Kronika

Mankomunitateak dio aurreko legealdiko ordenantza betearazi baino ez duela egin

Erabiltzailearen aurpegia Goierriko Hitza: Ariane Vierbücher 2021ko ots. 22a, 11:59

Aralarko abeltzainei bidalitako gutunen harira azalpenak eman dituzte. Baserritarrek, ENBAk eta EHNEk atzean beste asmo batzuk daudela diote.

Aspaldi ez zela horrenbeste jende biltzen Ordiziako udalbatzan. Enirio-Aralar Mankomunitateko zuzendaritza biltzekoa zen pasa den ostegunean eta mahai gainean zuten, azken egunetan zalaparta dezentekoa sortu duen gai bat: 2016ko larre eta txabolen ordenantza betearazteko mankomunitateko lehendakariak sinatuta abeltzainek jasotako gutuna. Abaltzisketa, Altzaga, Arama, Beasain, Lazkao eta Gaintzako ordezkariek sinatu zuten eskaria. Gai zerrendako puntuak halaxe zioen: «Zuzendaritza batzarrean tratatu gabe, ordenantzen trataera berria dela eta, hainbat abeltzainei bidali zaizkien gutunen nondik norakoen informazioa ematea, gaia eztabaidatu, eta ahal bada adostasun batera iristea. Bide batez, Aralarko Baserritarren Elkartea, eta ENBA eta EHNE sindikatuetako kideei beraien azalpenak emateko agerraldia egiten uztea».

Bi ordu luze iraun zituen eztabaidak, eta hitza hartzen lehena Leire Artola Beasaingo ordezkaria izan zen: «Adostasun batera iristeko asmoarekin gaude hemen, uste dugu, ez gaudela ingurumen arazo baten aurrean, arazo administratibo baten aurrean baizik, eta mendiak iazko karga bera jasan dezakeela uste dugu. Eskatzen dugu, adostasun bidean jartzea, aurten abere karga horiek onar daitezela, eta datorren urtera begira, soseguz eta patxadaz adostasuna bilatzea».

Adur Ezenarro mankomunitateko lehendakariak hartu zuen hitza jarraian. Eskariak dioenez, erabakiak hartu dira zuzendaritza batzordetik kanpo, eta argitu zuen, «erabakiak ez direla legealdi honetan hartu, aurrekoan baizik». Larre eta txabolen ordenantza, 2016koa dela gogoratu zuen, mankomunitateko zuzendaritza, beste ordezkari batzuk osatzen zutenekoa: «Ordenantza hori, orain kexu diren haien botoekin onartu» zen. Zortzi aldeko bozka (Ordizia, Abaltzisketa, Amezketa, Arama, Lazkao, Altzaga, Beasain, eta Ataun) eta bost abstentzio (Zaldibia, Legorreta, Ikaztegieta, Itsasondo eta Baliarrain). Kontrakorik ez zen egon. Behin eta berriz errepikatu zuen ez duela ulertzen nola aurpegiratzen dioten ordenantza bat betearaztea.

Ordenantza guztiekin egiten den moduan, erakustaldi publikoan egon zela ere aipatu zuen Ezenarrok, «alegazioak egiteko aukera» izan zela, alegia, baina «ez Aralarko Baserritarren Elkarteak, eta ez ENBA eta EHNE sindikatuek, ez zutela alegaziorik aurkeztu».

Argitu zuen baita ere, 2021 urteko larrealdirako 134 eskari jaso dituela mankomunitateak. «Gehiengo zabalak ordenantza ondo bete» duela, eskari gutxi batzuk direla onartu ez direnak; «17 gutun bidali dira».

Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratuta dagoen ordenantzaren nondik norakoak ere azaldu zituen Ezenarrok. Ordenantzak zehazten ditu, larreak ustiatzeko arauak, eraikuntza desberdinen definizioa, txabolen ezaugarri eta erabilera baldintzak, emakida eta horren xehetasunak, kanonaren ezarpena, kontzesiodunaren eskubide eta betebeharrak, eta azkenik, zigor jardunbidea. 

Albistea osorik Goierriko Hitzaren webgunean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!