M8 Emakumeen Nazioarteko Eguna 2021

Emakumeek eskualdeko kaleak hartu dituzte

Ataria 2021eko martxoaren 8a

Aldarri moreak izan dira nagusi Tolosaldean egindako mobilizazioetan; jendetza elkartu da herriz herri egin diren ekitaldietan.

Ez du hutsik egin aurtengo martxoaren 8ak. Dena aldatu, sistema arrakalatu lelopean, mobilizazio jendetsuak egin dituzte iluntzean eskualdeko herrietan.   

Sistema kapitalista, heteropatriarkala eta arrazista arrakalatzeko deia ozen oihukatu dute herriz herri. Emakumea bera eta kolore morea izan dira nagusi; pin, zapi, jantzi eta banderola moreak atera baitituzte kalera. "Geldirik nahi gaituzten arren, antolatuta segitzen dugu eta kaleak gure aldarri feministez betetzeko determinazioz", esan du mugimendu feministak. Besteak beste, zaintza sistema publiko bat eskatu zuten.

Besteren artean, Aiztondoko Mugimendu Feministak egitarau bateratua antolatu du gaurko egunaren bueltarako, eta  manifestazio jendetsua egin dute, Zizurkildik abiatu eta Villabonarantz. Tolosan ere, asanblada feministak deituta, jendetza gerturatu da iluntzeko mobilizaziora. Besteak beste, Alegia, Altzo, Amezketa, Anoeta, Irura, Berastegi, Bidania-Goiatz, Ibarra eta Ikaztegietan ere elkarretaratzeak egin dituzte.
 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!