Bizikletei bizi berria

Eneritz Maiz Etxarri 2021ko ots. 17a, 07:59

Portugaleteko Birzikleta ekimenarentzat 55 bizikleta eta 41 kasko biltzea lortu da Tolosaldeko sei ikastetxetan. 'Ez umerik bizikletarik gabe, eta ez bizikletarik umerik gabe' dute leloa.

Tolosaldetik Bizkairako bidea egin dute tamaina eta estilo askotako bizikletak eta kaskoek. Portugaletetik etorri ziren larunbatean, kamioia hartuta, Nekane Urra, Zuriñe Arruza eta Jorge Bolaños boluntarioak. Igandean auzolan eguna jarria zuten bizikleta guztiak errebisatu eta konponketak egiteko. Ezkerraldean banatuko dituzte.

Portugaleteko Birzikleta elkarteko boluntarioak dira. Erabilerarik ez duten bizikletak hartzen dituzte, eta konponketak behar dituztenak konpondu, eta behar duten familia ezberdinetan banatzen dituzte, bizi berri bat izan dezaten. Ez umerik bizikletarik gabe, eta ez bizikletarik umerik gabe dute leloa.

Konfinamendu ostean hasi zen guztia, eta lagun talde bat da. Elkarteak elkarlanean funtzionatzen du eta auto kudeatua da. Ongi Etorri Errefuxiatuak elkarteko haur bati ematen dizkio klaseak Nekane Urrak, eta normalean liburutegian elkartzen baziren ere, etxeko gelatxo bat prestatu behar izan zuen euskararekin lagundu ahal izateko: «Euskararen errealitatea, Ezkerraldean, guztiz bestelakoa da», dio. «Haurra nire etxeko gelara sartzean, bertan, nire bizikleta neukan, eta behin bizikleta ikusi zuenean ez zeukan besterik buruan», azaldu du. Orduan, bere artean pentsatu zuen, kuadrillan edo lagun artean galdetuta, bizikletaren bat lortzeko aukera izango zuela haurrarentzat. «Haur gehiago daude Sestaoko Ongi Etorri Errefuxiatuen taldean, eta behin eskatzen hasita, pare bat gehiago eskatzea pentsatu nuen haur horiek bizikleta bat izan dezaten», kontatu du Urrak.

Horrela hasi zen guztia. Lagun artean eta lankideen artean eskatuta. Ez zuten esperantza handirik hasiera batean, baina hamar bizikleta lortu eta bigarren bizitza bat ematearekin gustura geratu ziren. Ekimena martxan jarrita Gorka Egia orendaindarraren mezua jaso zuten. Sare sozialetan zabaltzen saiatu dira egiten ari direna, batik bat, bizikletak eman dituztenek ikus dezaten banatzen dituztela, eta ilusio eta poz berriak sortzen dituztela haurren artean.

«BENETAN ESKERTUTA»

Gorka Egia orendaindarra izan da ekimena Tolosaldera ekarri duena. «Instagramen nenbilen eta beraien leloa irakurtzean zerbait egin behar nuela beraiei laguntzeko pentsatu nuen». Eta horrela, Egia beraiekin harremanetan jarri zen, eta eskualdean bizikletak lortzeko bideak bilatzen hasi zen.

Egiaren proposamenari baiezkoa eman zioten bizkaitarrek; «pentsatzen genuen berak ere gehienez jota beste hamar lortuko zituela», argitu du Urrak. Eguberrien aurretik Tolosaldeko ikastetxe guztietara mezu elektroniko bat bidali zuen ekimenaren berri emanez Egiak, eta parte hartzera animatuko ahal ziren galdetuz. «Azkenean sei ikastetxek parte hartu dute, eta beste batzuei gelditzeko esan behar izan diet, agian aurrerago egingo dugula beste zerbait esanez». Izugarrizko erantzuna izan du, eta bizikleta eta kasko mordoa bildu ditu: «Hasieran kontatzen hasi nintzen, baina gero utzi egin nuen. Hala ere, 55 bat bizikleta eta 41 kasko izango dira bildutakoak».

Bizikletak bildu ahala orendaindarra argazkiak bidaltzen hasi zenean, «eteteko» eskatu behar izan zioten Bizkaitik. Portugaleteko merkatuan dute tailertxo bat auto kudeatua dena, baina guztientzako lekurik ez.

Asteasuko eskola, Ibarrako ikastola, Tolosako ikastola, Berrobiko eskola, Alegiako eskola eta Abaltzisketako eskolak parte hartu dute. «Benetan eskertuta nago bizikletak eta kaskoak eman dituzten familia guztiekin, eta baita ikastetxeekin ere izan duten harreragatik», esan du Egiak.

Haur asko dagoela bizikletarik gabe azaldu dute Birzikleta elkartekoek: «Ez da lehentasun bat bizikleta izatea, eta bizikletarik ez duten familietan behar garrantzitsuagoak dituzte». Ez zela inoiz pentsatzen jarri bizikleta bat izatea zer den aitortu du Urrak: «Hemen bizitzan zehar bizikleta bat izatea ohikoa da. Edo bat duzu, edo familiakoren batek zuelako zuk ere izan duzu», azaldu du; «baina etorkinak badira are eta zailagoa dute, eta ez dute familiako sare hori», dio. «Izugarria da, eta orain eskari pila bat ari zaizkigu etortzen».

BERRIZ ITZULI BEHARRA

Bizikletak banatzen ari dira, baina helburua, berriz ere bizikleta horiek zirkuituan sartzea da, hau da, behin txiki geratzen zaienean itzuli egin beharko dute bizikleta beste familia bati pasa ahal izateko. Helduen pare bat bizikleta ere badituzte, eta sei hilabeterako ari dira uzten, helburua txandakatzean dutelako edo behar gehiena dutenek erabiltzea nahi dutelako.

Egiak ikastetxe batzuetan, bertako hainbat ikaslek ere bizikletarik ez dutela konturatu direla kontatu du: «Bilketa hau aprobetxatu dute bertako ikasleei bizikletak banatzeko, eta uste dut garrantzitsua dela. Askotan urrutira joan gabe ditugu, eta ikastetxean bertan identifikatu dituzte beharra duten ikasleak».

Egia «oso pozik» agertu da ekimenarekin, proiektua polita dela azpimarratu du, eta Birzikleta ekimenekoak ere «oso pozik» zeuden Gipuzkoatik jasotakoarekin. Bizikleta gehienak txiki geratu eta garajean egon diren bizikletak dira, eta asko eta asko egoera oso onean daudenak.

Egiak Baliarraingo Jon Garmendiari ere eskerrak eman nahi izan dizkio bizikleta guztiak pilatzeko lekua uzteagatik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!