ELAk beste bi greba egun deitu ditu Gipuzkoako egoitzetan

Ataria 2021ko ots. 17a, 15:00

246 eguneko grebaren ostean, egoitzetako langileek beste bi greba egun egingo dituzte otsailaren 25ean eta martxoaren 30ean; sektorean baliabide falta nabarmena dagoela salatu dute.

Otsailaren 25erako eta martxoaren 30erako bi greba egun deitu ditu ELAk Gipuzkoako egoitzetan, "langile gehiago eskatzeko, prekarietatea desagerrarazteko eta langileei emozioak konpontzeko".  Horren berri eman dute goizean Tolosako Trianguloan egin duten elkarretaratzean.

Pandemia garaian egiturazko arazoak handitu egin zaizkiela salatu dute: "Beharrezkoa da ratioak handitzea, eta beharrezkoa da ere langileen erreparazio emozionala egitea eta eredu soziosanitarioen eredu aldaketa, pertsonengan zentratutako ereduan aurrera egiteko".

ELAk adierazi duenez, "Gipuzkoako Foru Aldundiak bere propaganda instituzionalarekin jarraitzen du egoitza askotan bajak eta lizentziak betetzen ez diren bitartean, eta horrekin batera, pandemiaren ondorioz lana berrantolatzeak erabiltzaileentzat denbora gutxiago izatea eragiten du, eta gaur egun erabiltzaile bakoitzari eskatzen zaion denbora, osasun krisia hasi zenekoaren berdina edo txikiagoa da".

Aste hauetan foru aldundiaren aurrekontua eztabaidatzen ari direla ere esan dute. ELAk azpimarratu du agintari politikoek adinekoei arreta emateko erabiliko den diruaz gain, errealitatea "oso bestelakoa" dela. "Aldundiak egoitzetako hitzarmena berritzea eta 1.000.000 euroko partida bideratzea aurreikusten du, baina horrek 14 euroko igoera ekarriko lieke, gehienez, 2017tik hitzarmenik gabe eta 246 greba egun daramatzaten langileei. Probokazio hutsa iruditzen zaigu", gaineratu du sindikatuak.

Hori horrela, ELAk aldundiari exijitu dio berriro ere bilera batera dei ditzatela. Era berean aurreratu dute Batzar Nagusietan ordezkaritza duten alderdi politikoekin erronda bat hasiko dutela hausnarketak eta proposamenak trukatzeko.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!