Astelehenean ospatuko da Emakumeen Nazioarteko Eguna, eta gaur goizean, eskualdeako hainbat emakume bildu dira M8aren aldeko aldarria egiteko. Hain zuzen, asteburu guztian zehar Tolosaldeko zenbait herrietan martxoaren 8ari lotutako ekitaldiak antolatu dituzte.
LILATOIA IRURAKO KALEETAN ZEHAR
Irurako kaleetan zehar, 5km-ko lilatoia egin dute gaur 11:00etan, San Migel plazatik abiatuta. Irurako emakume taldeak antolatutako ekimena izan da. Parte hartzaileak herriko emakumeak izan dira.
LILATOI BIRTUALA ETA ARGAZKI ERRALDOIA ZIZURKILEN
Martxoaren 5etik 8ra lasterketa egiteko aukera eskaini zuten. Lilatoi birtual horretan izena eman duten emakume zizurkildar guztiek, gaur 12:00tan argazkia atera dute Joxe Arregi plazan.
ASTEASUKO M8 EKITALDIA
Asteasuko hainbat emakume bildu dira zaintzaren inguruko mosaiko erraldoia egiteko gaur 12:30tan, Asteasuko plazan. Bertan, Amaia Agirre bertsolaria ere izan da, eta honek prestatutako bertsoa, Jaione Urdanibia, soinu jole handiaren doinuen laguntzaz abestu du.
Pili Legarra, Asteasuko alkateak, Asteasuko Emakume taldeko zenbait kideekin batera zaintzaren inguruko adierazpenak ere irakurri dituzte. Bertan, Asteasuko Udalak eskumenen esparruan honako konpromisoak hartzen dituela adierazi dituzte: "Konponbide bideragarriak aztertzea eta ezartzea, adingabekoen eta mendekotasuna duten zaintzari laguntzeko tokiko zerbitzuentzat, zaintza baldintza duin eta bidezkoetan egin dadin saiatuz edo erraztuz, baita ematen eta jasotzen dutenentzat ere; Udalaren berdintasun plangintzetan, espresuki azpimarratzea, emakumeen ahalduntzea zaintzaren balioa eta hari dagokionez gizonek duten erantzunkidetasuna; kolektibo feministen eskutik, emakume nerabe eta neskatoen ahalduntze indibidual eta kolektiborako ekintzak bultzatzea; gure emakumeen euntze soziala indartzea, premisa feministetatik eta ahalduntze premisetatik; zaintza beharrei erantzuteko Udal espazioak egokitzea; zaintzarako pertsonen kontratazioaren gainean, laguntzak ematea; gazteei zuzendutako rol berdinzaleen gaineko hezkuntza jarduerak bultzatzea, ahalduntze ikuspegi batetik".
Horrez gain, M8aren aldeko aldarrikapenarekin bat egiteko, bihar, martxoaren 8a, arratsaldeko 19:30etan, Zizurkildik Villabonara egingo den manifestazioan parte hartzeko gonbita egin dute.
RAKETISTAK DOKUMENTALA BIDANIAN
Bidania-Goiatzen M8aren bueltako ekitaldiak izan dituzte ere. Larunbatean Bidaniako San Bartolome elizan Raketistak dokumentala ikusteko aukera izan zen, eta gero herriko neska pilotariekin mahai ingurua izan zen. Maitane Jauregi, Olatz Iraola eta Miren Larrartek beraiek hasierez, bizipenez, garaipenez, zailtasunez eta etorkizunaz hitz egiten zuten.