«Eta zu, zer zara, zubi ala harresi?»

Ataria 2021ko ots. 20a, 15:15

Emakumeen Mundu Martxaren V. Ekintzak Euskal Herrian egingo duen bidea Tolosaldean abiatu du. Aiztondon egin du lehenengo geldialdia eta Tolosan bigarrena.

Bost urtez behin mundu osoa zeharkatzen duen Emakumeen Mundu Martxa gaur iritsi da Euskal Herrira. 27 eskualdetatik zehar egingo duen ibilaldia Tolosaldean hasi du. Aiztondoko Mugimendu Feministak 10:00etarako prestatu du harrera ekitaldia Zizurkil eta Villabona arteko Zubimusun. Zubiek pertsonaia migratzaileentzat duten esanahia irudikatu nahi izan dute: "Inoiz jendea konektatzeko baliagarriak izan ziren zubiak harresi bilakatu dira askorentzat, ez dute pertsonen joan-etorria ahalbidetzen; gune horietan pertsonak diskriminatu, zapaldu, baztertu eta hil ere egiten dituzte".

Mugimendu feministak mugak hausteko deia egin du eta salatu du transnazionalak direla sistema arrazista, kapitalista eta heteropatriarkala sostengatzeko tresna. Emakumeei bidea nola oztopatzen dieten irudikatzeko, transnazionalen izenekin osatutako harresia apurtu dute Aiztondoko emakumeek oihu eta irrintzi artean.

Furgoneta ibiltaria

11:30ean iritsi da Aiztondora Emakumeen Mundu Martxaren furgoneta eta egunotan feministek elkarrekin aldarrikapenez josi duten oihala entregatu diete ekimenaren ordezkariei. Handik Tolosarako bidea hartu du martxak.

Besteak beste, Tolosa Trianguloan bildu dira Tolosako Asanblada Feministako kideak, Altzoko Mariren Alabak talde feministakoak eta Ibarrako Deabruak Kalera Asanblada Feministakoak. Haiek ere aldarrikapenekin bete dituzte zapiak eta gaur elkartu dituzte Tolosan: Arrazakeria eta transnazionalen aurka, justizia sozialaren alde; Eraldatzeko martxan; eta Deseraikiz zubiak eraikitzen irakurri zitekeen aipatutako oihaletan.

Emakumeen Mundu Martxako ordezkariek eskerrak eman dizkiete Tolosaldeko feministei egindako ekarpenagatik eta mugimenduak beharrezkoa duen arrazakeriaren aurkako jarreran sakontzeko deia egin dute, begirada dekoloniala landuz. "Jendarteak normalizatu egin du pertsona migratu eta arrazializatuen gorputzen aurkako biolentzia. 600.000 pertsona migratu baino gehiago dira Espainiako estatuan modu irregularrean bizi direnak, lan baldintza prekarioetan eta ia eskubide sozialik gabe. Esplotaziora kondenatuta daude, bereziki heldu eta dependentzia duten pertsonen zaintzan, etxeko lanetan, garbiketan edota nekazaritzan aritzen diren emakumeak", esan dute ekitaldian.

Ekimenaren bultzatzaileek adierazi dutenez ez da nahikoa migrazio politika eta lege injustuak salatzea, konpromisoak hartu behar ditu jendarteak, "deportazioarekin, polizia gehiegikeriarekin edo lan baldintza prekarioekin bukatzeko". Konpromiso kolektibo feministak beharrezkoak direla uste dute, Euskal Herrian bizi proiektua aurrera daramaten emakume migratuen giza eskubideak errespeta daitezen. "Pertsona migratuok indarkeria arrazistak ezartzen duen harresia gainditu behar izaten dugu egunero. Gutako askorentzat zubiak egon badaude. Eta zu, zer zara, zubi ala harresi?".

Ikuspegi hori lantzeko dosierra prestatu du Emakumeen Mundu Martxak azken hilabeteetan Emakume Migratuen Sarea, Feministas por Nicaragua edota Mujeres del Mundo bezalako kolektibo eta elkarteen ekarpenekin. Orain tokian tokiko talde feministek aztergai dute txostena eta gogoeta horretan sakontzen ari dira. Aiztondon, Altzon eta Tolosan, besteak beste, hasiak dira lanketa egiten.

Irun-Hendaia artean, martxoaren 6an

Gaur Emakumeen Mundu Martxak Tolosaldean abiatu duen bidea, Irun eta Hendaia arteko zubian amaituko da martxoaren 6an, Euskal Herriko 27 eskualdetatik igaro eta gero. Egun horretan emakume migratu eta arrazializatuen kolektiboez osatutako alternatiba feministen azoka egingo dute, baita mugen eta transnazionalen aurkako adierazpen artistiko eta politiko feminista ere.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!