Egoerak behartuta 2020ko Gipuzkoako Lokotx Biltze Txapelketa aurten jokatu da Asteasun. Hasiera batean Zizurkilen izatekoa zen, baina eremua gorria dela eta, Orio eta Aia ere eremu gorrian sartuta daudenez, azkenean, Asteasu herriak hartu du txapelketa.
50 lokotx bildu behar izan dituzte saskira, eta azkarrena Jon Larrañaga izan da. 6 minutu eta 30 segundo behar izan ditu bere lanak bukatzeko. Bigarren postuan sailkatu da Mattin Jauregi ikaztegietarra, eta honek 6 minutu eta 58 segundo behar izan ditu. Beste ikaztegietarrak, Uxer Mozok, hirugarren postua lortu du, eta huts egite batzuk tarteko 7 minutu eta 20 segundotan gelditu du denbora. Laugarren sailkatua Xabier Melendo izan da eta honek 7 minutu eta 47 segundotan bukatu ditu bere lanak.
Ingude txapelketa bertan behera
Koronabirusa eta eremu gorriak tarteko, Ingude Altxatze Txapelketan parte hartzekoak ziren bi partaidek ezin izan dute Asteasuko frontoira gerturatu, eta beraz, bertan behera geratu da txapelketa. Hala ere, erakustaldia egin du Unai Goitia aulestiarrak. Mutrikuko taldeko kidea da, eta txapelketan parte hartzekoa zen.