea eta ekimenaren helburua kontuan hartuta, zaila da ez errepikatzea».

DATUAK

  • Kanpaina. Martxoaren 24ra arte.
  • Produktuak. Nafarroa hegoaldeko eta erdialdeko oliba olio birjina estra 5 litroko bidoietan;arroza, pasta eta barazki kontserbak 12 unitateka.
  • Eskaerak. errigora.eus, 848 87 12 23 telefono zenbakian edota Galtzaundi Euskara Taldearen egoitzan.
  • Banaketa puntuak. Aduna, Alegia, Alkiza, Anoeta, Asteasu, Ibarra, Irura, Larraul, Orexa, Tolosa, Amasa-Villabona eta Zizurkil.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!