BABESTUTAKO EDUKIA

Kultur sortzaileen esperimentuetarako laborategia

Tolosaldeko Ataria 2021ko mar. 4a, 19:58

Musika Faktoria enpresak kulturari eskainitako pabiloi berria irekiko du, laster, Iruran; erabilera anitzeko hainbat gela eta produktuen salerosketarako denda bat izango ditu.

Enpresaren jatorrizko izena Factory Logistika bada ere, proiektu berri bati ekin dio, eta ondorioz, Musika Faktoria izen komertziala hartu du. Irurako Ibai-Ondo auzoko pabiloi batean izango du lantegia, eta kultur emanaldietako azpiegituretako tresnen biltokia izateaz gain, musika instrumentuen eta soinu eta argiztapeneko bestelako produktuen denda ere izango da.

10 urtetik gorako ibilbidea du Factory Logistica enpresak. Batez ere azpiegitura integrala eskainiz aritu izan dira lanean, herriko festetako, kultur elkarteen jaialdietako, familiako ospakizunetako edota erakundeen hitzaldietako zuzeneko musika, dantza edota antzerki saioetan, zerbitzu material nahiz teknikoa erraztuz. Musika munduan, talde entzutetsuekin ibili izan dira. «Aitzindariak gara mota guztietako emanaldietarako azpiegitura integrala eskaintzen, eta bide arrakastatsua izan dugu», diote.

EMAITZAZ HARAGOKO LANA

Musika Faktoriaren pabiloia, ordea, ez da denda soil bat izango. Kultur taldeentzako bost entsegu gela, bulegoak, materialaren biltokia eta konponketak egiteko tailerra ere izango ditu. 40 metro karratuko erabilera anitzeko gela bat ere izango da, ikastaroak nahiz hitzaldiak eskaintzeko edo aurkezpenak egiteko. «Seigarren entsegu gela bezala ere erabili ahal izango da, txaranga edo talde handientzat; mugikortasun urriko pertsonek ere sarbide errazagoa izango dute gela horretara». Bestetik, musikari eta musika talde ezberdinek, entseatzera joateaz gain, euren lanak grabatzeko aukera izango dute oinarrizko estudio txiki batean. «Euren lana zabaldu eta norbere garapena frogatzeko erreminta bat izango da».

Duela urtebete itxialdia ezarri aurretik zuten faktoria bat sortzeko ideia buruan. «Kaleko kontzertuetara edo aretoetako kultur emanaldietara mugatu gabe, esperientzia berrien bila genbiltzan». Definizioz, ekoizpen-prozesu konplexuak burutzen diren dimentsio handiko fabrika da faktoria bat. Bada, ezin hobeto deskribatzen du Irurako lantegi berria. «Kultura ez da soilik azken emaitza; atzetik dagoen lan guztiari ere etekina atera nahi diogu, horren erakusleiho izan nahi dugu», azpimarratzen dute.

Hortaz, dendaz eta entsegu gelez harago, faktoria bera da eskaintza nagusia, irekia eta adin zein profil guztietako herritarrei eskainia. «Zazpi urteko haur batek zer ikasi nahi duen oraindik argi ez baldin badu, hurbildu dadila hona, instrumentu ezberdinak probatzera, eta esperimentatzera. Ez dadila izan produktu bat ikusi eta zuzenean salerosketara igarotzea bakarrik».

Honako hau da enpresaren leloa: Zure musika, gure ametsa da. «Ilusio berezia dugu kultur eragileak sortzera bultzatzeko. Faktoria izango da artistaren etxea, musika munduan aireratzeko espazio bat, gurekin amets egin nahi duen orori irekia».

12.000 PRODUKTU, EUSKARAZ

Oraingoz obretan dago pabiloia; denda bizpahiru hilabete barru zabaltzea aurreikusten dute. Batez ere, lehen eskuko materiala saltzen hasiko dira, baina izango da bigarren eskuko produktuak edo instrumentuak lortzeko aukera. «Salmentaz gain, alokairurako aukera ere eskainiko dugu».

Gainerako espazioak aurrerago egongo dira erabilgarri. Bitartean, www.musikafaktoria.eus webgunea bisitatzeko aukera dago. Bertan, web-orri ezberdinak ikuskatu daitezke: denda, entsegu gelak (erreserbatzeko aukerarekin), zerbitzuak, kontaktua… «Pabiloiaren erakusleiho bat da».

Webgunearen kasuan, euskarazko zerbitzua eskaintzeko lanean dihardute. «Gabezi bat ikusten genuen gure sektorean, batez ere plataforma batean, produktuen salerosketan. Musika instrumentu bat erosi nahi denean, ingelesez edo gazteleraz egin behar izaten da; guk, baina, euskaraz eskainiko dugu zerbitzu hori. Asko aipatzen da normalizazioaren garrantzia, eta uste dugu sektore honek ere behar duela aurrerapausoak ematea». Hori dela eta, Elhuyar eta Puntueus fundazioekin ari dira lanean. «12.000 produktu ditugu gaur egun salgai, eta pixkana ari gara horien informazioa euskarara itzultzen».

GERTUKOA, OSATUAGOA

Musika Faktoriako kideen ustez, ezinbestekoa da eroslearekin erabateko konpromisoa izatea. «Bezero ezberdin asko daude; badira emanaldi bat antolatu nahi eta nola egin ez dakitenak. Buruan duten ideia plazaratzen laguntzen dugu, aholkularitza zerbitzu profesionalarekin. Antzerkilariei, adibidez, eszenografiako elementu ezberdinen diseinuan lagundu diezaiekegu, sorkuntza lanetan, alegia. Gainera, era guztietako sortzaileekin aritzen gara, ez soilik erdi-profesional edo profesionalekin».

Musika Faktoriakoak, ordea, jakitun dira geroz eta enpresa gehiago direla azpiegitura integralaz arduratzen direnak. «Guk, gazteak izanagatik ezagutza eta esperientzia handia dugu. Gainera, euskaraz lan egiten dugu eta oso gertukoa da bezeroekin dugun harremana». Proiektu berriari esker, zerbitzu osatuagoa ematea espero dute. «Sortzaileak lehen ideiatik hasi eta azken emaitzara bitarte izan dezakeen prozesu osoan lagundu dezakegu, eta gure sektorean ez dira asko hori eskaini dezaketenak».

FITXA TEKNIKOA

Helbidea: Ibai-Ondo auzoa 6, Irura

Telefonoa: 943 504 480

Webgunea: www.musikafaktoria.eus

Helbide elektronikoa: info@musikafaktoria.eus

Sare sozialak:

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!