Emakumeen Mundu Martxari ongietorria egingo zaio etzi

Tolosaldeko Ataria 2021ko ots. 18a, 11:58

Aiztondon, Villabona eta Zizurkil arteko zubian aurrena eta gero Tolosako Trianguloan egingo dira ekitaldiak larunbatean

Iazko urrian eman zitzaion hasiera Emakumeen Mundu Martxaren V. Nazioarteko Ekintzari. Transnazionalak, mugak eta migrazio-politikak ikusgarri egiteko, eta aldi berean, salatzeko baliatu nahi du ekimena mugimendu feministak. «Transnazionalak sistema arrazista, kolonial, kapitalista eta heteropatriarkalaren tresnak diren aldetik, pertsona migranteen zein jatorrizko lurraldeetan daudenen bizitzak zapaltzen dituzte».

Ikur gisa zubiak eta zapiak erabiliko dituzte. «Inoiz jendea konektatzeko baliagarriak izan ziren zubiak harresi bilakatu dira askorentzat, eta ez dute pertsonen joan-etorria ahalbidetzen; gune horietan pertsonak zapaldu, baztertu eta hil egiten dituzte. Arrakalak sortu nahi ditugu zubi-harresietan eta horretarako zapiak erabiliko ditugu, taldearen eta norbanakoaren konpromisoa oinarri izango dutenak».

Egunotan zapi kolektiboak atontzen aritu dira herriz herri eta larunbatean Emakumeen Mundu Martxako furgoneta eskualdetik pasatzen den momenturako prest izango dituzte. Bilketa 10:00etan egingo dute, Villabona eta Zizurkil arteko Zubimusun eta Tolosako Trianguloan, Tolosa, Ibarra eta Altzoko oihalak jasoko dituzte han. Tolosan, arrazismoaren aurkako paperezko mural bat egingo dute 11:00etan eta eguerdian egingo diote harrera furgonetari.

Azken asteetan Tolosaldeko Mugimendu Feminista hausnarketan ibili da, Emakumeen Mundu Martxarako prestatu den txostena aztertzen.  "Europako ongizateak oinarrian dituen pribilegioak identifikatzea eta horri dagokionez guk geuk dugun rolari eta erantzukizunari buruz hausnartzen aritu gara. Zer egin genezake mugimendu feminista antiarrazista garatzeko? Zein alternatiba indibidual eta kolektibo ditugu egungo sisteman pitzadurak egiteko?", galdetu dute.

Emakumeen Mundu Martxak Euskal Herrian zehar egingo duen ibilbidea Aiztondon abiatuko du etzi. Zapi bilketa egingo du ondoren, 27 eskualdetatik igarota. Ekimena amaitzeko, martxoaren 6an, Irun eta Hendaia arteko mugan emakume migratu eta arrazializatuen kolektiboez osatutako alternatiba feministen azoka egingo dute., baita mugen eta transnazionalen aurkako adierazpen artistiko eta politiko feminista ere.

EKITALDIAK

Otsailak 20, larunbata

10:00. Aiztondon Zubimusun eta Tolosan Trianguloan zapi bilketa.

11:00. Tolosako Trianguloan murala.

12:00. Emakumeen Mundu Martxaren furgonetari ongietorria eta ekitaldia Tolosan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!