Tolosaldeko ospitale publikoa

«Osasun publiko integral bat nahi dugu Tolosalderako»

Irati Saizar Artola 2021ko mar. 10a, 08:58

Tolosaldeko osasun eremuko 31 udalerrietatik 25 herrietako alkateek osatzen dute Tolosaldeko Alkateen Mugimendua; eskualdean osasungintza publikoaren arloan dagoen hutsunea bete nahi dutela esan dute Pili Legarra eta Igor Zapirain alkateek.

Osasun publiko integral baten alde lanean ari da azken boladan Tolosaldeko Alkateen Mugimendua. Bertako kideak dira, besteak beste, Pili Legarra eta Igor Zapirain, Asteasu eta Ibarrako alkateak. Lan lerroak finkatuta dituzte dagoeneko esan dute; lehenik osasungintza eredua zehazteko asmoa dutela, eta ondoren, langileen egoera aztertu eta kokalekuaren inguruan erabakiak hartzea dela helburua azaldu dute.

25 alkate zaudete mugimenduan, baina Tolosa, Abaltzisketa, Belauntza, Berrobi, Larraul eta Andoaingo alkateak ere batzea da zuen nahia.

Pili Legarra: Hori da, garrantzitsua da denok batera lan egin ahal izateko. Deia luzatu diegu alkate horiei ere, eta prentsaurrekoa ere egin berri dugu. Gure ustez, ez da bakoitza bere aldetik lanean aritzeko garaia. Tolosaldeak merezi du osasun integral baten alde lan egitea, eta momentua da denok eseri eta bakoitzaren iritziak partekatzeko.

Osasun eremuko 25 ordezkari elkartu zarete.

Igor Zapirain: Gai hau lantzen hasi ginenean, eskualdeko hiru-lau alkate hasi ginen guztia mugitzen. Erronda bat ireki genuen lehenik eta galdeketa bat pasa genien udaletako alkate guztiei. Osasun eremua osatzen dugun 31 udalerrietatik 25 alkatek eman genuen atxikimendua, eta gainerakoen ezezkorik jaso ez badugu ere, ateak zabalik ditugu denentzat. Gurekin batera lan egitea nahi dugu eta herriari entzutea zer nolako ospitale publikoa nahi dugun Tolosaldean.

Zer da benetan lortu nahi duzuena?

I. Z.: Ospitale publiko bat eta osasungintza publiko integral bat sortzea da asmoa. Hastapenari begira, herriaren mugimendu batetik sortu zen guztia. TOPA Tolosaldeko Osasun Publikoaren Aldeko plataforma sortu zen, norbanakoak ere batu ziren ondoren, eta manifestazio jendetsu bat egin zen eskualdean. Mugimendu horri jaramon egin nahi izan genion, eta antolamenduaren buru izatea egokia izan zitekeela pentsatu genuen.

Nola ari zarete lanean?

P. L.: Hiru lantalde osatzeko lan ildoak markatu ditugu. Bakoitzak arlo bat landuko luke. Lehen lantaldeak osasun eredua landu beharko du, osasungintzaren ikuspegitik Tolosaldearen beharrak zeintzuk diren aztertuko du, eta balizko ospitale horren egitura nolakoa izango litzatekeen argituko luke. Izan ere, ez da soilik eraikuntza publiko bat sortzea, baizik eta askoz ere ideia zabalagoa behar du.

Bigarren mahai batek, langileen arloari helduko dio. Gaur egun, Asuncion Klinikako langileak hor daude, eta haien ordezkariekin elkarrizketak nahitaezkoak izango dira. Izan ere, gure kezketako bat bada Asuncioneko langileekin zer gertatuko den jakitea. Adostasunak bildu beharko ditugu, langileen ordezkariekin eta komitearekin hitz eginda.

Azkenik, hirugarren lantaldean, ospitalearen kokalekua aztertuko da. Ez dugu uste hain garrantzitsua denik kokalekuaren gaia, eta hortik tira-bira bat sortzea, eztabaida faltsu bat litzateke. Kokalekua ere adostuta erabaki nahiko genuke, hitz egin beharko dugu, denon artean. Bere egunean, Apatta industriagunea izan zitekeela proposatu genuen, baina beste hainbat eremu ere izan daitezke.

Eredua bera ere aztertu nahi duzue, beraz.

I. Z.: Osasun ereduari dagokionez, harremanetan jarri gara sendagile ezberdinekin, erizainekin, gizarte langileekin, anbulantzietako teknikariekin eta beste hainbatekin. Azken batean, egunerokotasunean lan horretan ari dira eta iruditzen zaigu inork baino hobeto dakitela honetaz. Beraien ahotsa entzun eta ildo batzuk jarriko ditugu.

Hiru mahai hauen sorreran, garrantzi gehien osasungintza publiko integralari eman nahi diogu, eta ez agian bereziki kokalekuari. Esaterako, Tolosako Udalak lau kokaleku proposatu ditu; kokaleku horiek posible izan daitezke, baina denon artean erabaki beharrekoak dira.

Zuen proposamenean Asuncion Klinikak zer paper du?

I. Z.: Hori Osasun Sailarekin jorratu beharreko puntu bat izango da. Guk osasun publiko integral bat nahi dugu Tolosaldean, lehen arretatik hasi eta bere osotasunean hartuko duena. Hortik abiatu, eta langileen afera eta kokalekua etorriko lirateke gero.

Eusko Jaurlaritzarekin harremanetan jarri zarete?

I. Z.: Osasun Sailari bilera data bat emateko eskatu diogu. Bitartean, proposamenean gehiago sakontzen jarraituko dugu.

P. L.: Pertsonaren duintasunerako hainbat gai ditugu behar-beharrezkoak direnak. Hezkuntza izan daiteke bat, baina osasungintza ere nahi eta nahi ezkoa da. Guztiok ados jartzea da gakoa. Zer eredu nahi dugu, zer osasungintza nahi dugu gure eskualderako? Denen onerako izango den elementu bat konpartitu dezagun bakoitzaren iritziak jasoz, eta ondoren, joan gaitezen eskaera egitera elkarrekin.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!