Maialen Muñoz, Euskal Herriko txapeldun, krosean

Josu Artutxa Dorronsoro 2021ko ots. 18a, 07:57

Tolosa CF Atletismo klubeko korrikalaria izan zen azkarrena, igandean, Getxoko lasterketan; hilaren 27an, Espainiako Txapelketan izango da ibartarra, euskal selekzioa ordezkatuz.

Igandean, Espainiako Kros Txapelketara sailkatzeko lasterketa jokatu zen Getxon. Emakumezkoen mailan, lasterketa irabazi eta Euskal Herriko txapeldun izatea lortu zuten Maialen Muñoz ibartarrak, 38:47ko denborarekin. «Sekulako emaitza lortu du. Lasterketa izugarria egin zuen, amaiera aldera erritmoa bizkortuz eta helmugara bakarrik helduz», azaldu dute Tolosa CF Atletismo klubetik. Emaitza honi esker, hilaren 27an eta euskal selekzioa ordezkatuz, Getafen jokatuko den Espainiako Kros Txapelketan parte hartzeko txartela lortu du Muñozek.

Muñozekin batera, klubeko lau gizonezkok hartu zuten parte Getxoko lasterketan. Aitor Regillaga hogeita hirugarren izan zen, Ibai Madina hogeita bosgarren, Andoni Saldias hogeita hamahirugarren, eta Iker Manso hogeita hamazazpigarren. Regillaga, gainera, azkarrena izan zen beteranoen mailan.

Martinez de Rituertoren errekor berria

Bestetik, asteburuan ere, pista estaliko 23 urtez azpiko Espainiako Txapelketa jokatu zen Valentziako Luis Puig pabiloian. Eunate Martinez de Rituerto tolosarrak lortu zuen emaitzarik aipagarriena, altuera jauzian. 1,69 metroko jauziarekin, bosgarren sailkatzea lortu zuen, podiumetik oso gertu. Martinez de Rituertok ezarritako marka, gainera, klubeko errekor berria da, berak aurretik ezarrita zuena baino zentimetro bat altuagoa.

Izaro Perurena herrikidea ere oso ondo aritu zen, 1.500 metroko proban. 4:47ko denborari esker, finalean sartzea lortu eta zortzigarren izan zen. Ainhoa Gibelalde, berriz, marka pertsonaletik gertu ibili zen, 60 metroko (hesiekin) proban. «Irteera oso ona izan ez bazen ere, hirugarren hesitik aurrera oso ondo aritu zen, aurkariak harrapatzen joan zelarik». Azkenean, 9:05eko denbora egin zuen.

200 metroko proban, Ander Uranga anoetarrak ez zuen finalera sailkatzea lortu. «Hasiera txarra izan zuen finalerdietako kanporaketan, motel abiatuz. Erreferentziarik gabe zihoanez, aurkariek aurre hartu zioten, eta gero ezinezkoa izan zen egoerari buelta ematea», diote klubetik. Azkenean, bederatzigarren izan zen, 22:24ko markarekin, finalera sartzetik postu bakarrera.

Erkki Zeberiok, zilarra

Tolosa CF Atletismo klubetik kanpo aritzen diren eskualdeko bi atletak ere parte hartu zuten txapelketan. Batetik, Atletico San Sebastian taldeko Erkki Zeberio tolosarra bigarren izan zen luzera jauzian, 7,21 metrotako markarekin. Zeberiok bigarren jauzian lortu zuen marka hori, baina guztira baliogabeko lau jauzi egin zituen. Super Amara BAT taldeko Iker Arotzena izan zen onena, 7,46 metrotako jauziarekin. 

Bestalde, Playas de Castellon klubeko Maria Lasa irurarra, 800 metroko proban aritu zen. Finalerdietako kanporaketan, laugarren izan zen bere lasterketan, 2:12:89ko markarekin, baina ez zuen finalean sartzea lortu; 21 ehunenekotara geratu zen.

2 minutu bizkorrago

Igandean, bestalde, Espainiako Errepideko Ibilketa Txapelketak jokatu ziren Sevillan. Hodei Caballero ordiziarra izan zen Tolosako klubeko ordezkari bakarra; 10 kilometroko proban hartu zuen parte. Lasterketa abiatu aurretik, hamabosgarrena zen sailkapen orokorrean, 48:50eko denborarekin, baina lasterketa bikaina egin ondoren, 20 urtez azpiko mailan, estatuko hamargarren izatea lortu zuen. 46:52ko marka ezarri zuen, bere marka ia bi minutuan hobetuz. «Emaitza izugarria da, azken hilabeteetan Josu Gomez prestatzailearekin egindako lan bikainaren erakusgarri, zalantzarik gabe».

Jaurtitzaileak, lanean

Asteburu berean, jaurtiketa probetako bi lehiaketa izan dira. Iruñean, Euskal Herriko eta Nafarroako Txapelketak ospatu ziren. Tolosako klubeko Ainhoa Toledo zumarragarra bosgarren izan zen mailu jaurtiketan, 36,32 metroko jaurtiketarekin. Bestetik, Espainiako Federazioak Leongo errendimendu altuko zentroan antolatu zuen 20 urtez azpiko atleten kontzentrazioan izan zen Maria Felisa Okomo pisu jaurtitzaile tolosarra.

Azkenik, klubeko 58 kide, aukera askeko azken frogetan aritu dira Donostiako belodromoan, marka onak lortuz. Asteburuan, lasterketa eta proba ezberdinetan eskualdeko atletek erakutsitako maila goraipatu dute klubetik, guztiak zorionduz.

Valentzian jokatutako 23 urtez azpiko Espainiako Txapelketako argazkiak: MOMENTO DEPORTE

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!