Ibañez&Refoyo antzerki konpainia, Topic-en

Ataria 2021eko martxoaren 4a

Granadako (Andaluzia, Espainia) Ibañez&Refoyo antzerki konpainia sormen egonaldia egiten ari da Tolosako txotxongiloen etxean. Konpainia sortu berria dela esan du Topic-ek, baina taldea osatzen dutenek antzerki ibilbide luzea dutela gehitu du.

Granadako Ibañez&Refoyo konpainiako kideak daude egun hauetan Tolosako Topic zentroan. Joan den urtean Unimako Udazkeneko Eskolako ikastaroan izan ziren txotxongiloen etxean, Titirijai jaialdiaren barruan, eta bertan Topic-en sormen egonaldi bat egin berri zuen Periferia Teatrorekin egon zirela esan du zentroak. "Uste dugu egonaldi artistikoan lan egiteko formula dela sorkuntzarako biderik emankorrena. Topic-en egiteko aukera aurkitu genuenean, ezin hobea iruditu zitzaigun gure proiektua zegoen unerako”, esan du taldeko Ana Ibañezek.
 
Mala madre hay más que una da Tolosan prestatzen ari diren lana eta hainbat hizkuntza batzen dituen objektuen antzerki ikuskizuna dela aurreratu dute. Hau da, interpretazioa, zuzeneko musika eta bi dimentsioko elementuak batzen ditu. Bi aktorek eta musikari batek haurdunaldia ahal duten bezala eramaten duten hainbat emakumeei bizitza emango diela aurreratu du Topic-ek. "Umorea, freskotasuna eta ironia izango dira amatasunari buruz duten ikuspegia kontatzeko bidea. Ama 'gaiztoen' aldarrikapen bat da. Emakume ez-perfektuak, haurdunaldiaren berezko emozio eta aldaketen ondorioz bizirik irauten dutenak”. Lana 2021 urte amaieran estreinatuko dute, Granadan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!