Kale Kantoitik

Habanera usainik

Erabiltzailearen aurpegia Ainhoa Mendiluze 2021ko ots. 8a, 11:32

Hutsik daude Tolosako kaleak. Gris eta heze eta hotz. Jendea dabil harat-honat, lanetik etxerako bueltan edo alderantziz, edo enkargutan.

Elkar gurutzatzen baina ia elkar ikusi gabe. Kaleak ez dira jada gureak. Egiaz, jendarte moduan aspaldi utzi genion kaleak habitatzeari (kaleez ari naiz, ez bertan egon daitezkeen tabernez); ez da pandemia garaiko nobedadea, nahiz eta orain hori ere nabarmenago agertu den. Lehen, asper eginda zegoena kalera aterako zen zer suma; orain, kalean edo plazan baino entretenitzeko modu hobeak aurkituko ditu makina batek sarean. Ez dira bizilagunari gatza eskatzen ibiltzeko garaiak.


Kaleetatik ere bota egin gaituzte, baina hori ere normalizatuta, etorkizunera begiratu beharreko garaiak omen ditugu hauek. Baina aurreak erakusten duenez atzea nola dantzatu, lepoa oker-oker jiratu dugu aurreko garaietara, bizimodu kolorge honetan heldulekuren bat emango digun esperantzan. Eta atzera begiratze horretan, hara non tokatu zaizun irudi bat, begien pare-parean: zu agertzen zaren erretratu distiratsu bat, iazko inauterietan ateratakoa. Ai, ze pozik, hain inuzente eta jostari, eta zein politak loriak zelaian, ondoren etorriko zena usaindu ere egiten ez zen garaietan, hain arduragabe eta lasai, kalean, urteroko normaltasun hori dastatzen. Orain arrotz egiten zaizu hutsik egin gabe urtero bete dituzun erritualak ere: zenbat jende, zein gertu, zein berandu… «beste garai batzuk ziren» pentsatu duzu, eta esaldia pentsatzearekin batera puska bat zaharrago sentitu zara.

Tira, pentsatu duzu zeure artean, hainbesterako ere ez dira urteko sei egun txepel horiek; ia urtebete daramazu egoera xelebre honetan, etxean gehiago kalean baino, bakarrik gehiago taldean baino, eta inauteriak beraiek izan baino, nahiago duzu dosi txikitan lehengo normaltasuna izan: kontzertu bat dela, ospakizunak direla, elkarrekin egotearen atsegina edota kalean ezagunak topatzeko esperantza… Inauteri batzuek hain marabillosoak ezin dutela izan, autoengainuaren amua bota diozu zeure buruari. Baina barne-gatazka horrek inauterien beste aldea begiratzera eraman zaitu, gustatzen zaizkizun elementuetara, alegia: jolasa, umorea, kalea, ezustea, elkarrekintza, dantza… eta bai, hara, banan bana guzti-guztiak kendu dizkigutela jabetu zara. Pandemia madarikatu duzu enegarrenez. Baina egiaz, jakin nahi nuke nik zure bizitza prepandemikoak zenbat zuen jolasetik, ezustetik edo elkarrekin egotearen plazeretik.
Aspaldi utzi genion kaleak habitatzeari, baina urtean behin, inauterietan, kaleak hartzen ditugu. Aspaldi abandonatuxea genuen jolasa, baina inauterietan jolasaz gozatzen dugu gehien. Aspaldi utzi genion ezagutzen ez dugun jendeari hitz egiteari, baina inauterietan, edonor hartuko dugu etxekotzat. Inauteriak ez ote diren gure ezintasunen isla, ondorioztatu duzu.


Eta amets egin duzu, garai lasaiagoekin, patxada apur batekin, hezetasun bero batekin; amets egin duzu berriz kalean Habanako doinuak entzungo diren egunarekin. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!