Hezkuntza sailaren berririk gabe jarraitzen dutela salatu dute

Tolosaldeko Ataria 2021ko ots. 23a, 07:57
Haur eskoletako langileek atzo Donostian egindako elkarretaratzea. Iturria: LAB sindikatua

LAB, ELA eta Steilas sindikatuek deituta greba egunak dituzte haur eskoletan; deialdiak %72ko jarraipena izan du. Elkarretaratzeak egingo dituzte gaur Baliarrainen, Amezketan, Amasa-Villabonan, Orendainen eta Tolosan.

Sindikatuek argitu dutenez %72ko jarraipena izan zuen atzo, haur eskoletan deitutako greba egunak. Gaur eta biharko ere greba deitu dute. LAB, ELA eta Steilas sindikatuek esan dutenez, «lotsagarria eta erantzukizun politiko eskasa izatea iruditzen zaigu EAEko Hezkuntza Saileko arduradunen negoziatzeko borondate eza eta langileon aldarrikapenei muzin egitea». Izan ere, abenduaren 22ko mahai negoziatzailean Hezkuntza sailak Haurreskolen bideragarritasuna zalantzan jarri zuela salatu dute eta «2018ko irakaskuntza publikoko kolektibo guztien mobilizazioen barruan egindako dinamika luzearen osteko akordioen artean, Haurreskolak Patzuergoan sinatutakoa soilik ez dagoela indarrean esatera ausartu ziren inongo lotsarik gabe».

Hezkuntza sailarekin egin beharreko bilera bitan atzeratu dietela esan dute sindikatuek. "Isiltasun hau negoziazio kolektiboaren kontrako eraso zuzena eta alde sozialaren lana oztopatzeko eta ikusezin bihurtzeko ahalegina dela salatu nahi dugu. Urteetan zehar Haurreskolak Patzuergoan lortutako hezkuntza kalitatearen defentsan egindako lanaren eta langileak mobilizazioen bitartez lortutako lan baldintzen hobekuntzen defentsan jarraituko dugula argi utzi nahi dugu". 

Haur eskoletako langileek Haurreskolak Patzuergoaren doakotasuna eskatzen dute eta Hezkuntza sailean sartzea; dauden akordioak errespetatzea eta betetzea; lan hitzarmen berriaren negoziazioa abiatzea; langileen behin behinekotasun tasarekin bukatzea eta lanpostuak egonkortzea; irakaskuntza publikoan Osakidetzak egiten duen Norbera Babesteko Ekipamenduen horniketan Haurreskolak Patzuergoa gehitzea; eta aurrekontua handitzea. Egoera ikusita mobilizazioekin jarraitzen dute eta eskualdean hainbat elkarretaratzea egingo dituzte gaur. Baliarrainen esate baterako gogoratu dute 2003tik dagoela martxan eta haur eskola ezinbestekoa dela herria bizirik mantentzeko eta haur txikiei baliarraindar nortasuna sortzen. Familiek duten inplikazio handia nabarmendu dute ere.


Gaurko deialdiak

  • Baliarrain. 17:00etan, plazan.
  • Amezketa. 17:00etan, plazan.
  • Amasa-Villabona. 17:30ean,  Malkar plazan.
  • Orendain. 17:30ean, plazan.
  • Tolosa. 18:00etan, Trianguloa plazan. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!