Tolosaldeko ospitale publikoa

Tolosaldeko Alkateen Mugimendura batzeko deia, falta diren alkateei

Eneritz Maiz Etxarri 2021ko ots. 25a, 07:59

Tolosaldeko Alkateen Mugimenduan dauden 25 alkatek elkarlanerako gonbita egin diete, guztien artean «osasun eredua eta behar diren azpiegiturak adosteko».

Tolosaldeko Alkateen Mugimenduak Tolosa, Abaltzisketa, Belauntza, Berrobi, Larraul eta Andoaingo alkateei eskatu diete mugimendura batzeko. Tolosaldeko Alkateen Mugimenduak Tolosaldeko osasun eremuko 25 alkate elkartzen ditu, eta falta diren sei ordezkariak elkartzea nahi dute, eskualdeko ospitale publikoaren inguruan, hitz eginez adostasunera iristeko.

Pili Legarra, Inaki Irazabalbeitia eta Beatriz Unzue Asteasu, Alkiza eta Amasa-Villabonako alkateek hitz egin dute Tolosaldeko Alkateen Mugimenduaren izenean. 2020ko azaroan egin zuten azken agerraldian, osasun mahaia eratzeko proposamena aurkeztu zutela gogoratu dute; «osasun eragileei, udalei eta langileen ordezkariei gure asmoen berri eman genien», azaldu du Beatriz Unzue Amasa-Villabonako alkateak. Bada, bilera horien ostean, ondorio nagusia zehaztua dute: «Tolosaldean osasun arreta publikoa, kalitatezkoa eta euskalduna izateko gure asmoak adostasun zabala izan du». Beraien ustez, «orain da unea Tolosaldean zer nolako osasun eredua eta azpiegiturak behar ditugun guztion artean hitz egin, eztabaidatu eta adostekoa».

Erronka horri, «eskualde modura eta elkarlanean» erantzuteko garaia dela adierazi du Unzuek; «ez da alderdikeriaz eta bestelako interesen arabera jokatzeko unea, akats bat egingo baikenuke gai honi guztion adostasunik gabe erantzuten badiogu».

Tolosaldeko Alkateen Mugimenduan parte hartzen duten alkateek garbi dute: «Edozein delarik erabakia, erabaki horrek konpartitua izan behar du». Elkarren artean hartu behar dituztela erabakiak diote, eta «lidergo konpartitua izatea beharrezkoa da». Mugimenduko alkateen ustez, «horrela bakarrik lortuko dugu guztiok gure egitea hemen erabakitzen dena, guztiok gustura sentitzea hartzen dugun erabakiarekin eta horregatik dei egiten diegu oraindik mugimenduaren parte ez diren gainerako alkateei eta gainerako udalei», azaldu du Inaki Irazabalbeitiak.

Beraz, guztiek batera parte hartzea nahi dute: «Horrela bakarrik lortuko baitugu Tolosaldeko herritar guztiak eta Tolosaldeko udal guztiak, lortzen dugunarekin ados eta gustura geratzea».

Pili Legarrak, bere aldetik, legegintzaldi honetan lortu dela udal guztiak «osasun publiko baten alde» egotea azaldu du. Aurreko legegintzaldietan hori ez zutela lortu esan du; «denok helburu bakarrera bagoaz, eta ados baldin bagaude, orain da garaia esertzeko eta gauzak adosteko». Denen onerako izango den zerbitzu bat lortzeko izango delakoan da. Guztiek helburu bera izanik, hau da, ospitale publiko bat izatea, horra atxikitzea nahiko luke asteasuarrak.

HIRU MAHAI, AURRERA EGITEKO

Alkateen mugimenduak auzi honekin aurrera egiteko hiru mahai antolatzea beharrezkoa izango litzatekeela proposatu du. Inaki Irazabalbeitia Alkizako alkateak esan duenez, martxoa hastearekin batera hasiko lirateke lanean.

Lehen mahai horretan osasun arloko pertsona kualifikatuaz gain, gizarte zerbitzuetako profesionalak eta erakundeetako ordezkariak egongo direla aurreratu dute. «Osasungintzaren ikuspegitik Tolosaldearen beharrak zeintzuk diren aztertu, eta balizko ospitale horren egitura nolakoa izango litzatekeen argituko luke», esan du Irazabalbeitiak.

Bigarren mahaiak gaur egungo errealitateari erreparatuko lioke; «gaur egungo errealitatea da ospitale pribatu bat dugula, eta langile batzuk daudela bertan», dio alkizarrak. Egoeran jarri du azpimarra: «Langileen egoera ere kontuan hartu behar da edozein konponbide planteatzen den momentuan». Asuncion Klinikako langileen arazoaren konponbidean laguntzeko helburua izango duen lan taldean, Tolosaldeko Alkateen Mugimenduko ordezkaritzak egingo du lan, eta klinikako langileen ordezkariekin eta gainerako erakunde inplikatuekin «elkarrizketak erraztuz» eta «beharrezko adostasunak lortzeko» aukera desberdinak mahai gainean jarriz ariko litzatekeela lanean zehaztu dute.

Azken lan talde batek puntu garrantzitsu bat jorratuko luke Irazabalbeitiaren hitzetan: «Non kokatuko dugun ospitale hori. Hainbat aukera daude, eta aukera bakoitzak bere aldeko eta kontrako puntuak ditu, baina hori guztion artean erabaki beharreko puntu bat da». Lanketa horretan ere, Tolosaldeko Alkateen Mugimenduko kideek izango lukete ardura nagusia.

31 udal dira Tolosaldeko osasun eremuan daudenak. «Ezezko biribilik ez dugu jaso, baina guk berriro ere gonbita luzatzen diegu falta direnei», gaineratu du Unzuek.

PROPOSAMENEKIN ADOS

Foru Aldundiak eta Tolosako Udalak Tolosarako eginiko zortzi proposamenekin «ados» daudela adierazi dute. «Baina, guk proposamen horiek mahai honetara ekartzea nahi dugu, eta guztion artean adostea», azaldu du du Unzuek. «Ez gaude itxita», diote.

Kokagune guztiak aztertuak izango direla aurreratu dute, eta Tolosak eginikoarekin ados badaude ere, ez duela zertan Tolosan kokatu behar ospitaleak uste dute mugimenduko alkateek. Hori bai, N-1 errepidearen eta Renferen trenbidearen ardatzean egon behar duela ospitaleak uste dute alkateek, «mugikortasuna errazteko eta herritarrek garraio publikoa erabili ahal izateko».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!