Miren Larrarte eta Ane Urkizu batera ariko dira binakakoan

Imanol Garcia Landa 2021ko mar. 2a, 19:59
Eskuz Binakako Master Laboral Kutxa Txapelketaren aurkezpena, atzo, Bilbon.

Asteasun hasiko da Eskuz Binakako Master Laboral Kutxa Txapelketa, larunbatean.

Eskuz Binakako Master Laboral Kutxa Txapelketa abian jarriko da larunbat honetan Asteasun, final-laurdenekin, eta bertan eskualdeko bi pilotari ariko dira, bikote moduan gainera: Miren Larrarte bidaniarra eta Ane Urkizu berastegiarra. Lehenengo aldiz jokatuko dute elkarrekin Larrartek eta Urkizuk. «Gustura nago, berarekin jokatzeko gogoz, eta ea zer ateratzen den», esan du Larrartek. Hori bai, larunbateko partida baino lehen ez dute elkarrekin entrenatzeko aukera izango. «Ahal dena egiten saiatuko gara. Pena da ezin entrenatu izana elkarrekin partidarako, baina moldatuko garela espero dut».

Aurkariak Leire Garai eta Oihana Orbegozo izango dituzte. «Partida oso gogorra izango da. Azkenaldian Oihana oso ondo dabil. Azkeneko txapelketa irabazi zuen, oso akats gutxi egiten ditu eta asko ematen dio. Eta Leire aurrean oso erregularra da. Aurkari gogorrak ditugu, baina guk ahal duguna egingo dugu, eta ea Anek eta biok bikote ona egiten dugun, hori baita garrantzitsuena», esan du Larrartek. Pilota mistoarekin ariko dira jokatzen. Larrartek aurretik ere jokatuko ditu pilota horrekin txapelketak, eta Urkizurentzat lehenengo aldia izango da.

Aurreko txapelketan final-laurdenetan kanpoan geratu zen Larrarte. «Nahiz eta egoera hau izan, Master Cup txapelketa jokatzeko aukera izateagatik gustura eta jokatzeko gogoz nago». Egoera honetan txapelketa falta asko sumatzen dela gaineratu du bidaniarrak: «Entrenatzeko aukera izan arren, gertatzen da asko entrenatzen duzula, zure punturik onenera iristen zarela eta gero ez dagoela txapelketarik hori erakusteko edo horretaz baliatzeko. Baina, behintzat, entrenatzen jarraitzen dugu eta eskuak zaintzen ditugu». Garai honetan jokatzeko aukera izatea «garrantzitsua» dela gaineratu du. «Federazioko txapelketak ere martxan daude, eta hori ere oso pozgarria da. Gero eta txapelketa gehiago jokatzea pozgarria da».

Bidanian dagoenean bakarrik edo beste bi emakumezkorekin aritzen da entrenatzen Larrarte. Bestela, Bilbon dagoenean, Dimara joaten da entrenatzera, eta bertan Ainhoa Ruiz de Infanterekin aritzen da entrenatzen. «Beste pilotariekin entrenatzea askoz hobea da», esan du pilotari bidaniarrak. «Bakarrik zaudenean piloteoa egiten duzu, eskuak egiten dituzu, baina alde teknikoa ez duzu entrenatzen, eta niretzat garrantzitsuena hori da, teknika lantzea, tantoak nola bukatu entrenatzea, eta hori bakarrik ezin da egin».

ASTEASUN, BI JAIALDI

Aurtengoan jokatuko den formatua berria da, antolatzaileek azaldu dutenez. Azken urteetako ohiturari jarraituz, denboraldia binakako txapelketarekin hastea zen asmoa eta horretarako abenduan izen ematea zabaldu zen, asmoa txapelketa erabat irekia egitea baitzen. «Beti bezala, pilotarien erantzuna sekulakoa izan zen, 80 emakumek eman baitzuten izena pilota goxoan eta beste 28k mistoarekin, pandemiak pandemia, emakumeek pilotan lehiatzen jarraitu nahi dutenaren seinale», azaldu dute antolatzaileek.

Hala ere, indarrean dauden mugikortasun murriztapenekin ezinezkoa egin da halako txapelketa handi bat osatzea eta Eusko Jaurlaritzarekin formatu murriztu batean goi mailako txapelketa bat antolatzea adostu dute. Horrela jaio da Eskuz Binakako Master Laboral Kutxa 2021 Txapelketa. Denera 16 pilotarik, zortzi bikotek, izango dute pilota mistoarekin jokatuko den txapelketa honetan parte hartzeko aukera.

Asteasun hasiko da txapelketa, final-laurdenekin. Jardunaldia bitan banatuko da eta goizez bi partida jokatuko dira: A taldeko Irantzu Etxebeste-Olatz Ruiz de Larramendi eta Amaia Aldai-Gentzane Aldai ariko dira elkarren aurka, 12:00etan, eta B taldeko Leire Garai-Oihana Orbegozo eta Miren Larrarte-Ane Urkizu bikoteek jokatuko dute bigarren partida, 13:00etan. Arratsaldeko jaialdia ETBk zuzenean emango du, 15.30etik aurrera, eta bertan abeste bi partida jokatuko dira. Lehenik ariko direnak A multzoko Iera Agirre-Maite Ruiz de Larramendi eta Andrea Aldaregia-Nora Mendizabal izango dira, eta ondoren B taldeko Olatz Arrizabalaga-Naroa Agirre eta Ainhoa Ruiz de Infante-Arrate Bergara.

Kanporaketa hauetan irabazle izango diren bikoteek finalerdiak bi aste geroago, martxoaren 20an, jokatuko dituzte, 15.30etik aurrera, hauek ere telebistako kamerak zuzenean direla, Irungo Urantzu pilotalekuan. Iaz bezala, finala ere Bidasoako herrian jokatuko da, apirilaren 4an, eguerdian, ETBk zuzenean emana.

Larrarterentzat Iera Agirre eta Maite Ruiz de Larramendi dira txapelak janzteko faboritoak: «Oso bikote indartsua iruditzen zait. Maite oso ondo dabil, indartsu ematen dio eta ez du akatsik egiten, eta Iera aurrean tantoak bukatzerakoan ondo moldatzen da».

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!