Pablo Haselen askatasuna eskatzeko elkarretaratzea egingo dute

Ataria 2021eko otsailaren 20a

Tolosaldeko Kontseilu Sozialistak deitu du mobilizazioa Tolosaldeko GKSrekin batera. "Atxiloketa salatzeko eta proletalgoaren askatasun politikoak defendatzeko", kontzentrazioa egingo dute, 19:00etan, Tolosako Plaza Zaharrean.

Asteartean atxilotu zuten Lleidan Pablo Hasel eta ordutik protesta ekitaldi ugari egin dira adierazpen askatasuna aldarrikatu eta rap kantariari elkartasuna adierazteko. Tolosaldeko Kontseilu Sozialistaren ustez, oinarrizko eskubideen ezabapenaren adibidea da Haselen espetxeratzea: "Demokrazia burgesa ezartzen ari diren totalitarismo testuinguruan, askatasun politikoen auzia gero eta garrantzitsuagoa bihurtzen ari da; askatasun politikoen gabezian langileen babes-eza handitu egiten baita, eta erregimen horri aurre egiteko saiakerak gero eta gogorrago kolpatzen dituzte agintariek".

Tolosaldeko Kontseilu Sozialistak esan duenez orain inoiz baino beharrezkoagoa da askatasunak eta eskubideak aldarrikatzea. "Prozesu horretan amnistiaren aldarriak ere bere lekua hartzen du. Zergatik? Burgesiaren erregimenari aurre egiteagatik jasaten dugulako errepresioa".

Gaur, larunbata, 19:00eta egingo dute elkarretaratzea Tolosako udaletxe parean 19:00etan, osasun neurri guztiak betez.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!