Neurrira egindako garagardoa

Jon Miranda Labaien 2021ko ots. 10a, 11:59

Iparrabeer artisau garagardoa sortu dute eskualdeko lau gaztek. 1.000 litro ekoitzi dituzte eta uste baino harrera hobea izan dute. Bigarren garagardo baten errezetan lanean ari dira gaur egun

Zapore zitrikoa du. Lupulazio aromak IPA estiloko garagardoa gogorarazten du, baino honek izaten ez duen garraztasun puntua du. Kolore hori bizikoa da, garbia eta gardena. «Hemen tabernetan normalean edaten dugun garagardoaren estilokoa da, baina hobea», esan du Ioritz Beldarrainek, Iparrabeer artisau garagardoaren egileetako batek.

Beldarrain anoetarrarekin batera, Borja de la Iglesia irurarrak eta Iñaki Aranburu eta Iñaki Murillo ibartarrek abiatu zuten proiektua duela urte eta erdi inguru. Garagardozale izatetik garagardogile izatera pasa ziren Aranburuk azaldu duenez: «Garagardoa edateaz aparte, gure bizitzarekin probetxuzko zerbait egin behar genuela erabaki genuen. Zergatik ez gure garagardoa egin? Aparteko pretentsiorik gabe hasi ginen, artisau garagardoaren mundu honetara gerturatu nahian, eta gehienbat, ikasteko gogoz».

Beldarrainen Anoetako etxean muntatu zuten laborategia eta edatea gustatuko litzaiekeen garagardo horren errezetaren bila hasi. «Gaur egun Interneten informazio nahikoa badago eta lehengaiak eskuratzea ere ez da zaila. Inbertsio txiki bat egin genuen tresneria erosteko, eta gero, batez ere denbora inbertitu genuen nahi genuen garagardo mota lortzeko», esan du Beldarrainek. Zailena etxean baldintza egonkorrak lortzea dela dio garagardogileak: «Nahikoa da prozesuan zehar aldaketa txiki bat egotea, pauso batean behar baino minutu bat gehiago pasatzea, garagardoa ezberdin ateratzeko».

Dena den, Tolosaldeko lau gazteek argi zuten zein edari mota lortu nahi zuten. «Artisau garagardoa esaten dugunean jendeari zapore handikoak etortzen zaizkio burura eta guk horretatik ihes egin nahi genuen», dio Aranburuk. Beldarrainek gaineratu du moldea hausten saiatu direla euren garagardoarekin: «Badirudi artisau garagardoek beti IPA estilokoak izan behar dutela, hori dago zabalduta. Baina guri iruditzen zaigu badaudela bestelakoak ere eta horretan saiatu gara. Garagardo sinplea da, baina badu bere zaporea, berezia da».

MERKATURA EGOKITUTAKOA

Azkeneko hamarkadan hazi egin da garagardoaren kontsumoa eta artisau erara egindakoek gorakada nabarmena izan dute. Iparrabeer egiten duten gazteek uste dute, hemendik urte batzuetara ohikoa izango dela tabernetan artisau garagardoa eskatzea. «Gaur egun iturritik ia ez da horrelakorik eskaintzen, hemen Tolosaldean behintzat ia ez dago aukerarik. Beste herrialdeetan ohitura handiagoa dute terraza batera joan, lasai eseri eta garagardo on bat dastatzeko. Hemen hedatuago dago poteoa eta ohikoagoak dira horretara bideratutako garagardo arinagoak», aipatu du Beldarrainek.

Euren garagardoa sortzerako orduan merkatua ulertzen saiatu direla nabarmendu nahi izan du Aranburuk: «Badakigu jendea zein garagardotara ohituta dagoen eta horretara egokitzeko ahalegina egin dugu. Agian, artisau garagardoa gustatzen zaionari gurea motz geratuko zaio, baina poteoan kaña batzuk hartzera ohituta dagoenari, berezia egingo zaio eta artisau garagardoetara gerturatzen hasteko bidea emango dio». Zubi lana egiten du Iparrabeer-ek: «Tabernako barran zutik edan daiteke, baina baita terraza batean eserita; hartu daiteke ohiko garagardo bezala, baina baita ukitu berezia duen garagardo gisa».

Garagardo mota bakarra merkaturatu dute eskualdeko gazteek orain arte, baina bigarrengo baten errezeta lantzen ari dira orain, garagardo gorria izango da. «Lehenengo garagardoak zein bide egiten duen ikusi ondoren aztertuko dugu bigarrengo hau merkaturatu edo ez. Guri gorri hau gehiago gustatzen zaigu».

1.000 LITRO HIRU HILABETEAN

Lau laguneko taldea ondo antolatu da Iparrabeer sortzeko. Bi kide garagardogintzaz arduratzen dira, beste batek finantzak daramatza eta azkena gehiago arduratzen da merkaturatzeaz. «Oraingoz lan talde honekin nahikoa dugu, ekipo ona sortu dugu eta arlo profesionalean ikasitakoarekin zerikusia duten zereginetan aritzen da gutako bakoitza», esan du Aranburuk.

Behin etxean garagardoaren errezeta findu ondoren, aurreko urteko udaberrian, itxialdian geundela erabaki zuten taldekideek saltoa eman eta euren edaria merkaturatzea. Beldarrainek azaldu duenez behin kopuru batetik gora ekoizteko azpiegitura handiagoa behar izaten da eta orduan hasi ziren beste garagardogileekin hitz egiten. «Azkenean Mala Gissonakoekin jarri ginen harremanetan eta erabaki genuen Oiartzunen, haien egoitzan ekoiztea gure garagardoa. Udazken hasieran egin genuen lehen tiraldia».

1.000 litro ekoitzi dituzte eta urritik hona ia dena saltzea lortu dute. Beldarrain eta Aranburu harrituta agertu dira euren garagardoak izan duen harrerarekin. «Jendeari gustatu egin zaio eta oso pozik gaude. Gainera, kontuan hartu behar da egoera ez dela erosoena. Urrian garagardoa tabernetan saltzen hasi ginen eta berehala osasun egoeragatik itxi egin behar izan zituzten». Anoeta, Ibarra, Tolosa, Villabona eta Zizurkilgo tabernetan dastatu daiteke, dagoeneko, Iparrabeer.

Tabernetan ez ezik, etxeetara ere banatu dute euren garagardoa. Eskariak Instagram bidez jaso dituzte gehienbat, baita telefonoz ere. «Hemen gertuan gu aritzen gara kaxak banatzen eta Bilbo, Iruñea edo Madrildik ere jaso ditugu eskariak. Kasu horietan bidalketak prestatzen ditugu». Prezio «konpetitiboa» lortu dutela diote Beldarrain eta Aranburuk. 33 zentilitroko botila 3 euroan edo 3,5 euroan saltzen dute, tabernaren arabera, eta 12 botila daramatzan kaxa 35 euroan.

«Argi genuen produktuak ona izan behar zuela eta horrekin batera ondo saldu behar genuela», esan du Aranburuk. Ahalegin berezia egin dute garagardoaren irudia izango dena pentsatzen eta sare sozialetan euren presentzia bermatzen. Aurki webgune bat prest izango dutela azaldu dute Iparrabeer-eko kideek. Ez galdu norantza leloa aukeratu dute garagardoarentzat eta bizi ditugun garaiotarako lelo «ezin aproposagoa» dela deritzo Beldarrainek. «Iparra, leloarekin ongi datorrelako; Iparrak, egiten dio IPAri erreferentzia garagardo motari, nahiz eta oraingoz ez dugun horrelakorik landu; Iparra, Euskal Herria iparraldean dagoelako. Izen egokia iruditu zaigu».

Irati Martinezek lagundu die logoa eta garagardoaren irudia osatzen, eta oro har, orain arte, lagun artean aritu direla nabarmendu dute. Horrela jarraitzeko asmoa dute. Beste 1.000 litro ekoitzi nahi dituzte laster eta bigarren garagardoa daukate buruan. «Tolosaldeak ez du garagardo erreferentzialik eta guri gustatuko litzaiguke leku hori hartzea». Iparra galdu gabe, argi dute norantza.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!