500 irakasle formatu dira Dislexia On proiektuaren lehen fasean

Tolosaldeko Ataria 2021ko mar. 6a, 17:16

Dislegi elkarteak antolatuta, Dislexia On proiektuaren ekitaldia egin dute gaur. Dislegi elkarteak Ner Group-en sustapenarekin bultzatzen du proiektua, eta bertako kide den Panelfisa enpresan egin da saioa.

Tolosaldean Dislexia On proiektuaren lehen fasea burutu dutela adierazi dute gaurko ekitaldian, eta horren inguruko datuak eman dituzte. Besteak beste, 500 irakasle formatu dira, 16 ikaslerentzat diagnostiko eta berreziketarako laguntza jaso da, 3 tertulia dialogiko egin dira, 4 adituren hitzaldi jaso dira, eta 84 autoebaluazio eta 121 balorazio poster egin dira. Hamar ikastetxek parte hartu dute proiektuan: Samaniego ikastetxea, Laskorain Ikastola, Herrikide ikastetxea, Irurako Ikastola, Anoetako Ikastola, Alkizako eskola, Uzturpe Ikastola, Zubimusu Ikastola, Tolosaldea Lanbide Heziketa Institutua eta Inmakulada Lanbide Ikastola. Ikastetxe guztietako ordezkariak izan dira gaurko ekitaldian, eta proiektuan parte hartzen ari direnaren aitortza egin zaie, zigilu banaketa egiteaz gain.

Arantza Elgezabal Dislegi elkarteko orientatzaileak azaldu duenez, "gaurko ekitaldiaren bitartez ere eskerrak eman dizkiogu ikastetxe bakoitzari egin duten lan guztiarengatik, ordu asko sartu baitituzte proiektu honetan. Nolabait errekonozimendu bat izan da egiten ari diren guztiarengatik".

Lehen fasean, besteak beste, autoebaluazio bat egin dute ikastetxeek, ikusteko zer egoeretan zeuden irakurketa eta idazketa zailtasunen arloan. Hain justu, zer ezagutza zituzten arlo horretan eta zer estrategia ematen zituzten aurrera zailtasunak dituzten ikasleekin. Autoebaluazio horiek jaso eta bueltan balorazio poster batzuk bidali zaizkie Dislegi elkartetik, "orain arte zer egiten zuten ondo eta zer aldatu behar zuten bere egitekoan azalduz", esan du Elgezabelek. Aurrera begira, bigarren fasean zer landuko den azaldu da ekitaldian. "Bigarren fase honetan ikastetxe guztiak ez dira batera joango, bakoitzak bere ibilbidea egingo du, bere erritmoan joango da", azaldu du Elgezabalek. Hain zuzen ere, bigarren fase horretan, oztopoei erantzun ahal izateko ibilbidearen garapenean murgilduko dira ikastetxeak.

Cristina Martinezen hitzaldia

Cristina Martinez Oviedoko Unibertsitateko Neurozientzia Kognitiboen aztertzaile taldeko kideak hitzaldia eman du ekitaldian. Dislexiaren inguruan aritu da hasieran, zer den eta zein diren seinale adierazleak zehaztuz. "Gero diagnostikoaren garrantziari buruz aritu da, batez ere diagnostiko goiztiarra egiteari buruz", azaldu du Elgezabalek. "Gaur egun zortzi urtetik aurrera egiten dira diagnostikoak normalean. Administrazioak ezartzen duenez, bi urteko desfasea egon behar delako". Martinezek azaldu duenez, lau urtetik aurrera diagnostiko goiztiar bat egin daiteke. "Hor badaude seinale edo adierazle batzuk, non azaltzen diren zailtasunak izan daitezkeela irakurketan eta idazketan", zehaztu du Elgezabalek. Martinezek diagnostiko goiztiar bat egitearen garrantzia ere azpimarratu duela esan du Elgezabalek: "Batez ere autoestimuan eta adimen emozionalean eragin asko duelako".

Prolexia erremintari buruz ere aritu zen Martinez, diagnostiko goiztiarra zein sakona egiteko baliatu daitekeena. "Gure kasuan arazoa da gazteleraz neurtzen duela, eta euskaraz ez dagoela momentuz", zehaztu du Elgezabalek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!