Bereziki zaharrek nabaritu dute gehien bakardadea, komunikazio eza, familiakoen aldetik urruntzea. Hainbeste aldiz esan da arrisku taldeko kideak direla aitona-amonak, oso erraz kutsa litezkeela birus malapartu horrekin eta hiltzeko arriskua askoz handiagoa dela adineko jendearen artean... Eta zahar asko isolatuta, beren seme-alaba eta bilobekin hitz egiteko aukerarik gabe, bakardaderik tristeenean..., penaren penaz hil dira, birusak haiek harrapatu baino lehen. Horregatik oso esanguratsuak dira zaharren aldetik entzundako era honetako esaldiak: “motel, motel, hil behar bada ere nahiago diat semearen berotasuna eta hurbiltasuna sentituz hiltzea, bakarrik eta tristuraz beteta hiltzea baino”. Hori zen arrisku taldeko aita batek bere semeari erantzun ziona, honek galdetu zionean: “Aita ez dakit etorri behar nukeen zurekin bazkaltzera... Agian zure bizia arriskuan jartzen ari naiz ni hor kanpoan ibili eta gero zuregana etorrita...” Ikasgai ederra eman zion aitak semeari. Zaintzea ondo dago, baina obsesioan erortzea eta maitasun adierazpide guztiak baztertzea, oso etsigarria da eta gure alderdi afektiboak eta psikologikoak izugarri pairatzen du jarrera ez-gizatiar honekin.
Helduek eta gazteek ere sufritzen dute arduraz jokatu behar honekin. Eta ardura eta arreta ezin ditugu gugandik baztertu. Baina oreka bat bilatu beharko dugu besteen zaintza horren eta elkarrekiko komunikazioaren eta afektibitate azalpenen artean. Biak baitira beharrezkoak. Helduek ez daukate erraza: alde batetik, beren guraso zaharrak zaindu eta babestu nahi dituzte, guztiz gizalegezko jokabidea, noski; baina, bestetik, beren seme-alaba gazteak kontrolatu behar dituzte, hitzaren zentzurik onenean, hau da, ez daitezela desmadratu eta txorakeria handiegirik ez dezatela egin, osasunaren aldetiko arriskuak ekiditeko eta isun handiak ere saihesteko. Horrez gain, denok arduraz jokatu behar dugu pandemia hau geldiarazteko eta gainditzeko, bestela berak jango baikaitu denok: osasunaz gain ekonomia ere porru eginda uzteko gai da “zomorro” ikusezin madarikatu hori. Horregatik bai gazteek, bai helduek, bai zaharrek zuhurtziaz eta arduraz jokatu behar dugu, baina ezin gara depresio eta tristura infinito batean ere erori. Hor dago oreka emozional zail hori zaintzeko neurriak hartu beharra, denok ganbaratik jotako pertsona bakarti goibel tristeak bihur ez gaitezen. Gurasoen eta seme-alaben artean honetaz hitz egitea ere ez litatzeke ariketa txarra izango. Agian, gauzak hobeto ulertuko eta hartuko genituzke.
Eta umeak zer?, galdetuko dit norbaitek. Arrazoi osoarekin. Umeak dira malguenak eta egoera zailetara ere errazen ohitzen direnak, baina baita ere umeak dira motrizitatea, maitatua sentitzea, ukitzea, alaitasuna eta poza gehien behar dutenak. Erraza ez bada ere, umeekin egoteko, jolasteko, etxeko lanetan laguntzeko, ipuinak irakurtzeko eta beraiekin barre egiteko denbora topatu beharko dugu. Umeek beste inork baino gehiago sozializazioa, komunikazioa, norbaitekin jolastea (umeekin bada hobe), korrika egitea... beharrezkoa dute. Ez ditzagun umeak txoko batean geldi edo makinita bati itsatsita eduki. Zuek bakean utziko zaituztete, baina ez dira zoriontsu izango, bakardadearen eta preso egotearen sentsazioa nabarituko dute barruan. Eta tristura eta monotonia hori hitzekin adierazten asmatzen ez badute ere, barru-barruan goibel, ilun, ezertarako gogorik gabe azalduko dira. Beraz, saia gaitezen egunerokotasunaren gurpil zoro, txisparik gabeko horretatik ateratzen eta alaitasuna, komunikazioa, mugimendua, euforia pixka bat gure bizitzan txertatzen.