Datorren asteartetik aurrera, mugitzeko askatasun apur bat berreskuratuko dute Araba, Bizkai eta Gipuzkoako biztanleek. Atzo bildu zen Euskadiko Babes Zibileko Planaren Aholku Batzordea (Labi), eta neurri murriztaileak koska bat arintzea erabaki zuen, udalerrien konfinamendua bertan behera utzita. Libre izanen da, hortaz, hiru probintzietako herrien artean mugitzea. Euskal Herriko eremu administratiboen artean ibiltzerik ez dago, ordea, gainerako murrizketek indarrean segitzen baitute: Nafarroako eta Euskal Autonomia Erkidegoko konfinamendu perimetrala, esaterako.
Labiren atzoko bileraren ostean, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak adierazi zuen gainerako neurri murriztaileak mantentzea dela «zuhurrena», egoera epidemiologikoa hobetu artean. Izan ere, azken egunetan COVID-19aren transmisio datuek hobera egin duten arren, egoera «larria» dela gogorarazi zuen Urkulluk.
Lehendakariak aitortu zuen, gainera, «zalantzak» dituela egoera epidemiologikoak datozen hilabeteetan izango duen bilakaeraren gainean. Izan ere, egungo joera positiboa «nabarmena» da harentzat, baina beheraldia «moteldu» egin dela adierazi zuen: «Paziente asko daude oraindik zainketa intentsiboetako unitateetan». Erne egoteko lau arrazoi eman zituen atzoko agerraldian: birusaren aldaera berrien arriskua, beheranzko joeraren mantsotzea, inguruko herrialdeen bilakaera okerra, eta neurriak arinegi lehuntzeak egin lezakeen kaltea.
Udalerrien itxierarik ez
Egungo egoera aztertuta, Urkulluk adierazi zuen udalerrien itxiera ez dela «beharrezkoa» dagoeneko. Egoerara egokitzeko, Eusko Jaurlaritzak ez du gehiago erabiliko 500 kasuren intzidentzia tasa udalerri batzuetan neurriak zorrozteko erreferentzia gisa: «Gaur-gaurkoz, ia ez dago udalerririk kopuru horretatik gora».
Neurriak gehiago malgutzeko, helburu bat zehaztu zuen lehendakariak: 60 kasuren intzidentzia tasa izan nahi dute hiru lurraldeetan. «Hori da agertokirik egokiena; horrek izan behar luke euskal gizarte guztiaren konpromisoa».
Egoera epidemiologikoa gehiago hobetu arte behintzat, etxeratze aginduak indarrean jarraituko du 22:00etatik 06:00etara, merkataritza eta kultur jarduerak amaitu egin beharko dira 21:00etarako, eta bilkurak lau pertsonakoak izango dira gehienez aurrerantzean ere. Eusko Jaurlaritzak dekretu bat onartuko du, eta astelehenean emango dute argitara, asteartean indarrean sar dadin. Dekretu horretan zehaztuko dituzte neurri guztiak.
Martxoaren 8a da astelehena, eta Urkulluk aitortu zuen horrek izan zuela eragina neurriak asteartetik aurrera arintzea erabakitzeko. Esan zuen nahiago duela «herritarrak beren udalerrietan mobilizatzea soilik».
Dekretu horren barruan ebazpen bat sartuko dute lan eskaintza publikoen eta kalean egindako jardueren gaineko zehaztapen gehiagorekin. Koronabirusaren hedatzeari aurre egiteko neurri horiek hogei egun barru aztertuko ditu atzera Labik. Hala ere, Urkulluk adierazi zuen ez direla «agertoki oparorik» aztertzen ari, eta ez dituztela bertan behera utziko gainerako neurri murriztaile guztiak.