Ibilaldia emakume presoen errealitatea ikustarazteko

Ataria 2021eko martxoaren 4a

Euskal Herriko Mugimendu Feministaren aldarriekin bat eginez eta euskal emakume presoen egoeraren berri emateko asmoz, 5 kilometroko ibilbidea antolatu du Sarek larunbaterako. 11:00etan abiatuko dira Tolosako Trianguloa plazatik eta herrian zehar egingo dute ibilbidea, ondoren Emakumeen Plazan ekitaldi bat egiteko. 

Sarek esan du emakume presoak emakume izateagatik «are bakartuago, are urrunduago aurkitzen» direla. «Sistema patriarkalaren adierazle garbienetakoa den kartzela sisteman zigor krudelago bat jasanez», gaineratu du. Euskal emakume presoen «zigor gehigarria» dutela nabarmen du beraz eta Elduaingo Anabel Egues presoa ekarri du gogora: «Dagoeneko 19 urtez espetxean, Asturiasera lekualdaketa onartua dioten arren gaur oraindik etxetik 826 kilometrora, Kordobako espetxean bakarturik dagoen elduaindarra». «Emakumeon ahalduntzerako eta sistema patriarkalaren desegiterako batzen garen mobilizazio egun hauetan beraz, espetxeak ere landu beharreko eremu gisa ulertu behar ditugu» nabarmendu du Sarek eta herritarrei larunbateko deialdiarekin bat egiteko eskatu. «Espetxe errealitate gordina behin betiko amaitzea jendarte osoari dagokigu, eta horretarako eta etxeratze prozesua garatu ahal izateko, bidea egiten jarraitu behar dugu. Eremu sozialean, politikoan, sindikalean, instituzionalean eta kalean!».

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!