Sestaoko hilketa matxista arbuiatu dute

Tolosaldeko Ataria 2021ko ots. 13a, 20:44

Dozenaka herritar bildu dira, Amasa-Villabonako oinezkoen zubian, atzo Bizkaiko herrian gertatutako hilketaren aurka; Aiztondo bailarako ordezkari politikoek ere hartu dute parte elkarretaratzean.

56 urteko emakume bat hil zuten atzo Sestaon (Bizkaia), eta Ertzaintzaren hipotesi nagusia da hilketa matxista bat izan dela. Izan ere, Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi zuenez, 57 urteko gizonezko baten gorpua aurkitu zuten atzo goizaldean Bilboko itsasadarrean, Sestao parean, eta familiari haren heriotzaren berri ematera joan zirenean aurkitu zuten andrearen gorpua etxean, indarkeria zantzuak zituela.

Gaur, ehunka herritar elkartu dira Sestaon nahiz Euskal Herriko herri ezberdinetan, hilketa salatzeko; arratsaldean, Aiztondoko mugimendu feministak deituta, elkarretaratzea egin dute Amasa-Villabonako oinezkoen zubian. Hogei bat minutuko elkarretaratze isila egin dute; ondoren, aldarrikapen mezu bat irakurri eta bertaratutakoen txaloekin amaitu dute. Adierazi dutenez, Sestaoko emakumea Euskal Herrian eraildako 105. emakumea izango litzateke 2005tik hona.

Beste behin ere, biolentzia matxistaren pandemiak indarrean jarraitzen duela salatu nahi izan dute. "Inor ez da arduratzen gai horretaz, baina gizarte erdiari eragiten digu zuzenean, eta ozen oihukatuko dugu ez gaudela prest gaitz hau gehiago jasateko. Feminismoa da dugun antidoto bakarra".

Bizi dugun osasun krisiaren ondorioz, biltzeko eta harremanak izateko "inoiz baino oztopo gehiago" ditugula adierazi dute. "Hala ere, badakigu, indarkeria matxistari aurre egiteko, zaintza sareak ezinbestekoak direla. Modu berriak bilatu behar izan ditugu harremanak zaintzeko, baina inoiz ez dugu indarkeriaren aurka borroka egiteko indarrik galdu".

Azkenik, egungo jarrera konplizeak alboratu eta jendarte antolaketa sexistari aurre egiteko benetako neurriak behingoz har daitezela exijitzen dute. "Ozen esango dugu erasotuak eta erailak izateaz nazkatuta gaudela, eta egoera honi aurre egiteko, indarkeria matxista lehen mailako arazo politiko modura izendatua izan dadin eskatzen dugu".

Indarkeria matxistarik gabeko Aiztondoren alde

Bi urte dira Aiztondo bailarako zenbait emakumek elkarrekin lanean hastea erabaki zutela. "Elkarrekin gehiago garelako, elkarrekin indar handiagoa dugulako". Horrela, Aiztondoko mugimendu feminista sortu zuten, "ahizpatasunak herrien mugak hausten dituelako".

Geroztik, ekintza, hausnarketa eta erabaki asko burutu dituzte, eta aurrerantzean ere, erailketa bat dagoen bakoitzean elkarretaratzea egingo dutela aurreratu dute gaur. "Erailketa bat dagoen bakoitzean hemen elkartuko gara, indarkeria matxistarik gabeko Aiztondo nahi dugulako, eraso sexistarik onartzen ez duen bailara batean bizi nahi dugulako".

Autodefentsa feministarako deia luzatzen dute. "Gure bizitzak dira jokoan daudenak, eta bizitzaren aldeko apustu erradikala egiten dugu. Erantzuteko prest gaude, eta martxan jarraituko dugu, elkarrekin borrokan, denok aske izan arte". 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!