Koronabirusa

Igo egin da positibo kopurua

Ataria 2021eko martxoaren 9a

17 positibo atzeman dituzte azken egunean, Tolosan 8, Altzon, Ibarran eta Ikaztegietan bina eta Abaltzisketan, Berastegin eta Zizurkilen bana.

Osasun sailak emandako datuen arabera, 8.560 test diagnostiko egin zituzten atzo, eta horietatik 334 (%3,9) positiboak izan ziren. Gipuzkoan, 101 atzeman zituzten, tartean, 17 Tolosaldean. 

Nabarmentzekoa da azken egunetan positiboen kopuruak gora egin duela eskualdean. Ibarrak bi positibo izan zituen atzo, eta 1.021eko intzidentzia tasa du azken hamabost egunak kontuan hartuta. Tolosako tasa (309) ere ari da igotzen, eta kolore horitik laranjara pasa da. Azken zazpi egunetan 36 positibo izan dira bertan.

5.000 biztanle baino gehiagoko Tolosaldeko beste herrian, hau da, Amasa-Villabonan, bestelakoa da egoera. Azken zazpi egunetan positibo bakarra izan dute bertan, eta hamabost eguneko intzidentzia tasa 50ekoa da, kolore berdean dago, beraz.

Osasun eremuei dagokienez, Alegiakoa (580) eta Ibarrakoa (650) kolore gorrian daude, eta Tolosakoa (288) eta Villabonakoa (100) horian. Tolosaldeko ESI ere kolore horian dago, 265eko tasarekin.

Ospitaleen egoerari dagokionez, COVIDaren ondorioz 50 pertsona ospitaleratu zituzten atzo, orotara, 255 pertsona daude Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ospitaleetan eta COVIDa duten 113 pertsona ZIUn daude.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!