«Proiektu hau, batez ere, gertukoentzat egindako lana izan da»

Tolosaldeko Ataria 2021ko ots. 11a, 07:58

'Gandorra gorri' izeneko maketa kaleratu berri du Estarlus taldeak; doinu berriak Youtuben entzuteko moduan jarri dituzte. Alex Goikoetxea eta Eñaut Goñi taldeek eman dituzte lan berriaren inguruko xehetasunak.

Urte batzuetan zehar herriz herri kontzertuak eskaintzen ibili ondoren, maketa bat grabatu du Estarlus musika taldeak. Tolosaldekoak dira Alex Goikoetxea (ahotsa), Eñaut Goñi (gitarra), Iker Sukia (bateria) eta Iker Dorronsoro (dultzaina), Alegia eta Gaztelu, Tolosa eta Belauntzakoak, hain justu, eta Jon Dorronsoro (baxua) goierritarra da.

Eskuartean duzue lehen maketa. Emaitzarekin gustura?

Alex Goikoetxea: Egia esan espero baino hobe joan da. Zerbait grabatzen dugun lehen aldia izan da, eta bagenuen kuriositatea, nahiz eta aurretik grabatzeko saiakera bat edo beste egin. Oso eroso aurkitu gara, nahiko landuta genuen guztia, eta ikusita gauzak momentu honetan nola dauden, oso gustura gaude.

Eñaut Goñi: Gertuko jendeak idatzi digu gehienbat, eta jaso dugun erantzunagatik jendea ere gustura dago gure lanarekin.

A. G.: Orokorrean, nik ere gertukoengandik jaso ditudan sentsazioetatik jendeari gustatu zaiola gure lana esan daiteke. Egia da, gure proiektu hau batez ere gertukoentzat egindako lan bat izan dela, eta haiei gustatzea positiboki baloratzen dugun gauza bat da.

E. G.: Bagenekien gure lagunen artean zabalduko zen zerbait izango zela. Aspalditik erabakita genuen, zerbait grabatzekotan, zerbait etxekoa behar zuela izan, eta etxeko jendearekin egindakoa. Eguzki Azkarate lagunarekin jarri ginen harremanetan, eta bere laguntzarekin, gure kabuz eta gure martxan egin dugun zerbait izan da. Bonberenean grabatzeko aukera izan dugu.

Etxekoentzat eta etxekotzat hartu duzue beraz.

A. G.: Oso gertuko gauza bat izan da. Eguzkirekin berarekin Ibarrako gaztetxeko gauzetan eta bestelako ekintzetan topo egin izan dugu, eta lehen momentutik esan zigun esku bat botatzeko prest zegoela. Produkzioaren zati handi bat taldeak egin du, kanten sorrerak edota egiturak, esaterako, baina gero, bere ikuspuntua eta iritzia eman digu eta iritzi horrek talde bezala eragin digu. Ikusi dugu oso gertukotzat izate horrek baduela bere irteera hori, eta elkarlanean arituta gauza politak egin daitezkeela.

Pandemia garaia aprobetxatu duzue abestiak sortzeko?

E. G.: Pandemia aurretik kantak sortuta genituen, zuzenekoetan jotzen genituen. Orain dela bi urte inguru, Alegian entseatzen dugun gelatxoan zerbait grabatzen saiatu ginen gure kabuz. Baina praktika gutxirekin eta kontuan izanda musikalki ere ez garela beste munduko ezer, ikusi genuen ez zela zabaltzeko modukoa eta pixka bat itxarotea erabaki genuen. Horrela, pandemia garaia aprobetxatu genuen bakoitzak bere etxean bere instrumentuarekin aritzeko, eta gauzak gehiago finkatuta ikusi genituenean eman genuen salto hori.

A. G.: Pandemia garaia gauzei buelta bat emateko garai bat izan da. Abestien estrukturak eginak genituen, zuzenekoetan jotzen genituelako. Hala ere, buelta batzuk eman dizkiogu azken boladan eta zertxobait aldatu dira. Orain ikusten genuen, ordea, bazela garaia Alegian egindako saiakera haiek eta gero, gurea zen zerbait eskuartean izateko.

Abestiak osatzeko prozesua nolakoa izan da?

A. G.: Abesti bakoitzak bere historia dauka prozesu aldetik. Esaterako, ni taldean abeslari moduan sartu aurretik, Paul Garcia gazteluarra zen abeslaria, eta Iluntasunaren baitan abestia sortuta zegoen ordurako. Rif solte batzuk ere baziren letra jartzeko. Guztien ekarpenekin letra batzuk osatu genituen, eta musikalki Iker Dorronsoro taldekideak duen ezagutzak ahalbidetu digu melodia asko ateratzea. Denen artean sortu dugu guztia.

Berezitasun bat badu taldeak: dultzainaren presentzia.

E. G.: Estarlus taldea duela bost urte inguru sortu zen. Ni neu, baterian Iker Sukia eta baxuan Iker Dorronsoro hasi ginen elkartzen. Parranda giroko ideia bat izan zen, eta Otsabiko entsegu gelan hasi ginen pixkana entseatzen. Bertsioak jotzen genituen, eta ikusi genuenean zuzenekoren bat edo etor zitekeela, Paul Garcia abeslariari esan genion eta ondoren Iker Dorronsoro belauntzarrari ere gonbidapena luzatu genion dultzainarekin berezitasun puntu bat eman ziezaion. Gurekin etorri zen entsegu gelara, abestiak probatu genituen eta horrela abiatu ginen.

A. G.: Beste musika talde askotatik ezberdintzen gaituena dultzainak ematen dion ukitua da. Soinu oso agresiboa du, eta oso berezia da gainera rock punk talde batean horrelako instrumentu bat ikustea.

Maketa jendaurrean aurkezteko asmorik baduzue?

A. G.: Nahi bezala aurkezteko aukerarik ez dugu ikusten. Gu gaztetxeetan eta mugimendu alternatiboetatik datozen ekintzetan sentitzen gara erosoen, jendea gertu izatea gustatzen zaigu eta momentuz, itxarotea tokatzen da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!