Plateretik baratzera

Tolosaldeko Ataria 2021ko mar. 5a, 11:58

Errigoraren "Nafar hegoaldeko uzta eskutik eskura" kanpainak, ekoizteko erak alda daitezen, kontsumitzeko moduak aldatzeko bide bat proposatu nahi dizu. Martxoaren 4tik 24ra Nafarroa hegoalde eta erdialdeko oliba-olio birjina estra eta kontserba, arroz eta pasta-sortak eskatu ahal izango dira, euskaraz etiketatuta eta ekoizlearen jatorrizko prezioan.

Kanpaina urtean behin egiten da eta, beraz, ideia eskaera handiak egitea da: urtean behin, urte guztirako. Horregatik, olioa 5 litroko bidoietan eskaintzen da eta arroza, pasta eta barazki-kontserbak 12 unitateka.

Banaketa apirilaren bigarren hamabostaldian izango da eta, salbuespenak salbuespen, produktu guztiak aldi berean jasoko dituzu. Eskaera egiterakoan aukeratu behar duzu produktuak jasotzeko puntua eta bertan zehaztutako egun eta ordutegian pasa beharko duzu jasotzera. 200 bat herritan daude banaketa guneak.

Ordainketa txartel bidez eginez gero, bi zatitan ordaintzeko aukera izango duzu (erdia martxoan eta bigarren zatia apirilean). Hala egiten ez baduzu, dena batera ordainduko duzu, eskudirutan, produktuak jasotzean.

Guzti hau auzolanean antolatzen da. Hain zuzen, herriz herri informazioa zabaltzen, eskaerak bideratzen eta produktuak biltegiratu eta banatzen ari direnen lan boluntarioari esker, norbere herrian jaso daitezke produktuak ekoizlearen jatorrizko prezioan. Hau da, olio-errota edo kontserba-etxera joanda ordainduko zenukeen prezio berean.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!