Altunarentzat izan da Jakaren aurkako derbia

Tolosaldeko Ataria 2021ko ots. 23a, 07:59
Jokin Altuna, artxiboko irudi batean.

Altuna III.ak eta Mariezkurrena II.ak 15-22 irabazi diete Jaka eta Martijari Urdulizen, zortzigarren jardunaldian.

Binakako Pilota Txapelketaren bigarren itzuliari hasiera eman diote asteburuan, zortzigarren jardunaldia jokatuz. Eskualdeko derbietako bat zegoen jokoan, Urdulizen, Aspe enpresako Altuna eta Jaka aurrez aurre jartzen zituena. Amezketarrak irabazi du puntua, Mariezkurrena II.arekin batera Jaka eta Martijari 15-22 irabazi ondoren.

Altuna-Mariezkurrena bikoak, beraz, beren zazpigarren puntua eskuratu dute eta bigarren postuan mantentzen dira, lider doazen Elezkano-Zabaleta bikoarekin berdinduta. Hurrengo partida Ezkurdia-Ladis Galartza bikoaren aurka izango dute, datorren astelehenean. Jaka lizartzarrak ezin izan du garaipenarekin hasi bigarren itzulia eta partida bakarra irabazita zortzigarren postuan dago. Hurrengo partida bikote indartsuenaren aurka jokatuko dute, Elezkano-Zabaleta, igandean, Tolosako Beotibar pilotalekuan.

Asteburuan ez du jokatu oraindik Iñaki Artolak, eta dagoeneko bosgarren partida du kantxetatik kanpo. Bere ordezkoak, Bengoetxea VI.ak, eta Arangurenek 16-22 galdu zuten Olaizola II-Rezusta bikoaren aurka. Beraz, Artola-Aranguren bikoak garaipen bakarra dute eta zazpigarren postuan daude. Hurrengo partida Urrutikoetxea-Imaz bikotearen aurka dute, larunbatean.

Zortzigarren jardunaldiko azken partidan jokatzekoa zen Jon Ander Peña tolosarra. Albisu atzelari zuela, atzo gauean jokatzekoak ziren Urrutikoetxea-Imaz bikoaren aurka, Ataunen. Partida jokatu aurretik, laugarren postuan zeuden Peña eta Albisu. Datorren jardunaldian Olaizola II-Rezusta izango dituzte aurkari, ostiralean jokatuko den partidan.

Promozio mailan, Iker Elizegi asteasuarrari ez doakio batere ondo txapelketa, emaitzei dagokionez. Arteaga II.arekin batera 21-22 galdu zuten Larrazabal-Ezkiroz bikotearen aurka. Arteaga II-Elizegi, honenbestez, sailkapeneko azken postuan daude, eta oraingoz garaipen bakarra lortu dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!