Iristear da martxoaren 8a, Emakumearen Nazioarteko Eguna, eta urtero bezala, eskualdeko udal, asanblada feminista eta eragile ezberdinek hainbat mobilizazio eta ekitaldi antolatu dituzte egunotarako, eta datozen asteetarako. Ekitaldi denetan osasun neurriak betetzeko eskatu dute.
Bi urte igaro dira azken greba feministak planto egin eta bizitzak erdiguneratzeko beharra aldarrikatu zuenetik. Eta urtea joan da azken martxoaren 8tik, eta ia baita izurritetik ere. Euskal Herriko mugimendu feministak esan du, azken urte honetan sistema honen dimentsio ezberdinetako krisiak azaleratu direla, "lehertu dena, ez baita osasun krisia soilik".
Bizitzak erdigunera eramateko eskatu du mugimendu feministak, eta salatu du oraingoa ez dela osasun krisia soilik: "Krisi hau ez zen pandemiarekin hasi, eta Euskal Herriko mugimendu feministan orain ez gara isilik eta geldi egongo".
Herritarren osasunaren gainetik gobernuek kapitala lehenetsi dutela salatu dute. "Mugak eta kaleak militarizatuta ikusten ari gara, abusu polizial eta instituzional arrazistak jasan ditugu, ehunka kide kaleratuak izan dira edo arriskuan daude, milaka emakumek lan merkatua utzi behar izan dute zaintza lanengatik, agerian geratu da Euskal Herrian bertan erabakiak hartzeko ahalmen eza, espazio okupatuak desalojatu dituzte, indarkeria matxistak ez du etenik izan eta krisialdiak eragin zuzena izan du eremu feminizatuetan, bereziki, egoera irregularrean dauden emakume langileen eremuan".
Egoera horien aurrean, aurten, sistemari arrakalak sortzeko asmoz antolatu da martxoaren 8a, Dena aldatu, sistema arrakalatu lemapean. Sistema kapitalista, heteropatriarkal, arrazista arrakalatzeko feminismoan antolatu eta kolektiboki borrokan jarraitzeko deia egin dute, hain zuzen ere, "bizitzak sostengatzeko ardurak kolektibizatzeko eta botere harremanak errotik aldatzeko".
Egunetik egunera "gaurkotzen eta indartzen" doa mugimendu feminista. Eta bide berean aurrera egiteko eskatu dute, "gure arteko arrazakeria bistaratuz eta landuz, herri eta auzoetan aliantza sareak ehunduz, borrokarako espazioak zabalduz, mundu mailako ekintzetan parte hartuz". Euskal Herrian eta Euskal Herritik "dena" aldatzeko lan egiteko asmoa azaldu du mugimendu feministak.
Horretarako, Tolosaldeko herrietan asteburu honetatik aurrera egingo diren mobilizazioetan eta ekitaldi ezberdinetan parte hartzeko deia egin dute antolatzaileek, "bizitzak erdigunera eraman eta guztiok batera aurrera egiteko".
EGITARAUAK
ADUNA
- Martxoak 10. 18:00etan, kultur aretoan, Ahizpatasun hariak dokumentala eskainiko da eta ondoren Astigarragako eragileekin solasaldia egingo da.
- Martxoak 11. 17:30ean, elizan, ipuin kontaketa: Hodeiekin dantzan (Herriko txikientzat).
- Martxoak 12. 18:30ean, kultur aretoan solasaldia. Feminismoari eta sexualitateari buruz dakizuna ikustera ausartzen al zara? (Gazteentzat ). Batagun mahai-joko didaktikoa aurkeztuko da.
- Martxoak 18-19. 18:30ean, kultur aretoan Akelarre filmaren emanaldia.
ALBIZTUR
- Martxoak 8. Nork bere burua maitatu autoestimua lantzeko tailerra, Albizturko eskolan.
ALEGIA
- Martxoak 8. 19:00etan, Eztanda talde feministak deituta, elkarretaratzea plazan, Pasa zaitez alde morera lelopean.
ALKIZA
- Martxoak 5. 19:00etan, kultur etxean, Cromlech antzerki lana eskainiko du Evaren Alabak antzerki taldeak.
- Martxoak 6. Alkizarrek Lilatoiarekin bat egingo dute. 16:45ean, emakumeen aldeko lasterketan oinez zein korrika parte hartu ahal izango da eta izen-ematea plazan egingo da 16:45ean. Lasterketan izena ematen dutenei zapi more bana emango zaie. 17:00etan, Lilatoia, familian, lagunekin edo taldeka. Eta 18:15ean, (H)ik Dantza ikasi dantza taldeak sortutako prozesuaren erakustaldia egingo du plazan.
- Martxoak 8. Egun osoan zehar, zapi moreak balkoi eta leihoetan zintzilikatzeko deia egingo zaie herritarrei.
ALTZO
- Martxoak 4. 18:30ean, Batzarremuñon, euskal emakume idazleen irakurketa feminista tailerra. Uxue Alberdiren Dendaostekoak liburuaren inguruan, Kattalin Minerrek dinamizatuta.
- Martxoak 6. Emakumeen V. Mundu Martxako mobilizazioarekin bat egitea.
- Martxoak 8. 18:00etan, plazan, elkarretaratzea Dena aldatu, sistema eraldatu lelopean.
- Martxoak 12. 18:00etan, Batzarremuñon, lodifobiaren inguruko hitzaldia, Mijo Lizarzabururen eskutik. Sarrerak ostatuan eskatu daitezke.
- Martxoak 13. 16:00etan, eskolako aterpean, dantza afrikarraren tailerra, zuzeneko musikarekin. Sarrerak ostatuan. Prezioa, 5 euro; 12 urtetik beherakoentzat doan.
- Martxoak 20. 17:00etan, Batzarremuñon, kafe tertulia feminista. Gaia: hiztegi feminista.
- Martxoak 27. 17:00etan, Batzarremuñon, Garaipen elkartearen eskutik hitzaldi-tailerra. Gaia: feminismo dekolonial antiarrazista..
AMASA-VILLABONA
- Martxoak 7. Gurea antzokian Anarkia relacional antzerki lana, Mila Espiga eta Belen Cruzen eskutik, 19:30ean.Sarrerak 5 euro balio ditu.
- Martxoak 8. 19:30ean, Zizurkilgo Joxe Arregi plazatik, Villabonatara manifestazioa. Aiztondoko neska* gazteak taldeak antolatuta. 22:00etan, kazerolada balkoietan.
- Martxoak 19. Emakumea eta pandemia solasaldia, 19:00etan, erakusketa aretoan.
- Martxoak 24. 18:00etan, Gurea antzokian, mahai ingurua: Espetxeak apurtu! Eta bortxatzaileak... izenburuarekin, Lurgatz talde feministak antolatuta.
AMEZKETA
- Martxoak 5. Herria apaintzeko banderatxoen prestaketa, plazan. Bi txanda: 17:00-18:00 / 18:00-19:00. Izena emateko: 688 711 675.
- Martxoak 8. Elkarretaratzea, 19:00etan, plazan.
- Martxoak 10. 17:30ean, Zazpi neska ausart ipuin kontalari musikatua haurrentzat. 19:30ean, Isiltzen joan zirenak. Lurdes Iriondo ipuin kontaketa musikatua helduentzat.
- Martxoak 8-18. Egun tarte horietan, udal liburutegian, emakume idazleen liburuak maileguan hartzen dituzten irakurleek zozketa batean hartuko dute parte. Saria: liburu bat eta herriko produktuz osaturiko lote bat.
ANOETA
- Martxoak 5. Elbira Zipitria omentzen duen Muga deitzen da pausoa dokumentalaren proiekzioa, 18:00etan, Mikelasagasti auditorioan. Gonbidapenak, liburutegian.
- Martxoak 6. M8rako prestaketa, 16:30ean, plazan. Ekarri mantalak eta telak etxetik.
- Martxoak 7. Lekukotzen lekukoa Anoetatik Villabonara, 12:00etan, Laumugarrietan.
Udalak antolatuta, Ama-alu-lur antzezlana Bea Larrañaga eta Itziar Saenz de Ojerren eskutik, 18:00etan, Mikelasagasti auditorioan. Sarrerak, liburutegian. - Martxoak 8. Emakumeen topaketa plazan, 18:30ean, eta 19:00etan mobilizazioa Irura eta Anoeta arteko zubian.
- Martxoak 17. Leire Berasaluzeren Giza salerosketa eta etxeko zerbitzu ustiapenerako tesiaren aurkezpena, 18:30ean hasita, eragileen lokalean.
- Martxoak 20. Zubi guztien gainetik, mugarik eta transnazionalik ez! dosierra, 16:30ean, balio anitzeko gelan.
ASTEASU
- Martxoak 5. 19:00etan, Volar dokumentalaren emanaldia, udaletxeko ikus-entzunezko gelan.
- Martxoak 7. 12:30ean, Asteasuko plazan, ekitaldia. Musika, zaintzaren inguruko mosaikoaren osatzea.
BERASTEGI
- Martxoak 5. Amak taldearen kontzertua, 19:30ean, frontoian. Aurrez izena eman beharko da.
- Martxoak 7. 11:30ean, Berastegira egokitutako Lilatoia. Plazatik abiatu eta herri inguruko buelta egiteko aukera, oinez zein korrika. Ondoren, poteoa eta batukada saioa.
- Martxoak 8. 19:00etan, elkarretaratzea plazan.
BIDANIA-GOIATZ
- Martxoak 6. 18:00etan, San Bartolome elizan, Raketistak dokumentala eta mahai ingurua herriko emakume pilotariekin.
- Martxoak 8. Txinkorta eskolan, Nork zaintzen du? hausnarketa eta grafikoak haurrekin horma irudian jartzeko. Eta 19:00etan, elkarretaratze zaratatsua frontoi aurrean.
IBARRA
- Martxoak 5-8. Libarratoia.
- Martxoak 7. Ibarrako Gazte Asanbladas antolatuta, mahai ingurua: Musika eta politika. Gari (Trikona), Malentxo (Mirua), Ortzi (Rodeo) eta Mattinen (Bake faltsua) eskutik. 17:00etan, plazako aterpean. Jarraian, kontzertua: J. Martina.
- Martxoak 21. Arrazakeriaren Aurkako Eguna dela eta, mural margoketa Jatorkin integrazio elkartearekin elkarlanean.
- Martxoak 26. Arrakala dokumentalaren emanaldia, 18:00etan, kultur etxean. Ondoren, solasaldia.
- Martxoan zehar. Sahara libre zikloaren baitan, kale erakusketa herrian zehar. Deabruak Kalera Asanblada Feministak, Txumitxa ondoko panela jarri zuen.
IKAZTEGIETA
- Martxoak 8. 18:00etan, plazan, elkarretaratze zaratatsua. Ekarri norberak bere kazuela, zartari, txistuak.
IRURA
- Martxoak 5. Luze edo motz umorezko ikuskizuna, 19:00etan, kulturunean.
- Martxoak 6. Konpasetan: bidaia intimo bat emakumeen historian zehar ikuskizun musikatua, 19:00etan, kulturunean.
- Martxoak 7. Lilatoia Irurako kaleetan zehar, 11:00-13:00, San Migel plazatik abiatuta. Emakumeak izango dira parte hartzaileak.
- Martxoak 8. Herriko emakumeen ekitaldia, 18:00etan, San Migel plazan.
- Martxoak 13. Autodefentsa feminista tailerra, emakumeentzat, 10:00-14:00 eta 15:00-19:00, kulturunean.
- Martxoak 17. Irakurle taldea: maitasun irakurketak, Ama-alu-lur antzerki lanaren inguruan.
- Martxoak 23. Ipuin kontaketa: Emakumeak=kontatzen, Ana Apikaren eskutik, 17:30ean, kulturunean.
- Martxoak 26. Ama-alu-lur antzerkia, Intujai teatroren eskutik, 18:00etan, kulturunean.
- Martxoak 28. Idoia Asurmendiren eskutik, Ilun eta abar disko berriaren aurkezpena.
LARRAUL
- Martxoak 5. 17:30ean, haurrentzako ipuin kontaketa Kontalari2 taldearen eskutik: Hodeiekin dantzan. Zimiterioan izango da emanaldia.
- Martxoak 6. Sara Zozaya bakarlariaren kontzertua, 18:00etan hasita, elizan.
- Martxoak 13. 18:00etan, kultur etxean, Volar dokumentala eskainiko da eta Bertha Gaztelumendiren hitzaurrea izango du emanaldiak.
- Martxoak 20. Autodefentsa feminista tailerra herriko neskentzat.
- Apirilak 17. 18:00etan, kultur etxean, tailer-hitzaldia eskainiko du Enara Iruretagoienak: Ziklikoak gara.
LIZARTZA
- Martxoak 8-28. Erakusketa, 16:00etatik 19:00etara, areto nagusian. Hondarrezko koadroak, Maria Jesus Arozenaren eskutik eta gurutze puntua, Milagros Goikoetxearen eskutik.
- Martxoak 6. Erroa eta geroa dokumentala, 18:00etan, kultur gunean. Ondoren, Lizartzako emakume baserritarren solasaldia.
- Martxoak 13. Mendebaldeko Sahararen inguruko hitzaldia, 18:00etan, kultur gunean, Jadra Ramadanen eskutik.
- Martxoak 20. Petit & Xuxu klown ikuskizun familiarra, 18:00etan, mediku aurreko belardian.
- Martxoak 27. Biren musika kontzertua, 18:00etan, mediku aurreko belardian.
TOLOSA
- Martxoak 5. Itaiak antolatuta, 18:30ean, Zerkausian, hitzaldia: Emakume langileon ardura izatetik, asistentzia lanen sozializaziora.
- Martxoak 6. Tolosako Asanblada Feministak deituta, 09:50ean, tren geltokian, Irun-Hendaiako mugara joateko Emakumeen Mundu Martxako ekimen nazionalera. 11:00etan, San Frantziskon, informazio mahaia eta material salmenta. Itaiak deituta, 17:00etan, kultur etxean, etxeko langileen esplotazioaz mahai ingurua Leire Berasaluzerekin. Ondoren, kontzertu akustikoa eta merienda.
- Martxoak 8. Itaiak deituta, mobilizazioa, 18:00etan, Plaza Zaharrean.
Tolosako Asanblada Feministak deituta, mobilizazioa , 19:00etan,Trianguloan.
ZIZURKIL
- Martxoak 5. Metamorphosis dokumentala, 19:30ean, Atxulondo kultur etxean, Aiztondoko Neska* Feministen eskutik.
- Martxoak 6. Helduentzat kontaketa erotikoa Ixabel Agirresaroberen eskutik Atxulondo kultur etxean, Erotik, zerotik, berotik.
- Martxoak 7. 12:00etan, Lilatoi birtualaren argazki erraldoia egingo da Joxe Arregi plazan. Martxoaren 5etik 8ra lasterketa egiteko aukera izango da eta igandean emakume zizurkildar guztien argazki erraldoia aterako dute.
- Martxoak 8. Joxe Arregi plazatik abiatuta Villabonara manifestazioa, 19:30ean.