Ahozkotasuna landuko dute datozen asteetan

Tolosaldeko Ataria 2021ko ots. 17a, 11:58

Oñatin emango zaio hasiera bihar Ahoz Aho jaialdiari, eta martxoaren 13ra bitarte, eskualdeko hainbat herritan ipuinak entzuteko aukera izango da.

Bihar emango zaio hasiera Ahoz Aho ahozkotasunaren nazioarteko jaialdiari. Martxoaren 13ra bitarte, kontakizunek eskualdeko hainbat herri hartuko dituzte. Oñatin hasiko dira bihar, eta etzi Amezketan jarraituko dute.

Jaialdia hamalaugarren ediziora iritsi da, eta eskualdean hainbat helmugatan jardungo du, Tolosaz gain: besteak beste, Ibarran, Amezketan eta Albizturren. Eskualdetik kanpo ere, Ordizian, Ataunen, Oñatin, Arrasaten eta Arabako Ozaeta-Barrundian izango dira. "Modu horretan jaialdiaren izpiritu bidaia zalea piztu nahi dugu", azaldu du May Gorostiaga Intujai teatroko kideak. Herriz herri mugitzeko nahi hori aurtengo kartelean islatu dute: bapore bat airean irudikatu dute puztutako kalabaza bati helduta. Horrela antolatzaileek bidaiatzeko gonbita egin dute.

Urtero bezala, Euskal Herriko artistekin batera, nazioarteko kontalariek ere beraien sormen lanak aurkeztuko dituzte. Gorostiagak zehaztu duenez, "normalean artisten %80 euskaldunak izan ohi dira, baina gure programazioa aberastu egiten dugu nazioarteko artistekin batera". Hego Amerikatik heldu dira aurten hainbat gonbidatu: Soledad Felloza Uruguaitik, Ruben Martinez Venezuelatik eta Nicolas Buenaventura Kolonbiatik. "Guztien artean programazio zabala eta interesgarria osatu dugu, eta gerturatuko den publikoa liluratzea da asmoa".

Ipuin kontakizunez gain, jaialdiak bestelako eskaintzak ere prest ditu. Esaterako, narrazioari buruzko ikastaro trinko bat eskainiko du Soledad Fellozak, otsailaren 27an eta 28an. Amarozko auzo elkartean izango da eta guztira, 12 orduko iraupena izango du. Bi egunetan egingo dute, 10:00etatik 13:00etara eta 15:00etatik 18:00etara. Gorostiagak esan duenez, ikastaro horrekin "lanerako tresna gehiago" hartzeko aukera izango dute.

Horrekin batera, bidea emango zaio aurten ere Euskal Narratzaileen Topaketari. Martxoaren 13an izango da, eta ekitaldi horrekin itxiko dute aurtengo jaialdia. Urtero gai bat hartzen dute eztabaidarako, eta aurten, euskal ahozkotasunaren gainean egindako tesiak izango dituzte hizpide, Kontatu zure tesia izenburupean. Horretarako, Antton Irusta, Leire Diaz de Gereñu eta Amaia Elizagoien gonbidatu dituzte euren tesien azalpenak ematera.

Egun hori Urrezko Kalabazaren saria emateko ere baliatuko dute. Sari horrekin kontalaritzan egindako ibilbidea saritu nahi izaten dute antolatzaileek, eta aurten, Itziar Zubizarreta kontalaria izango da sarituko dutena, "euskal ahozko narrazioan ezinbesteko erreferentea izateagatik". Beste bi urrezko kalabaza ere eman ohi dituzte, baina horien irabazleak egunean bertan jakinaraziko dituzte.

Iazkoa bertan behera utzi behar izan zuten, nahiz eta udazkenean zerbait errekuperatu. Intujai teatrotik esan dute beharrezko neurriak hartuta lortu dutela aurtengoa aurrera ateratzea. "Hitzak esateko beharra duenean bere bidea bilatzen du".

EGITARAUA

Otsailak 19
Amezketa. 18:00. Jokin Irungaray eta Kattalin Salaberry, kultur etxean.

Otsailak 23
Ibarra. 18:00. Jokin Irungaray eta Kattalin Salaberry, kultur etxean.

Otsailak 27
Tolosa. 19:00. Soledad Felloza , Amarozko auzo etxean.

Martxoak 1
Albiztur.14:30. Lur Usabiaga , eskolan.
Tolosa. 17:30. Lur Usabiaga, Amarozko auzo etxean.

Martxoak 3
Tolosa. 10:00. Ahozkotasunaren gala nagusia, Leidor aretoan.
Tolosa. 17:30. Itziar eta Joxan kontalariak, Berazubiko auzo elkartean.

Martxoak 4
Tolosa. 19:00. Nicolas Buenaventura, Berazubiko auzo elkartean.

Martxoak 8
Tolosa. 17:30. Iraitz Lizarraga kontalaria, Amarozko auzo etxean.

Martxoak 13, Euskal Narratzaileen Topaketa, Tolosan, Amarozko auzo etxean.
09:30. Hitzaldia: Kontatu zure tesia, Antton Irusta, Amaia Elizagoien eta Leire Diaz de Gereluren eskutik. Koordinatzailea: Joxemari Karrere.
12:00. Ruben Martinez Santana.
13:00. Urrezko kalabaza sariak 2021. Amaia Agirre eta Bixente Gorostidi bertsotan.

Erlazionatuak

"Begietara begiratzen hasi gara berriro"

Tolosaldeko Ataria 2021 ots 16 Tolosa

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!