Udalerri euskaldunetako gazteen topaketan izen ematea zabalik dago

Eneritz Maiz Etxarri 2021ko mar. 10a, 11:58

Ekainaren 28tik uztailaren 4ra gazteek Zumaiatik Lekeitiorako bidea egingo dute; udaleku ibiltarian sukaldari eta begiraleak ere behar dituzte

Salto Gazte Topaketak antolatu ditu Uemak udalerri euskaldunetako gazteentzat. Udaleku ibiltariak izango dira, eta 14 eta 18 urte arteko gazteei zuzenduta daude. Ekainaren 28an Zumaian elkartu eta Lekeitiorako bidea hartuko dute uztailaren 4an bukatzeko.

Lehen etapa Zumaia eta Itziar artekoa izango ekainaren 28an bertan. Ostean, Itziarretik Ondarroara egingo dute ekainak 29 eta 30 artean. Azken etapa, Ondarroatik Lekeitiorakoa izango da, uztaileko lehen hiru egunetan, eta uztailaren 4an etxera joateko eguna iritsiko zaie.

Udalerri euskaldunetako gazteak euskararen inguruan sentsibilizatzea, kontzientziatzea eta eragile aktibo bihurtzea da Uemak antolatzen dituen topaketen helburua. «Ikasleen artean hizkuntza ekologiaren diskurtsoa zabaltzea eta arnasguneen garrantzia nabarmentzea da proiektuaren helburua, gazteei euskararen normalizazio prozesuan duten garrantzia ikusarazteaz gain», diote Uematik.

Herriz herriko ibilaldiez gain, kantaldiak, kontzertuak, solasaldiak, jolasak eta lagun arteko giroa izango dituzte bertara joaten diren gazteek.

Hezkuntzarekin egiten duen proiektua garatzeko baliatzen ditu udalekuak Uemak. Euskaraz bizi diren gazteek «inertziatik kontzientziarako saltoa ematea, eta horrekin efektu biderkatzailea sortzea da helburua», dio Uemak, eta horretarako, aisialdiarekin eta euskal kulturarekin lotutako egitarau erakargarria baliatuko dute.

MARTXOAK 31, AZKEN EGUNA

Ekainean udaleku ibiltarian parte hartu nahi duten gazteek martxoaren 31 baino lehen eman beharko dute izena. Hiru modutara apuntatu daitezke gazteak udalekuetan: uema.eus webgunean sartuta, 943 81 66 99 telefono zenbakira deituta, edo datuak bete eta posta arruntez Azpeitiko egoitzara bidalita edota hezkuntza@uema.eus helbide elektronikora idatzita.

Parte hartzaileek 89 euro ordaindu beharko dute. 50 gazterentzat dago tokia aurtengo udaleku ibiltarian.

BEGIRALE ETA SUKALDARIAK

Ekainaren 28tik uztailaren 4ra egingo diren udaleku ibiltarian, 14 eta 18 urte bitarteko gazteekin lan egiteko aisialdiko begiraleak eta sukaldariak ere behar dituzte. Interesa dutenek curriculumak hezkuntza@uema.eus helbide elektronikora bidali beharko dituzte, eta azken eguna hilaren 31 izango da. Uemak aurreratu duenez, aukeratuei apirilaren 15erako jakinaraziko zaie erantzuna.

Kontuan hartuko dituzte, besteak beste: begirale titulua izatea; EGA edo bere baliokidea izatea; hezkuntzarekin zerikusia duten ikasketak izatea edo burutzen egotea; lan eskarmentua antzeko lanetan; euskararekiko sentsibilizazioa eta taldean lan egiteko erraztasuna izatea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!