Ordenantza aplikatu baino ez duela egin dio mankomunitateak

Eneritz Maiz Etxarri 2021ko ots. 10a, 10:58

Enirio-Aralar Mankomunitateak abeltzainen 134 eskaera jaso ditu, eta animalia kopurua mugatzeko gutuna 17k jaso dute, aurreko legegintzaldian onartu zen araua betearaziz.

Abeltzainen artean zalaparta sortu zen pasa den astean Enirio-Aralar Mankomunitateak ganaduzaleei bidalitako gutun bat tarteko. Enirio-Aralar Mankomunitateak jakitera eman duenez, «aurreko legegintzaldian onartu eta indarrean dagoen ordenantza aplikatu baino ez du egin mankomunitateak, eta erabaki hori ez da legegintzaldi honetan hartu, aurrekoan baizik».

Mankomunitateak Aralarren azienda murrizteko duen helburua salatu zuten Aralarko Baserritarren Elkarteak eta EHNE eta Enba sindikatuek. Adur Ezenarro Enirio-Aralar Mankomunitateko lehendakariak dioenez, «orain arte, utzikeriagatik edo inork ez du aplikatu ordenantza hori, eta ordenantzak muga batzuk jartzen ditu. Nik ez ditut jarri muga horiek, eta ni beraiek erabaki zutena betearazten bakarrik ari naiz».

Aipatu ordenantza 2017ko apirilaren 19ko ohiko bilkuran onartu zuten, eta Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratuta dago 2017ko maiatzaren 16an. Enirio-Aralar Mankomunitatearen Zuzendaritza Batzordeak Larre eta Txabolen Ordenantzari hasierako onarpena 2016ko urriaren 19an eman zion ohiko deialdian egindako bilkuran. «Iragan legegintzaldian onartutako ordenantzak arautzen ditu Mankomunitateak ematen dituen baimenak, eta horretarako baldintza eta eskakizunak ezartzen ditu», esan du mankomunitateak.

MUGA GAINDITUAK, BI BAINO EZ

Abeltzainen eta artzainen artean 2021 urterako 134 eskaera jaso ditu mankomunitateak; «horietatik 17ri bakarrik eskatu zaie iragan legegintzaldian onartutako ordenantzaren 12. artikuluan ezarritako baldintzak betetzea», azaldu du Ezenarrok.

134 eskaera horietatik bakar bati ahuntzen kudeaketa plana eskatu diote, eta aurkeztu du dagoeneko. Beste hiru abeltzaini nekazaritzatik eta abeltzaintzatik urteko etekin gordinen %75 egiaztatzen duen ziurtagiria eskatu diete, eta horiek ere aurkeztu dute.

«134 eskaeretatik bi bakarrik dira, bi baino ez, ordenantzak ezarritako mugak gainditzen dituztenak», azaldu du lehendakariak, eta bi horiei bakarrik eskatu diete ezarritako mugetara jaistea, gainerako guztiek egin bezala.

Aralarko larreen erabilera egiteko egin diren 134 eskaeratatik hamaika dira ustiategia mankomunitatea osatzen duten 15 udalerrietatik kanpo dutenak. «Horrela erabaki zen bere garaian, mankomunitatea 15 udalerrik osatzen dugu, eta udalerri horietakoak direnek eta ustiategia bertan dutenek lehentasun eta pribilegio batzuk dituzte», azaldu du Ezenarrok. Kanpotik datozenek, beste baldintza batzuk bete behar dituzte; «horiei ere ordenantzak ezarritako baldintzak helarazi zaizkie». Ardien kasuan ez dago aldaketarik, baina ganadu larria, hau da, behor eta behiak ekartzeko eskubiderik ez die aitortzen ordenantzak. «Murrizketa ez da orokorra. Ardiekin berdin jarraitzen dute, baina ez zaie uzten, esaterako, behiak ekartzen», argitu du.

BETEARAZTEKO ESKAERA

Artzain askok ordenantza betetzen duela azpimarratu du mankomunitateak, eta artzain askok ordenantza betearazteko eskatu dietela dio: «Ordenantza betetzen duten artzain askok eskatu dute ordenantza betetzea, izan ere, buru gutxien duten artzainak eta abeltzainak kaltetuak ateratzen direlako ordenantzak ezarritako mugak gainditzen dituztenen aurrean. Larreen banaketa egiterakoan buruen arabera eskubide gehiago aitortzen zaizkie eta laguntzak horren arabera banatzen dira». Ezenarrok gaineratzen duenez, «muga gainditzen dutenei baimena ematen baldin bazaie muga gaindituagatik, gero diru laguntzak eta larre banaketak buruko egiten direnez, gainera, mugak urratuagatik gehiago jasotzen dute».

Ardien eskaerak beherantz egin duela diote, eta ordenantza betearazita, «artzainak, batez ere artalde txikienak dituztenak gehiago babestea lortzen da. Diru laguntzen banaketa ere orekatuago da, eta hektarea gehiago jasoko dituzte banaketan».

ZENBAKIEN ALDERAKETA

ABEREAK        2020            2021

Behiak                985              964

Ardiak                14.885        14.382

Ahuntzak            2.536          2.551

Behorrak              862               726

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!