Tolosaldeko ESIaren eta Asuncion klinikaren etorkizunari buruz aritu ziren atzoko bileran. Telematikoki egin zuten eta bertan Tolosaldeko alkate sozialistek hartu zuten parte, hau da, Berrobiko eta Larraulgo alkateek. PSE-EEk jakinarazi du lehendabizi sailburuari eskerrak eman zizkiotela "honek emandako azalpenengatik" eta "positibotzat" jo dutela Sagarduik Tolosaldeko alkate sozialistekin "etengabeko" komunikazio-linea zabalik edukitzeko hartutako konpromisoa. Bileran Osasun Saila jada lantzen ari den eskualdeko zerbitzuen mapa eta plan funtzionala aztertu zituzten. "Halaber, Asuncion klinika kudeatzen duen Inviza SA enpresarekin aurten berritu behar duten hitzarmen-kontratuari buruz ere hitz egin zuten, eta lan hori aurreratuta dagoenean beste bilera batzuk egiteko konpromisoa hartu zuten bileretan zuzeneko informazioa jasotzeko", gaineratu du alderdiak.
Bestalde, alkateek herritarrek helarazitako kexen berri eman zioten Osasun sailburuari eta kexa horiek zentroaren balorazio-txostenekin alderatu ahal izan zituztela esan dute. "Gainera, Tolosaldeko ESIaren inguruan herritarren egindako erreklamazioak eta eskaerak egiaztatuko dituela hitz eman zuen Sagarduik". Azkenik, PSE-EEk esan du alkateen ustez Eusko Jaurlaritza "ahaleginak" egiten ari dela "Tolosaldeko herritarren premiei erantzungo dien soluzioa bilatzen".