Bizkartzain on bat izatearen abantailak

Josu Artutxa Dorronsoro 2021ko ots. 17a, 08:58

Eskuz Binakako Txapelketa heldu da lehen faseko ekuatorera, eta sentsazio gazi-gozoekin dira eskualdeko pilotariak; oro har, atzelari jotzaileek egindako lana nabarmendu daiteke.

Inoiz baino beranduago ekin zioten aurtengo eskuz binakako txapelketari, eta azken urteetako formatu bera errepikatuko dutenez, ohi baino beranduago amaituko da. Ezohikoa izaten ari da, arrazoi askorengatik, baina era berean, gozatzeko moduko partidak ere izan dira.

Aurtengo txapelketarako, eskualdeko lau pilotari aukeratu zituzten Aspe eta Baiko enpresek euren bikoteak osatzeko; laurak ere, aurrelariak: Eibarko enpresak, Jokin Altuna eta Erik Jaka; Bilbokoak, berriz, Jon Ander Peña eta Iñaki Artola. Alegiarrak, lesio bat tarteko, azken lau partidak galdu ditu. Ikusteko dago larunbatean jokatzeko moduan egongo den ala ez; datozen egunetan hartuko du erabakia.

Dagoeneko zazpi partida jokatu ditu bikote bakoitzak, hau da, txapelketako bikote guztien aurka aritu dira. Lehen bi postuetan, Aspeko bi bikote daude, seina garaipenekin: Elezkano II-Zabaleta eta Altuna III-Mariezkurrena II. Atzetik, Baikoko bi bikote dituzte, launa garaipenekin: Peña II-Albisu eta Olaizola II-Rezusta. Hauen atzetik, Ezkurdia-Galarza eta Urrutikoetxea-Imaz bikoteak daude, hiruna punturekin. Azken bi postuetan, berriz, Artola-Aranguren eta Jaka-Martija bikoteak aurkitzen dira, garaipen bakarrarekin.

Aurrelariak dira eskualdeko pilotariak, eta bakoitza, sentsazio ezberdin batekin aurkitzen da txapelketaren puntu honetan. Oraingoz, ordea, atzelariengan jarri behar da fokua. Izan ere, jokoz oso ezberdinak dira lehen lau postuetan dauden bikoteetako atzelariak. Gainerako laurak baino jotzaile handiagoak dira, eta horrela, aukera gehiago sortzen dizkiete euren aurrelariei.

Hasiberria, ausart

Jon Ander Peña konbentzituta dago, Jon Ander Albisurekin batera, aurreikusitako maila ematen ari direla, batez ere, bikote modura. «Punturen bat gehiago izan ahalko genukeen arren, oso gustura gaude. Jon Ander maila ikaragarrian ari da, eta nire ustez, exijitzen zaidan maila ematen ari naiz. Hala ere, ez dugu erlaxatzeko astirik, eta badakigu sufritzea egokituko zaigula».

Ez da oso ohikoa binakakoan hasiberria den pilotari batek Peña erakusten ari den jokatzeko modua izatea. Oso erasokor ari da, galtzeko beldurrik gabe. «Atzelari indartsu bat dut, hutsune handiak irekitzen dizkidana, eta ezin naiz itxaroten egon. Ausart jokatu behar dut, aukera dudanean tantoa bukatuz».

Erregulartasun bat mantentzea ezinbestekoa izaten da gisa honetako txapelketetan. Hain justu, hori izan daiteke Peñaren eta Albisuren indarguneetako bat. Azpimarratzekoa da, gainera, Elezkano-Zabaleta bikoteari irabazi dion bikote bakarra dela. «Datu polita da, sekulako txapelketa egiten ari direlako». Baina lehen postuei gehiegi erreparatu gabe, bestelako asmoak ditu tolosarrak. «Errealistak gara, eta nire lehen txapelketa izanik, playoff-etan egotea dugu helburu».

Luxuzko atzelaria

Altunak eta Mariezkurrenak badakite zaila izango dela bigarren itzulian oraingoz daramaten dinamika onari eustea, baina gogotsu eta ilusioz beteta daude. «Oso ondo jokatu dugu partida guztietan. Azken bietan oso garrantzitsua izan da batek partida txarra eginda ere, besteak bere bertsiorik onena erakutsi ahal izatea», dio amezketarrak.

Zenbait hilabetez profesionaletatik kanpo egon eta gero, ezezaguna zen Mariezkurrenak nola erantzungo zion txapelketaren erritmoari. «Geroz eta lasaiago ari da jokatzen, konfiantza handiagoarekin; hala transmititzen dit behintzat. Luxu bat da horrelako atzelari batekin aritzea».

Lider izateak faborito etiketa ematen ote duen edo ez galdetuta, «asko falta da oraindik», dio Altunak. «Kirol honetan egoerak eta dinamikak oso aldakorrak dira». Duela bi urte, txapelketak formatu ezberdina zuenean, jada lasai egongo litzake amezketarra, finalerdietako faserako txartela eskura izango lukeelako. «Orain, ordea, bederatzi partida irabazi eta hirugarren sailkatuz gero, kalera joan zaitezke. Oso arriskutsua da».

Azpian, baina ez kanpoan

Bestelako egoeran aurkitzen dira Erik Jaka eta Iñaki Artola. Garaipen bana eskuratu dute hirurek, eta aukera gutxi dituzte finalerdietan egoteko. Hala ere, esperantza galdu gabe ekingo diote bigarren itzuliari.

Lizartzarraren kasuan, ez dira bere aurreikuspenak bete. «Ilusio handia genuen gure bertsiorik onena berreskuratzeko, baina oraindik ez dugu lortu». Gainera, irabazi duten partidan min hartu zuen Martijak. «Gerora, konfiantza handirik gabe ari da, eta bietako batek arazoak dituenean, eragina izaten du bikotean. Ez zait iruditzen maila txarra ematen ari garenik; gainera, galdutako bi partida irabazteko zorian egon gara».

Zortea bezalako faktore ia guztiak aurka izan dituztela nabarmentzen du Jakak. «Ez dugu lortu erregularrak izatea». Hala ere, jakitun da oraindik ez dutela azken hitza esan. «Bestelako pentsamenduarekin ekin beharko diogu bigarren itzuliari, gozatzera kantxaratuz, itsutu gabe eta aukerak ditugun bitartean, horiei helduz. Kontuan izan behar dugu, iaz, seigarren sailkatu zen bikotea finalean egon zela».

Egoera berean dago Iker Elizegi, Baikoko atzelari asteasuarra. Promozio mailako txapelketan ari da, Arteaga II.arekin bikotea osatuz; azkenak dira, puntu bakarrarekin. «Nire lehen txapelketa izanik, presiorik gabe nabil. Emaitzak txarrak izan arren, gozatzen ari naiz, eta geroz eta erosoago aurkitzen naiz». Bikote sendoagoa osatuz, garaipen gehiago eskuratzea dute helburu. «Lesioek utziz gero, ea erregularrak izatea lortzen dugun».

Lehen faseko bi bikote onenak zuzenean pasako dira finalerdietako ligaxkara. Ondorengo laurek, sailkatze partida jokatu beharko dute. Gainera, berdinduta geratzen diren bikoteen kasuan, garrantzi berezia izango du elkarren aurkako partidetan lortutako aldeak. Hortaz, azken postuetan daudenek ere, finalerdietan egoteko aukerak dituzte oraindik. Datozen jardunaldiak erabakigarriak izango dira eurentzat.

 

SAILKAPENAK

LEHEN MAILA

1. Elezkano II-Zabaleta 6-1 (+45)

2. Altuna III-Mariezkurrena 6-1 (+41)

3. Olaizola II-Rezusta 4-3 (+16)

4. Peña II-Albisu 4-3 (+15)

5. Urrutikoetxea-Imaz 3-4 (-18)

6. Ezkurdia-Ladis Galarza 3-4 (-18)

7. Artola-Aranguren 1-6 (-35)

8. Jaka-Martija 1-6 (-46)

 

PROMOZIO MAILA

1. Salaberria-O. Etxebarria 7-0 (+70)

2. Elordi-Garmendia 5-2 (+41)

3. Zabala-Erostarbe 5-2 (+12)

4. Zubizarreta III-Uriondo 3-4 (+13)

5. Larrazabal-Eskiroz 3-4 (-21)

6. Alberdi-Salaverri II 2-5 (-26)

7. Egiguren V-Ruiz 2-5 (-34)

8. Arteaga-Elizegi 1-6 (-55)

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!