Zaintza gelditzera deitu dute

Ataria 2021ko mar. 3a, 07:57

Greba deitu dute biharko zaintza sektorean ELA, LAB, CCOO eta ESK sindikatuek. Gizarte zerbitzuen publikotasuna eta langileen lan baldintza duinak aldarrikatzen dituzte.

Kalitatezkoa eta lan baldintza duinak izango dituen zaintza sistema nahi dute ELA, LAB, CCOO eta ESK sindikatuek, eta hori dela eta greba eguna deitu dute martxoaren 4rako. Adineko zentroetan lan egiten dutenak, aniztasun funtzionalaren eremuan lan egiten dutenak, esku hartze sozialeko langileak, adin txikietakoa zentroetakoak, etxeko langileak edota etxez etxeko laguntza ematen duten langileak deitu dituzte grebara.

Urtarrilaren 26an eta aurretik, azaroan, deitutako mobilizazioen jarraipena dela diote eta LABek esan duenez "inflexio puntu berria" ezarri nahi dute biharko greba egunarekin. ELAk bere aldetik, Eusko Jaurlaritzak, Emakunderen bidez, Martxoaren 8rako egindako Nork zaintzen du? kanpaina ekarri du gogora: "ELAtik urteak daramatzagu arazo hau mahai gainean jartzen, eta Eusko Jaurlaritza bezalako erakundeak urteak daramate beste alde batera begira. Martxoaren 8an ahoa betetzen zaie hitz politez baina egunerokotasunean COVID pandemiaren aurrean langileak bakarrik uzten dituzte. Daukaten interes bakarra enpresei dirua bideratzea da". 

LABek ere gizarte zerbitzuen eta zaintza lanen sistemaren ahuleziak aipatu ditu: "Pandemiak bi gai utzi ditu agerian. Alde batetik, gizarte zerbitzuek bizitza mantentzeko duten garrantzia, beraz, langile guztiek egiten duten funtsezko zaintza funtzioa. Bestetik, zaintzaren funtzioa eta gizarte zerbitzuen eta zaintza lanen sistemaren ahuleziak ez direla aintzat hartzen, gutxi batzuen negozioa baitute oinarri, erabiltzaileen osasunaren eta langileen baldintza txarren kontura".

Aldarrikapenak

Egoera ikusita bi sindikatuek biharko greba egunarekin gizarte zerbitzu guztiak publiko egitea aldarrikatuko dute, langile guztiak subrogatzeko eta euren finkotasuna bermatzeko eskatuz. Era berean, lan baldintza duinak izango dituen sistema exijituko dute. Gainontzean ELAk genero arrakala ezabatzeko benetako neurriak dituen sistema bat eskatzen du, laneko osasuna bermatzeko neurri eraginkorrak dituen sistema izango dena eta "langileentzako erreparazioa emozionalerako plan bat izango duena". LABek aurrekontua ere aipatu du: "Behar besteko aurrekontua bermatu behar da, gizarte zerbitzuen eta zainketa zerbitzuen euskal sistema publikoa aurrera eramateko, kudeaketa zuzenekoa, komunitarioa, unibertsala, doakoa eta kalitatezkoa".

Sindikatuek mobilizazioa egingo dute bihar Zaintza lanak aitortu orain! lelopean Donostiako bulebarrean, 11:30etik aurrera.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!