«Trikiti mundua entzuleengana gerturatu nahi dugu»

Iñigo Terradillos 2021ko ots. 20a, 07:58
Gogotsu daude bi trikitilariak ‘Hauspo Artean’ saioari ekiteko. I. TERRADILLOS

Datorren larunbatean, hilaren 27an, hasiko da Hauspo Artean irratsaioko denboraldi berria; gonbidatuko dituzten trikitilariei gertuko galderak «guztiok jakin nahi ditugunak» egingo dizkietela azaldu dute Ataria Irratiko saioko gidari berriek.

Trikiti doinuez gozatzeko aukera izan ohi da Ataria Irratian larunbat goizetan. Eta azken urteetan trikitian gehiago sakontzeko, trikitiaren historia ezagutzeko, berritasunak entzuteko edota trikitilariei ahotsa emateko trikitiari buruzko Hauspo Artean saioa ere izan dugu. Egoera ezohikoak bultzatuta, atzerapen pixka batekin dator saioa, eta hurrengo larunbatean ekingo dio ibilbide berriari, gidari berriekin; Ander Malbadi eta Eneritz Aulestiaren lekukoa hartu baitute Maixa Lizarribarrek (Altzo, 1971) eta Manex Torrealdaik (Usurbil, 1992).

Trikitilariak biak, musika egiten ez ezik, irakasten ere aritzen zarete. 

Manex Torrealdai. Trikiti irakasle bezala nabil, eta une honetan, trikitiarekin gauza berriak sortzea albo batera utzita daukat. Talde batzuetan ari nintzen, baina, pandemiaren eraginez, geldi gaude. Orain, gainera, gitarra ikasten ere ari naiz, eta horrekin nabil buru-belarri. Beraz, trikiti eskolak emateko erabiltzen dut soilik trikitia, baina, badaukat gogoa berriro ere hartzeko, jotzeko eta sortzeko.

Maixa Lizarribar. Gazte zarenean beste modu batera egiten dira gauzak, eta iturria emari handiagokoa izaten da. Helduago garenean, beste lehentasun batzuk markatzen joaten gara, eta agian, ekoizteko denbora gutxiago izaten dugu. Hala ere, orain lau trikitilari elkartu gara, eta Amak sortu dugu. Une honetan gauzak sortzen ari gara, eta estudioan sartzera goaz.

Nolatan zarete trikitilariak?

M. T. Bederatzi urterekin hasi nintzen, baina, seriotasunez esango nuke hamabost urterekin hasi nintzela trikitiarekin. Bederatzi urtetik hamabost urtera ikasle alperrena baino alperragoa izan nintzen. Juan Tapiarekin ikasi nuen nik, eta beti kontatzen dut ama nola joaten zen irakaslearengana esanez pazientzia eduki zezala nirekin. 

M. L. Nire kasuan, irabazi nuen borroka bat izan zen. Amak esaten zuen trikitia gizonezkoen gauza zela, eta borroka potoloa izan zen. Baina, ondoren, behin borroka hori irabazita, eskoletan hasi nintzenetik beti alboan izan nuen ama. Beste garai batzuk ziren. 

M. T. Gero, bat batean, txipa aldatu nuen, jotzen hasi nintzen, eta bizioa hartu nion. Trikiti giroa ezagutu nuen, eta ordutik, oso eroso eta gustura sentitzen naiz giro horren parte izateaz. Oso pozik nago trikitilari izateaz.

M. L. Nik ikasleekin ikusten dudana da patroi berdinekin jarraitzen dugula. Alegia, bertan sortzen den giroa, trikitiaren ingurua, gustatzen zaiela, eta horrek harrapatzen dituela. Lagun berriak egiten dituzte, eta beste kuadrilla bat sortzen dute. Egia esan, zoragarria da trikitiaren ingurua.

M. T. Nik ikasleei pixka bat eusteko esaten diet, etorriko dena are hobea izango delako. Behin 18 urte dituzunean, mundu bat irekitzen zaizu. Niri horrela gertatu zitzaidan. Gidatzeko baimenak, esaterako, trikitiari dagokionez, ate asko zabaldu zizkidan. Afariak, bazkariak, kalejirak, trikiti egunak... beti dago zerbait trikitiaren inguruan. Lagun berriak egiten dituzu, eta azkenean harrapatu egiten zaitu.

Manex Torrealdai eta Maixa Lizarribar, ‘Ataria Irratia’n. I. T.

Festarako aitzakia ematen du trikitiak, izan ere.

M. L. Bai, eta guk geuk sortzen ditugunak izaten dira onenak. 

M. T. Nik gaupasarik onenak trikitia gainean dudala edota beste batzuek ikusten egin ditut. Gogoan dut Errezilen egin genuen trikiti jaialdi bat, afari bat egin genuen, eta horren bueltan trikitilari asko elkartu, eta sekulako festa egin genuen.

M. L. Niri tokatu izan zait horrelakoetan, norbait lehen aldiz joan edo nik eraman, eta erabat harrituta, txundituta, geratzea gure festekin. Eta esan izan didate, trikiti giroan egiten ditugun festa berezi horiek zabaldu egin beharko genituzkeela, ikaragarriak direlako. Baina, guk ezetz diogu, gure arteko festa delako, gure giroan sortua.

Hauspotuz Tolosaldeko Trikitixa elkartea sortzeko arrazoia Tolosaldeko trikitilari eta zaleak elkartu eta giro berezi hori sortzea izan al da?

M. T. Bai, sortu zenean helburuetako bat hori izan zen. Orain, pandemiagatik geratu xamar dago, baina hasiera oso ona eduki du elkarteak.

M. L. Oso ona, bai. Mahaiaren bueltan izan zen, hori ere. 

M. T. Mahai inguruan jende dezente elkartu ginen, bazkaldu, trikitia jotzen hasi ginen, eta denbora luzez egon ginen, etxera joateko inolako presarik gabe, giro ederrean. Trikitixa Eguna ere egin genuen, eta hori ere oso ederra izan zen. Ekitaldi gehiago ere bagenituen aurreikusita, baina, geldialdi hau etorri da.

Nola jasotzen duzue trikitilarien artean trikiti lan berri baten albistea?

M. T. Berri ona izaten da. Amak taldearen kasuan, adibidez, lan berri bat argitara ematea berri pozgarria da. Izan ere, guretzat, edo, niretzat behintzat, beraiek erreferente izan dira. Beraz, taldea sortu eta lan berriak egiten ari direla ikustea oso polita da. Eta, uste dut trikitilari guztientzat dela pozteko berria.

Orain beste modu bateko ekoizpen egingo duzue, irratiaren bitartez.

M. L. Bai. Trikiti munduko lagunak entzuleengana gerturatzea izango da gure helburua.

Saioa nola osatuko duzue?

M. L. Gu ez gara kazetariak, trikitilariak gara, eta trikitilariak ezagutzen ditugunez, esan bezala, gure nahia trikitilariak herritarrengana gerturatzea izango da. Ez diegu galdetuko noiz hasi ziren trikitia ikasten, gertuagoko galderak egingo dizkiegu. Mahai-inguru modukoa, solasaldi modukoa izatea nahi dugu.

M. T. Ez dizkiegu Wikipedian jakin ditzakezunen inguruan galdetuko, galdera pertsonalagoak izango dira. Trikitilari guztiek jakin nahi dituztenak galdetuko dizkiegu.

Manex Torrealdai: «Oso pozik nago trikitilari izateaz, eta eroso eta gustura nago giro horren parte izatearekin» 

Esaterako?

M. T. Zenbat trikiti dituen. Ikasleen lehen galdera izaten da hori.

M. L. Artzain bati zenbat ardi dituen galdetzearekin pareka daiteke hori. 

Eta erantzuten al duzue?

M. L. Ikasleei esaten diet, baina, aurrekoan Manexek esan zidan berari esan izan diotela ez dela esaten. [Barreak].

M. T. Tokatu izan zaigu trikiti topaketetan trikitilari bat etorri, gaztetxoek berari hori galdetzea, eta hori ez dela esaten erantzutea. Nik, asko ez ditudanez, ez dut inolako arazorik esateko.

M. L. Ikusle askok uste dute trikitilari batek kontzertu batera lau trikiti eraman baditu, lau dituela erakusteko eraman dituela. 

Saiora itzuliz, zer gehiago izango du?

M. L. Gomendioak ere egongo dira, eta elkarrizketatuek proposatutako doinuak ere entzungo dira. 

Pentsatuta al dituzue elkarrizketatu nahi dituzuen trikitilari guztiak?

M. L. Buruan baditugu. 

M. T. Gure lehen esperientzia denez, gertukoetara joko dugu batik bat. Punta-puntan dabiltzanak edo egon direnak direla aurreratu dezakegu. 

Ander Malbadi eta Eneritz Aulestiak aurretik eginiko lana jarraitzen al zenuten?

M. L. Bai, eta oso gustura entzuten nituen saioak.

M. T. Lan fina eta ona egiten zuten, eta niretzat ere gustagarria zen entzutea.

Aurreko denboraldietan bezala, Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak babestuko du saioa. Zuek ederki ezagutzen duzue elkartea bera ere.

M. T. Une honetan bertako zuzendaritzako kidea naiz. Bere egitekoa nolabait trikitia babestea da. Trikitilarietara iristea eta trikitiaren onurarako ari gara lanean. Trikiti munduan sortzen den guztiaren bilketa egin, eta hori guztion eskura egotea ere bada beste egiteko bat. Zaila da elkartea denera iristea, eta esan daiteke horretarako daudela herrietako edo eskualdeetako elkarteak, Hauspotuz, kasu.

M. L. Trikitilari askok elkartea bera ez dute ezagutzen, pentsatzen baitute bertan profesionalak baino ez daudela. Eta, elkartean edonor egon daiteke.

Maixa Lizarribar: «Norbait trikiti girora eraman dudanean, txundituta geratu izan da, sortzen dugun festarekin» 

Gurea eskualde mailako irratia da, baina, gaur egun internet bidez munduko txoko guztietara iritsi daiteke. 'Hauspo Artean' saioaren kasuan, Tolosaldetik kanpo ere, eta batez ere trikitilariengan erantzun ona izaten zuen.

M. L. Trikitixa Elkartearen zereginetako bat ere bada, Manexek esan duen moduan, egiten den guztia jaso eta zabaltzea. Guk trikitia egiten dugu, hori gustatzen zaigu, eta hori jarraitzen dugu, futbola gustatzen zaion batek futbolari buruzkoak jarraitzen dituen moduan.

M. T. Lagunartean gaudenean, nik aipatu ohi dut, trikitilarien mundua Harry Potter-en filmak ikusi dituenarentzat magoen mundua bezalakoa dela. Bakoitzak bere eguneroko arruntaz gain, badu beste mundu bat mundu horren barruan, magoen mundua. Mundu horren barruan guztiek ezagutzen dute elkar, eta gauza asko daude soilik beraiek ezagutzen dituztenak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!