40 urte igaro dira Joxe Arregi Izagirre zizurkildarra otsailaren 13an hil zenetik poliziak eragindako torturen ondorioz. «Diktadorea hil eta urte batzuetara gertatu zen heriotza hori, inertzia frankistak eta tortura kasuek atxiloketa zentroetan bere horretan zirautenean», aipatu dute Egiari Zor fundazioko Ixone Fernandezek eta Enkarni Blancok .
«Arregi ez zen gatazka politikoaren testuinguruan torturen ondorioz hildako lehena izan, baina bai erregimenaren erreformaren eta Espainiako Konstituzioaren sinaduraren osteko lehena. Zoritxarrez, demokrazia deritzon garaian, Joxe Arregirenari beste izen batzuk gehitu zitzaizkion torturagatik hildakoen zerrenda tetrikoan», esan dute Bilbon eskainitako agerraldian.
Egiari Zor fundazioko kideek aitortu dute bide luzea dagoela egiteko torturaren ondorioen inguruan. «Aberrazio» hori pairatu zutenei egia, aitortza eta ordaina zor zaiela uste dute. «Eta gure eskubideak urratu zituzten pertsona, alderdi eta erakundeek oraindik erantzukizunak bere gain hartzeke dituzte. Oraindik ez du arduradun batek berak ere zintzotasun ariketarik egin eragindako kaltea aitortuz».
Kriminologiaren Euskal Institutuak egindako Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako tortura eta tratu txarrak ikertzeko proiektuan 1960tik 2014ra bitartean dokumentatutako kasuen % 3 baino ez dira izan aitortza jaso duten tortura kasuak. «Politikariek, epaileek, auzitegi medikuek, poliziek, hedabideek... tortura posible izan zedin jokatu duten papera argitzea beharrezkoa da. Tortura aplikatzerako unean edo horren ondorioz gertatu diren heriotzak argitzea beharrezkoa da, eta baita estatuaren babesean praktikara eramandako eskubide urraketa horrek belaunaldiz belaunaldi eragin duen trauma ere, inpunitate osoz gauzatu izan dena, estrategia bati jarraiki».
SORTUREN DEIA
Ardurak «onartu eta argitzea» eskatzen du torturaren errealitateak Tolosaldeko Sorturen ustez. Ohar batean adierazi duenez euskal independentismoaren aurka jarduteko «arma sistematiko eta sistemikoa» izan da tortura azken hamarkadetan. Horregatik egia argitara ekartzea beharrezkoa ikusten du, «milaka torturatuek merezi duten aitortza, erreparazioa eta ez errepikatzeko bermeekin batera, herri honek bake eta askatasun agertoki berri batera aurrera egiteko».
Tolosaldeko Sortuk uste du, oraindik orain, torturak inpunitate osoa izaten jarraitzen duela: «Kontakizunaren gudua bizi dugun garai hauetan, tortura beraren existentzia ukatzeak, sakonean, Euskal Herriak estatuekin duen gatazka politikoa ezkutatzea bilatzen du. Modu horretan, fikziozko kontakizun bat inposatu nahi digute, zintzoen eta gaiztoen artekoa, herri oso bati hitza eta erabakia ukatzen jarraitzeko, herri oso baten sufrikarioa eta mina betikotzeko».
Tolosaldean gutxienez 262 tortura kasu egiaztatu ahal izan direla jakinarazi du Sortuk. «Hala ere inongo arduradun politikok ez du ezelako zintzotasun ariketarik egin ezta eragindako kaltea aitortzeko urratsik eman», esan du oharrean. «Herri honetan, oinaze larriarekin bizitzen ikasi behar izan dugu. Guardia Zibilaren, Espainiako Poliziaren zein Ertzaintzaren kuarteletan eragin zizkiguten astakeriak eragindako minak oraindik ez dira sendatu. Iraindu egin gintuzten eta umiliatu, mespretxatu eta gutxietsi, ukitu eta ito, jo eta bortxatu, tartean hainbati heriotza eragiteraino».
EKITALDIAK ASTEBURUAN
Tolosaldeko Sortuk aldarrikapen hauek kalera eramateko asmoa agertu du eta hiru mobilizazio antolatu ditu biharko. Anoetan eta Tolosan, 19:00etan elkarretaratzeak egingo ditu, «aitortza, erreparazioa, ez errepikatzeko bermea» eskatzeko. Eta, Lizartzan, 20:00etarako egin du deia Sortuk.
Joxe Arregi torturen ondorioz hil zuteneko 40. urteurrenean, Egiari Zor fundazioak, urtero bezala, hura oroitzeko ekitaldia egingo du otsailaren 13an Zizurkilen. Bertan, torturaren biktima guztien aitortza egin eta erreparazioa exijituko dute, eta fenomeno hori bere osotasunean aztertzen jarraitzeko deia egingo diete erakundeei. Ekitaldia Joxe Arregi plazan izango da, etzi, 12.00etan, osasun egoerak baimentzen dituen baldintzetan. Tolosaldeko Sortuk ere bertan parte hartzeko deia luzatu du, herrien arteko mugikortasunak baimentzen duen heinean.
Horrez gain, Bilbon, EHUko Oinarrizko Eskubideak eta Botere Publikoak masterrarekin elkarlanean, Egiari Zor fundazioak Alfonso Sastreren Zutoin Beltza antzezlanaren irakurketa dramatizatua egingo du, larunbatean bertan, 11.00etan gaztelaniaz eta 12.30ean euskaraz. EHUko Bizkaia Aretoan izango da ekitaldia, Abandoibarran.
EKITALDIAK
Otsailak 12, ostirala
19:00. Kontzentrazioak Tolosa eta Anoetako plazetan Aitortza, erreparazioa, ez errepikatzeko bermea lelopean, Sortuk deituta.
20:00. Kontzentrazioa Lizartzako plazan Sortuk deituta.
Otsailak 13, larunbata
12:00. Zizurkilen Egiari Zor fundazioak Joxe Arregi zena eta gainerako torturatu guztiak gogoratzeko ekitaldia egingo du, bere izena daraman plazan.
11:00. Bilbon, Bizkaia aretoan, EHUko Oinarrizko Eskubideak eta Botere Publikoak masterrarekin elkarlanean, Egiari Zor fundazioak antolatuta, Alfonso Sastreren Zutoin Beltza antzezlanaren irakurketa dramatikoa egingo da. 11:00etan gaztelaniaz eta 12:30ean euskaraz.